Gauza jakina zen 2022ko apirilean Ukrainak uko egin ziola bake ituna sinatzeari Errusiarekin. Putinek Afrikako delegazioaren aurrean erakutsi zuen Istanbulen proposatutako bake hitzarmena, 18 artikuluz osatua. Gudak jarraitu du, eta orain Mendebaldeko herrialdeak Ukrainari presio egiten ari dira bakea sina dezan Errusiarekin, artikulu honetan jorratu genuenez.
Aurretik ere bateko eta besteko diplomatikoek adierazia zuten publikoki Mendebaldeak presio egin ziola Ukrainari itun hura sina ez zezan. Berrikuntza zera da, azaro amaiera honetan Ukrainako ofizialak ere hasi direla bake negoziazio haietan zer gertatu zen publikoki kontatzen.
David Arakhamia Ukrainako delegazioko buru izan zen Bielorrusian eta Turkian egindako bake elkarrizketetan, eta Ukrainako 1+1 telebista katean elkarrizketatu dute. Zelenskyren alderdiko legebiltzarreko burua da egun. Berak dio Errusiak guda amaitzea proposatu zuela Ukrainak neutraltasuna mantentzen bazuen, eta hori zela negoziazioetako puntu nagusia.
Ondorengoa dio, hitzez hitz:
“Errusiak azken momentura arte espero zuen lortuko zuela guk neutraltasuna onartuko genuen dokumentua adostea. Hori zen beretzat punturik garrantzitsuena. Guda amaitzeko prest zeuden hori onartzen bagenuen –bere garaian Finlandiak egin zuen bezala–, neutraltasuna, eta gure konpromisoa ez ginela NATOn sartuko. Hori zen puntu garrantzitsuena. Gainontzeko guztia erretorika hutsa zen desnazifikazioaz, errusiar hiztunez...”.
Kazetariak galdetzen dio ea Ukrainak zergatik ez zuen onartu puntu hori. Hemen bere erantzuna:
“Lehenik eta behin, Konstituzioa aldatu beharko genukeen, NATOn sartu nahi dugula bertan jasoa baitago. Bigarrenik, ez ginen errusiarrez fio. Hori bakarrik egin ahal izango genukeen segurtasun berme batzuekin. Ezin genuen zerbait sinatu, hortik atera, denak erlaxatu, eta beraiek [gu inbaditu] oraindik eta prestatuago (...) . Azkenik, Istanbuletik itzuli ginenean, Boris Johnson etorri zen Kievera eta esan zigun: ez dugu ezer sinatuko haiekin, egin dezagun gerra”.
Honek agerian uzten du berriro ere Mendebaldeko herrialdeek guda honetan izan duten ardura. Ehunka milaka ukrainar hil ditu Errusiak frontean, AEBek eta Europar Batasunak Errusia “ahuldu” nahi zutelako, AEBetako Defentsa idazkariak 2022ko apirilean esan zuen moduan. Orain, 20 hilabete geroago, Mendebaldea presio egiten ari zaio Ukrainari onar dezan lehen ez sinatzea gomendatu zion hitzarmena, ezin dutelako irabaziko ez duten guda bat denboran luze mantendu.