argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Öcalan gabe ez dago konponbiderik Turkiaren eta PKKren artean
  • Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu egoeran eduki du Turkiak, eta bitartean, gerra odoltsua egin du PKKren aurka.

Justus Johannsen 2024ko urriaren 31
Protesta ugari egin dituzte kurduek Turkiaren aire erasoak salatzeko. Rojava Information Center

Ilobak jakinarazi zuen Abdullah Öcalan osasuntsu zegoela, denei goraintziak eman zizkiela eta mezu hau helarazi zuela: "Isolamenduak jarraitzen du. Baldintzak egokiak badira, ahalmen teoriko eta praktikoa dut prozesu hau gatazka eta indarkeriaren eremutik eremu juridiko-politikora eramateko".

Urrian albiste izan da Turkiako MHP alderdiko buruzagi ultranazionalistak, Devlet Bahçeli-k, DEM ezkerreko alderdiari eskua eman diola. Bahçelik DEMeko kideei bostekoa ematea erabaki izanak nahasmena sortu du, eta ez soilik turkiarren artean. Izan ere, DEM alderdiak Öcalanek inspiratutako programa politikoa du, oinarri dituena gutxiengoen autodeterminazioa, emakumeen emantzipazioa eta Turkiaren demokratizazioa; eta Bahçeli ozen aritu da haren debekua eskatzen oraintsu arte.

Susmo handiak piztu zituen Erdogan presidenteak Bahçeliren bosteko sinbolikoa babestu izanak. "Gure herrialdean bakea sortzea garrantzitsua da, Ekialde Hurbilean gatazkak areagotzen ari diren garaian", baieztatu zuen Erdoganek. Adierazpen horrek argi erakusten ditu bi gauza. Batetik, Turkia ondorengoak kezkatzen duela: Israel, AEBek babestuta, Iranen ordezkariak erasotzen ari da, eta Turkia arduratuta dago horrek sortutako iskanbilak ea ez ote dien kurduei abagunea eskainiko, Sirian eta Iranen irabazi politikoak lortzeko. Bestetik, erakusten du Turkiak kurduen hautesbarruti handiaren babesa eskuratu behar duela, proposatutako aldaketa konstituzionaletarako, eta gainera, porrot egin duela desio zuen irtenbide militarra lortzen.

Badirudi Turkiak kurduen auzia gogoratzen duela arriskuan dagoenean bakarrik edo aukera berriak ikusten dituenean. Hain zuzen, zenbait analistak uste du Bahçeliren bostekoak adierazten duela PKKren eta Turkiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketak hasi direla.

Zenbait analistak uste du Bahçeliren bostekoak adierazten duela PKKren eta Turkiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketak hasi direla.

Turkiako Gobernuaren hizkuntzak beste zerbait kontatzen du. Bahçeli ziur mintzatu zen DEM alderdiari eskatu zionean "bere onera itzultzeko" eta "terrorismoa desagerrarazteko". Argi utzi zuen ez duela aurreikusten kurduen auziari irtenbidea ematea "erakunde terroristekin" negoziatu behar bada. Ziurtatu zuen PKK-ko borrokalariek "menditik jaitsi eta errenditu" besterik ezin dutela egin. Are, Öcalani eskatu zion PKK "alde bakarrez desegiteko".

PKK-k atzera egin du urruneko eskualde menditsuetara, batez ere Irakeko Kurdistanera. Han Turkiako indarrek jazarri dute hainbat operazio militarretan, eta biktima asko eragin dituzte eta zibil kurduak hil eta desplazatu. Hala ere, operazio horiek ez dute lortu taldearen antolakuntza- edo operazio-gaitasuna desegitea.

Drone militarren ekoizleari erasoa PKK-k

Turkiako Industria Aeroespazialaren Ankarako egoitzan leherketa eta tiroketa izan ziren urriaren 23an, eta albisteak herrialdea astindu zuen. Gizon batek eta emakume batek egindako erasoan, bi horiek hiltzeaz gain, beste bost pertsona hil eta 22 zauritu ziren. Turkiako Gobernuak berehala bota zion errua PKKri, eta haren gerrillek, Herri Defentsa Indarrek (HPG), bi egun geroago jakinarazi zuten ekintzaren erantzule zirela. Hala ere, HPGk adierazi zuen erasoa aspaldi aurreikusita zegoela eta ez zuela loturarik Turkiako azken gertakizun politikoekin.

Azpian PKK-ren bideo propagandistikoa, Gerila TV telegram kanalaren bidez zabaldua, ekintza bere gain hartzen eta hau burutu zuten bi ekintzaileak zein izan ziren azaltzen, beren bideoekin.

HPGk argi utzi du haien jomuga zela Turkiako Industria Aeroespaziala, drone militarren ekoizle entzutetsua. Kontrastea handia da, turkiarren errepresalia Siria iparraldeko eta ekialdeko zibilen aurka izan baita. Turkiak areagotu egin ditu aire erasoak Siria iparraldeko eta ekialdeko eskualde kurduetako (DAANES) funtsezko hiriguneetan eta Sinjar-en, Irak iparraldean. Aire-eraso horiek azpiegitura kritikoak izan dituzte jomugan, besteak beste, zentral elektrikoak, petrolio-eremuak eta elikagaiak biltegiratzeko instalazioak. Siria ipar-ekialdean, 1.031 erasok dozenaka mila zibil utzi dituzte argindarrik, erregairik eta oinarrizko zerbitzurik gabe, eta jada zailtasunei aurre egiten ari ziren milioika pertsona gehiago hurbildu dituzte giza hondamendira. Administrazio autonomikoaren Siriako Indar Demokratikoek (SDF) gerra krimenak egin izana leporatu diote Turkiari, eta, aldi berean, elkarrizketarako prest azaldu dira.

Konponbiderako, Öcalan negoziatzaile?

Komunitate Kurduen Batasunak (KCK), PKK kide duen erakundeak, Turkiaren zintzotasunari buruzko kezkak partekatu ditu, 2013 eta 2015 arteko negoziazio-prozesuan izandako esperientzietan oinarrituta. Hala ere, gogorarazi dute elkarrizketaren bidez konponbide demokratikoa bilatzen dutela, eta azpimarratu dute kurduen auziaren konponbidea eta Turkiaren demokratizazioa elkarri lotuta daudela eta Öcalan dela horren hizketakidea eta negoziatzailea. Dena den, nabarmendu dutenez, "ezin da aurrerapausoez hitz egin Abdullah Öcalanen isolamendua erabat baztertu eta haren osasuna, segurtasuna eta lan-baldintzak bermatu arte".

Öcalanek kartzelatik ziurtatu du prozesua indarkeria eremutik eremu politikora eramateko prest dagoela.

Zalantzarik gabe, azken gertaerek itxaropen giroa sortu dute, bederatzi urtez Turkiak kurduen aurka errepresio odoltsua erabili ostean. Oraindik ez dago argi nora bideratuko den prozesu hau, baina gauza bat argi dago: bakea lortzeko unea heldua da. Orain Turkiako Gobernuari dagokio kurduen auziari irtenbide politiko eta bidezkoa emateko borondatea erakustea. Bitartean, espero da kurduek eta haien aldeko nazioarteko kideek are ozenago eskatuko dutela Öcalan askatzea eta kurduen auziari irtenbide politikoa ematea.

*Justus Johannsen, kazetaria, Ekialde Hurbilean aditua da