Ostegun honetan aurkeztuko du ARGIAk Nagore Irazustabarrenarekin batera kaleratutako Oker habil Makiavelo liburua. Ironia eta ikuspegi kritikoa motxilan sartu eta iraganera bidaiatzen du egileak, astekariko Denboraren Makina sailean hogei urtetan jasotako historiako gertaera bitxi eta harrigarriak oinarri hartuta. Emakume aitzindariak, esklabo askeak, politikari idiotak edo monarka axolagabeak, historia ofizialak kontatu diguna auzitan jarri eta etorkizuna gure esku dagoela erakusteko intentzioz egindako lana da. Xabier Sagastaren ilustrazioek eta Itxaro Bordaren hitzaurreak jantzi dute liburua.
Historiazaleak eta aspaldiko zein gertuagoko kontuei tiraka aritzea gustuko dutenak, zorioneko dira. Duela hogei urtetik historiako pasarte eta gertaera harrigarriak estilo bereziarekin kontatu ohi ditu Nagore Irazustabarrenak ARGIAren Denboraren Makina sailean, baita berrikiago Oroimen Histerikoa podkastean ere, umorea eta zorroztasun kritikoa soinean jantzita beti. Orain, esperientzia horretatik abiatuta, liburua kaleratu du ARGIArekin: Oker habil Makiavelo. 57 bidaia iraganetik ikasteko.
Ekainaren 4an izango da aurkezpena, ostegunarekin, ARGIAren Lasarte-Oriako egoitzan 12:00etan hasita, jende guztiarentzat irekia den ekitaldian.
Historiaurreko emakume ehiztariak, Tasmaniako aborigenak, Britainia Handiko meatzariak... Historiak ikusezin egindako horiei buruzko hutsuneak modu dibulgatibo batean betetzen ahalegindu da egilea
Xabier Sagastaren ilustrazio ikusgarriez lagunduta, Euskal Herritik munduko beste puntaraino hamaika bitxikeriaren bidez bidaiatu du Irazustabarrenak, baina beti premisa batekin: “Saiatzen naiz behekoei protagonismoa ematen eta beste ikuspuntu batetik beraien lekuan jartzen”. Historiaurreko emakume ehiztariak, Tasmaniako aborigenak, Britainia Handiko meatzariak... Egileak elkarrizketa honetan azaldu duenez, historia ofizialaren kontakizunak ikusezin egindako horiei buruzko hutsuneak modu dibulgatibo batean betetzen ahalegindu da.

Libururako hitzaurrea Itxaro Borda idazleak egin du. Bere esanetan, “hausnar makina” martxan jartzea eragiten dute Irazustabarrenaren artikuluek, eta horretarako, egileak “ironia pipertsu” bat erabiltzen du.
Ez ohiko liburua argitaratu du beraz ARGIAk, historiari buruzko orain arteko kontakizunak hankaz gora jarri eta zer pentsatua ematen duena. Jadanik salgai dago ARGIAren webguneko azokan, ekainaren 10 arte eskaintza bereziekin gainera.
