Odon Elorza: "Donostiako metro koadroaren prezioak lotsa ematen dit"

  • Tabakalerari buruzko hitz ederrak eskaini zizkigun eta egun gutxira lehertu zen albistea.

    Bere garaian Patxi Lopezek botere aldaketa sanoa zela zioen, baina zuk hemeretzi urte daramatzazu!

    Hemen banago zintzoa izan naizelako eta hiritarrek bozkatu nautelako da. Pentsa, hain nago nire lanaz maiteminduta hiriarekin batera hazi eta heldu naizela.

    Zure alderdiarekin ados ez zaudenean ozen adieraztea da zintzotasuna?

    Zer defendatu behar dut lehenik, nire alderdiaren nahia ala nire hiriaren interesa? Alderdiko buruzagiek ez dute agian hala usteko, baina ezkerreko alderdi batek ez du irekia izan behar?

    Zu bai irekia, PPtik Aralarrera doazen alderdi guztiekin paktatzeko...

    Hiriak egonkortasuna eta gobernagarritasuna behar ditu. Bere garaian EAJk paktatu nahi izan ez zuelako itxi nuen tratua PPrekin, baita legegintzaldia bukatu aurretik gobernutik kanporatu ere. Beti saiatu naiz gobernu aurrerakoiak egiten hiri honen hautesleria fragmentatua ahal bezainbat integratuz.


2010ko ekainaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Odon Elorza Donostiako alkatea

Inozoa ni, PP-PSE gobernu itunaren aitzindaritzat zintudan.

Euskadirentzat PSEk eta EAJk osatutako Jaurlaritza litzateke desiragarri eta egokiena, baina zirkunstantziek eta alde bien borondate politikoek ez zuten posible egin. PPren babesa onartu zuenak gure estrategia eta politikak zenbat baldintzatzen zituen pentsatu zuela espero dut.

Ez zara kexatuko, Donostian metroa egingo dizute!

Bilbo metroa garatu eta garatu ari bada euskal herritar guztion diruarekin, zergatik eskandalizatzen da jendea Donostian topoa berritu eta metro bihurtu nahi dugula entzutean?

Donostiako metro koadroa estatuko garestienetakoa delako, agian?

Donostiako metro koadroaren prezioak lotsa ematen dit. Babes ofizialeko etxeak bultzatu eta bultzatu ari gara, baina arazoa objektiboa da eta ez dauka konponbide errazik.

Errauskailua Zubietan egiteko ordea, arazorik ez, ezta?

Gipuzkoako udalerri gehienen babesarekin Foru Aldundiak hartutako erabakia da. Bere garaian gogor borrokatu genuen bai errauskailuaren, bai errauskailuaren kokapenaren aurka, baina...

2016ko Kulturaren Hiriburu izendatzen ez bazaituztete Errauskailuen Hiriburu izateko hautagaitza aurkeztu dezakezue.

Kontsumo pasiborako izan beharrean, kultura parte-hartzaile eta sortzailea bultzatu nahi dugu. Artistek izan dezatela hitza euren arloko politikak diseinatzerakoan.

Noiztik behar da titulu bat hori egiteko?!

Ez da behar baina tituluak abantailak baizik ez ditu. Hala ere, garbi gera dadila, hautatuak izan ala ez, gure kultur politika eraldatuko dugu!

Garbi ez dagoena da alkate izaten jubilatuko zaren…

Ez esan berriz hautatuko nauten beldurrez nik nire kabuz alde egiteko desiratzen dauden horietakoa zarela!


Azkenak
2024-05-20 | ARGIA
"Geldi euskara zapaltzea" margoketagatik, pertsona bat auziperatuko du Frantziako Poliziak

Herribiltza taldeak joan den ostiralerako egindako deialdian, Baionako suprefeturaren hormetan egin zuten tindaketa bost lagunek. Horien artean zegoen Gorka Torre; bera atxikita eduki du poliziak 24 orduz, eta irailean epaituko dute.


Surf parkerik ez dute eraikiko Donostiako Antondegin, udal gobernuak atzera egin du

Donostiako Udalak El Diario Vascori filtratu dionez, ez dute olatu artifizialen surf parkerik eraikiko Martutene eta Txomiñenea auzoen artean dagoen Antondegi mendian. Albisteak sorpresa eta poza eragin du mugimendu ekologistan, izan ere, orain arte EAJ eta PSE-EE sendo... [+]


2024-05-20 | ARGIA
Nafarren %26ak euskararen ezagutza mailaren bat dauka

Nastat-ek, Nafarroako Estatistika Institutuak, 2022an egindako ikerketa lanaren emaitzak argitaratu ditu. Euskaldunen proportzioa %15,1ekoa da, euskaldun hartzaileena %11,6koa eta ez-euskaldunena % 73,3koa. Hogei udalerritan euskaldunen proportzioa %80tik gorakoa da.


Eguneraketa berriak daude