Adimenaren makinan sartuta, denboran bidaiatzeko gonbita egin du Nagore Irazustabarrenak

  • Boteretsuen historia ofizialari bira eman eta gertaera eta pasarte ezezagunak dakartzan Oker habil Makiavelo liburua argitaratu du ARGIAk, Nagore Irazustabarrenaren eskutik. Lasarte-Orian egindako aurkezpenean, egileak bidaia bat proposatu du historian izan diren denboraren makinen barruan, eta ondorio batetara iritsi da: "Adimenarekin bidaiatzea geratzen zaigu".

'Oker habil Makiavelo' liburuaren egile Nagore Irazustabarrena, ARGIAren egoitzan egindako aurkezpenean. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2026ko ekainaren 4an - 18:00
Azken eguneraketa: 2026-06-05 10:27
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1985ean estreinatutako Back to the future (Etorkizunera itzulera) filmaren soinu-bandaren konpainian egin du Oker habil Makiavelo. 57 bidaia iraganetik ikasteko liburuaren eta Nagore Irazustabarrena egilearen aurkezpentxoa Urko Apaolaza kazetariak, ARGIAk Lasarte-Orian (Gipuzkoa) duen egoitzan. Musika hori aukeratu du, bat datorrelako liburuaren azalarekin –Xabier Sagastak egina– eta mamiarekin.

Denboraren makinak iragana eta etorkizuna konpontzeko balio duela erakutsi zigun Marty McFlyk aipatu pelikulan. Bostehun urte lehenago Nikolas Makiavelok uste zuen etorkizunera bidaiatzeko modurik onena iraganera jotzea zela, "gizakiek, pasio berberek bultzatuta, beti emaitza berberak lortzen dituztelako". Makiavelok argi zuen ez dugula konponbiderik. Emakume aitzindariak, esklabo askeak, asmatzaile zoroak, politikari idiotak... Liburu honek, etorkizuna aldatzea gure esku dagoela baieztatzen duten historiako pasarte harrigarriak dakartza.

57 kontakizun dira orotara, Nagore Irazustabarrenak 20 urtean ARGIAren Denboraren makina sailean publikatu dituen 900 bat artikuluetatik hautatuak. Egileak berridatzi egin ditu guztiak, gauzatxoak aldatu, "norberaren pentsaera eta ikuspegia aldatuz edo finduz doazela urteen poderioz", kontatu duenez. "Historia berridatz egin baitaiteke", esan du Apaolazak. "Eskerrak" ihardetsi Irazustabarrenak.

"Liburuarekin ikasi dut segurtasuna izaten, nire buruari aitortza egiten. Urte mordoa eman dut idazten, artikulu asko idatzi ditut, sekulako lana izan da"

Artikulu bat, bestalde, propio idatzi du egileak libururako. 57 testu horiez gain, irakurleak aurkituko ditu Itxaro Bordaren hitzaurrea, Xabier Sagastak egindako dozena bat ilustrazio, eta esaldi historiko zenbait. "Esaldi horietako baten sinadurak akats txiki bat du", azaldu du Apaolazak, artikuluen hautaketan eta liburuaren koordinazio lanetan aritu denak: "H.G. Wells idazleari izena aldatu diogu aipu batean, G.H. Wells idatzi dugu. Akats txiki baina sinbolikoa da, izenari buelta eman diogu, Nagorek liburuan egin duen bezalaxe: historiari buelta eman dio, halako ironia pipertsu bat sortuta hitz bakoitzaren mamian, Itxaro Bordak hitzaurrean dioen moduan".

Erlijio fikzioaren aurrean, zientzia fikzioa

"Zientziaren arabera, ezinezkoa da denboran bidaiatzea", azaldu du Irazustabarrenak. Aldiz, oroimenarekin bidaia dezakegu, edo mitologiaren bitartez. Erlijioek, kristautasunak, judaismoak edo islamak, istorio oso antzekoak dauzkate denboran zeharreko bidaietan, egilearen hitzetan. Adibide bezala jarri du Leireko monasterioko (Nafarroa) abade Birilaren kasua. 950. urte inguruan hil zen, 80 bat urte zituela. Edo horixe dio behintzat bere biografiak; kondaira aintzat hartuta, ordea, XIII. mendean itzuli zen monasteriora.

Urko Apaolaza ARGIAko kazetaria, liburuaren nondik norakoak azaltzen. DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

Mitologiaren lekukoa zientzia fikzioak hartu zuen, nagusiki, H.G. Wells idazle ingelesaren eskutik, zeinak 1895ean The Time Machine nobela distopiko postapokaliptikoa argitaratu zuen. "Wellsek ez zuen liburuan bere gailu mekanikoa deskribatu, Jules Vernek-eta ez bezala", kontatu du Irazustabarrenak. "Makinaren irudia, itxura street punk edo industrialekoa, pelikuletatik heldu zaigu".

Pelikulez mintzo, Back to the Future-k bere gaztaroa markatu zuela esan du Oker habil Makiavelo liburuaren egileak, bera identifikatuago sentitzen dela Marty McFly protagonistarekin abade Birilarekin baino, eta Xabier Sagasta ilustratzaileak bete-betean asmatu duela azalarekin.

"Erlijio fikzioa aipatu dugu, baita zientzia fikzioa ere; zer geratzen zaigu, denboran bidaiatzeko?", galdetu dio Apaolazak, eta Irazustabarrenak erantzun: "Adimena, gizarte zientziak eta, batez ere, historia".

Liburua jadanik salgai dago ARGIAren webgunean eta, larunbatean, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan ere izango da eskuragai, egilea bertan dela. 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...