argia.eus
INPRIMATU
Okupatutako etxeak azkarrago husteko lege-erreforma onartu du Espainiako Kongresuak, eskuin unionistek eta subiranistek bat eginda
  • Prozedura Zibileko Legea aldatzea onartu du Espainiako Kongresuak. Horrela, etxe bat okupatu duten pertsonak bi urteren buruan kaleratu ordez, bi hilabeteko epean kanporatu ditzakete. Neurriak ez du arrisku egoeran dauden familientzat edo norbanakoentzat alternatibarik jasotzen; administrazioak ez die zertan beste bizitoki bat eskaini. PPren, Ciudadanosen eta EAJren botoekin atera da aurrera PDeCATek proposatutako legea. Indarrean jartzeko Senatuaren onespena behar du.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 25
Etxe kaleratzeak azkarrago egiteko aukera emango du lege erreformak.

Kongresuko eskuineko alderdiek bat egin dute okupatutako etxebizitzak ahalik eta azkarren hustea ahalbideratzen duen neurria aurrera ateratzeko. Xedea “jabetza pribatua babeste”a dela berretsi dute, eta jabeek euren etxebizitzak ahalik eta azkarren lor ditzatela bermatu nahi dute.

Aldeko 175 boto izan ditu ekimenak – PP, Ciudadanos, PDeCAT eta EAJ –, eta 161 aurka– PSOE, Unidos Podemos eta ERC–. Alderdi moreak iragarri du Auzitegi Konstituzionalean errekurrituko duela asteartean aurrera ateratako neurria, “etxebizitza eskubidearen aurka” egiten baitu.

Jabeek euren etxea ahalik eta azkarren berreskuratzeko bidetik at utzi ditu neurriak putre-funtsak, entitate finantzarioak eta promotoreak. Modu honetan, etxebizitzen “mafiak” esku har dezaten ekidin nahi dela adierazi du Lourdes Ciro PDeCATeko bozeramaileak. Oposizioak, ordea, gogor kritikatu ditu Ciroren hitzak eta neurriak bere horretan beharrak dituzten herritarrei baino, haiek aipatutako “mafiei” egiten diela mesede adierazi dute.

Lucia Martin En Comú alderdiko bozeramaileak adierazi du neurria “lotsagarria” dela eta etxebizitzaren arazoari ez diola “inondik inora” erantzunik ematen. “Arazoa handitu baino ez duzue egingo, etxeen espekulazioa bultzatzen dutenei eragin ere ez baitio egingo neurriak. Jendea etxe gabetzeko baino ez du balioko eta gainera, ahultasun egoeran dauden pertsonei ez diezue konponbiderik emango”. Rafael Mayoral Unidos Podemoseko bozeramaileak bat egin du Martinek adierazitako hitzekin eta diputatuei gogorarazi die NBEk ahultasun egoeran dauden pertsonei ostatu ematea azpimarratzen duela muturreko kasuetan; etxe-gabetzeak kasu.