argia.eus
INPRIMATU
Japoniak martxan daukan azken zentral nuklearra itzaliko du bihar
  • Larunbatean martxan dagoen azken zentral nuklearra itzaliko dute Japonian. Dena den, Tokioko administrazioa gogor saiatu da dagoeneko itzalita dauden zenbait zentral berriz martxan jartzen, baina iazko Fukushimako istripu nuklearraren ostean, herritarren artean aurkako jarrera gogorrarekin egin dute topo.

2012ko maiatzaren 04a
Nuklearren aurkako manifestaldia Japonian Greenpeace

Hokkaiko energia konpainiak Tomari plantako 3. erreaktorea itzaltzen duenean bihar, munduko hirugarren ekonomiak zentral nuklear bakar bat ere gabe geratuko da lehen aldiz 40 urtetan.

Azken urtean Japonian itxi diren 54 erreaktoreak herrialdeak bizi duen energia politika aldaketa dramatikoaren isla dira, eta nuklearren aurkako mugimenduak herrialde osoan zehar ospakizunak prestatzen ari diren bitartean, nuklearren aldekoak herrialdeak biziko dituen "egoera larrien" berri zabaltzen ari dira.

New York Times-ek Japoniako liderren beldurrak nuklearren itzalaldia hurbiltzen doan heinean artikuluan dioenez, herritarrek desafio egin diote Tokioko botere zentralari, eta azken honek men egin behar izan du.

Energia nuklearrari uko egiteak ekonomiaren atzeraldia oraindik gehiago areagotuko duela eta enpresa asko atzerrira joango direla argudiatzen dute hauek piztuta mantendu nahi dituztenek. Erreaktore guztiak itzaltzea "suizidio kolektibo baten antzekoa litzateke", esan zuen Yoshito Sengoku Alderdi Demokratako buruzagietako batek orain gutxi zenbait egunkarik jaso dutenez.

Azken asteotan enfrentamenduak izan dira lider nazional eta lokalen artean, Gobernuak Ohiko planta berriz martxan jarri nahi izan baitu  Osaka ondoan, beste zenbaiten artean. Hala ere, Gobernu zentralak ezusteko arerioa topatu du: 42 urteko Osaka hiriko alkate Toru Hashimoto. Alkateak zentral honen berrirekieraren aurkako jarrera tinkoa hartu du eta nuklearren aurkako mugimenduko liderretako bat bilakatu da herrialdean gauetik goizera.

Hashimotok behin eta berriz salatu du Tokioko gobernuak industria nuklearraren interesak defendatu nahi dituela herritarren segurtasunaren aurretik, eta azken inkesten arabera, japoniarren artean baloraziorik onena duen politikaria da egun.

New York Timeseko kazetariaren ustez, Hashimoto alkateak Ohiko plantaren irekiera geratzea lortu izana Fukushimako desastrearen ondoren gobernuak duen sinesgarritasun faltaren seinale da. Orain arte Japonian Tokiotik zetozen aginduak bere horretan onartu izan dituzte, baina Hashimotok beste zenbait alkaterentzat bidea ireki du, gobernua berriz saiatuko baita zenbait zentral berrirekitzen.

Gauzak horrela, Fukushimako istripuaren ondorenean agindutakoa beteko dute bihar, eta azken erreaktorea itzaliko du energia nuklearraren bultzatzailerik handienetakoa izan den herrialdeak.