argia.eus
INPRIMATU
OlatuKoopek bost urte bete dituela ospatuko du
  • Ekonomia Sozial Eraldatzailearen sareak bere bost urteak ospatzeko festa antolatu du ekainaren 14an, Donostiako Doka aretoan. Demokrazia ekonomikoan oinarritzen diren enpresa komunitarioak biltzen ditu OlatuKoopek eta “jendartea eraldatzen jarraitzeko” lanean dihardute.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 06a

Donostian ospatuko du OlatuKoopek bere bosgarren urteurrena, hain zuzen 2014an jaio zen hirian bertan. Ekainaren 14an izango da, Doka aretoan, 19:00etatik aurrera. Sarearen berri izan eta mokadu bat jateko aukera edukitzeaz gain, musika kontzertuez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea eta beren jarduera ekonomikoak “ondare komunari ekarpen bat” egiteko sortu zen, besteak beste, sarea. Geroztik etengabe hazi eta antolatzen ari da, bai barne mailan eta baita ekonomia eraldatzailea ahalik gehien zabaltzeko ere, dela ekintzailetasun sozialerako formazio proiektuen bidez nola eskualdeetako nodoak sortuz. Jadanik hainbat dozena kooperatiba eta enpresa komunitariok hartzen du parte bertan modu batean edo bestean.

 

 

Eibarko UEUren egoitzan, Markeskoa jauregian, bildu dira berrikitan OlatuKoopeko kideak (arg.: OlatuKoop)

 

 

Ekonomia Eraldatzailearen Euskal Herriko I. Topaketa

Ospakizunen egitarauari lotuta, OlatuKoopen proiektua sozializatu eta partekatzeko urtero egin ohi duen bilkuran pauso bat gehiago emango du sareak, eta Ekonomia Eraldatzailearen Euskal Herriko I. Topaketa antolatu du Hendaian ekainaren 21ean, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.

Asteazkenean aurkeztu dute topaketa, OlatuKoop, Hendaiako Herriko Etxeko enplegu zentroa, Andere Nahia elkartea eta Atelier Lan Berri kooperatibako ordezkariek. Programan, besteak beste, enplegu iraunkorra sortzeko ekonomia eraldatzailearen ekarpena aztertuko dute Gaindegiaren datuen bidez, eta mugaz gaindiko lan-mugikortasunerako zerbitzu digitala eskaintzea xede duen Translanekin proiektuaren berri ere emango dute.

 

 

Ekonomia Eraldatzailaren Euskal Herriko I. Topaketaren aurkezpena Hendaian (arg.: OlatuKoop)

 

 

Goizeko 9:30ean hasi eta eguerdira arte iraungo du lehen topaketa honek, ondorenean etxaldeko jakiekin otordua izango dute.