Olano eta Asensio, bi hilabete errausketaren kontrako medikuei erantzun gabe

  • Gipuzkoako foru arduradunekin bildu nahi dute medikuek, errauskailuaren kalteez hitz egiteko: “Ondorio larriak izan ditzakeen erabaki baten aurrean daude”.


2016ko ekainaren 9an - 17:08
Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ingurumen diputatua errauskailuari buruzko prentsaurreko batean (argazkia: Argazki Press / G.R)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Errausketaren kalteez sentsibilizatzen diharduen OEIT mediku taldeak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarekin bilera eskatu zuen duela bi hilabete, “publikoki eta pribatuki”. Denbora guztiotan baina, ez dute kargu publiko horien erantzunik jaso, prentsa ohar batean jakinarazi dutenez.

Medikuek ez dute “ulertzen” jarrera hori eta beste behin “aldebakartasunez erraustegia eraikitzeko erabakia hartu duten politikariei” biltzeko eskatu diete, azken hamar urteetako ikerketen datuak eman eta “ondorio larriak izan ditzakeen erabaki baten aurrean” daudela ohartarazteko.

Medikuntzako profesionalok “gero eta kezkatuago” daude: “Politikari batzuk edozein astakeria esateko gai direla baieztatzen ari gara, beraien argumentazioa defendatzeko inongo ikerketa sendo edo modernorik eduki gabe”.

Ikerketak ezagututa, euren ustez, mediku eta zientzialariek ez lukete “inoiz esango” erraustegiaren ondoan bizitzeak arriskurik ez duenik, “politikari batzuek hain arinki adierazten duten modura”.

Errausketaren alde hitz egingo duen medikurik ez du aurkitu SER irratiak

Hain justu ostegun goizean SER irrati katean errausketaren kontrako mediku nahiz ikerlariek eta Jose Ignacio Asensiok hitz egin dute, nork bere aldetik.

Irratiko esatariak Asensio estu hartu du: “Hitz ematen dizut, eta badakit hala iritsi zaizula gainera, ez dugula aurkitu errauskailuaren onurez hitz egin nahi duen medikurik”.

Ingurumen diputatuak denbora tarte bat behar izan du erantzuteko: “Hitz egin nahi dute; ez dakit zergatik ez den gaur inor jarri”.

Horren ondoren, errausketaren kontrako medikuak “ideologizaturik” daudela esan du politikariak, haiek emandako argudioak ezeztatzeko.


Errausketarik ez kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.