Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak Espainiako Gobernua zigortu du Oihan Ataunen eta Beatriz Etxebarriaren tortura salaketak ez ikertzeagatik. Kalte ordainetan 24.000 eta 29.000 euro eman dizkiete hurrenez hurren. Elkarrizketa egin diote Ohian Atauni Info 7 irratian.
Ataun epaiarekin “pozik” badago ere, zapore “gazi-gozoa” geratu zaio, “epaitu dena tortura ez ikertzea izan da eta ez tortura bera”, esan du. Gogoratu du, ez dela bere kasua bakarrik, “pertsona asko daude Euskal Herrian azken 50 urteetan torturatuak izan direnak”.
“Horrelako epaiak ez dira arazoaren sakonera iristen eta hori oso larria da. Bide asko daukagu oraindik egiteko”, gaineratu du Ataunek.
Bazuen esperantza epaia “aldekoa” izateko, baina ez zegoen erabat ziur. “Banekien kontrakoa ere izan zitekeela, badakigu nola jokatzen duen horrelako egoeretan Estatu Espainolak”.
Tortura, "erreminta politikoa"
“Tortura erreminta politiko gisa erabili izan da Euskal Herrian”, adierazi du Ataunek Info7n. Eta Estrasburgotik berri ona iritsi bazaio ere, “benetako egia” Euskal Herrian eraiki behar dela uste du.
Gazte auziperatuak gogoan
Madrilen epaituak izaten ari diren 28 gazteak gogoratu ditu: “Orain ere ikusten ditugu 28 gazteen aurkako epaiketak, eta hor daude torturatu zituzten berberen aurrean, lotsagarria da”.
Dena den, esperantzatsu dago Ataun, “bidea luzea da, baina iluntasunetik irten behar dugu”. Dioenez, Espainiako Estatuak “etsipena” sortu nahi du euskal gizartean: “Torturaren aurka borrokatzea alferrikakoa dela pentsarazi nahi digu”.