Kalez jantzitako polizia batek pistolaz mehatxatu zuen Gasteizen herritar bat, Errekaleorren borraz buruak zabaltzen aritu dira, Gazatik zetozen sei ekintzaile, Israelgo soldaduek torturatu ondoren, Loiuko aireportuan kolpatuak. Bortizkeriaren inpunitatea astebetean.
Ez da berria. 44 urte daramate horrela. Eusko Jaurlaritzak balidatutako 336 tortura salaketa, 1992tik zero zigor. Rosa Zarraren erailketa 30 urtez ukatu, azkenean aitortu, inor zigortu gabe, eta gainera ESAN sindikatu poliziala oroigarria kentzeko eskatzen. Iñigo Cabacas erail zuen ertzaina inoiz ez da identifikatuko. Eta Kontxi, Remi, Arkaitz, Ina Zeberio hamahiru bala zuloz eraila, Juan Calvo, Arkautin torturapean eraila…
Azken garaian, Xuhar Pazos, 16 urteko adingabeari, begi bat kendu zioten, kasua artxibatu egin zuten biktimak deklaratu aurretik. Etxarri gaztetxearen desalojoan herritar batek barrabil bat galdu zuen, ertzainen biolentziaren ondorioz. Bilbon Ernairen aurka oldartu, hainbat zauritu eta zauritutakok isundu. Amaya Zabarte Anoetan lurrera erori zen karga batean. Lurrean zegoela, konorterik gabe, Ertzaintzako agente baten ostikoa jaso zuen. Biktimari bizitza osorako arrastoak geratu zaizkio. Kasua artxibatu zuten. Eta faxistak Euskal Herrira datozen bakoitzean kolpatuak amaitzen dutenak beti, beti dira ezkerrekoak, antifaxistak, independentistak, autoritarismoaren aurka altxatzen direnak izan Sestaon, Atxurin, Gasteizen, Gernikan, lekuak aldatzen dira, baina jomugan dituztenak beti alde batekoak.
Patroia behin eta berriz errepikatzen da, berdin da sailburua nor den, izan Atutxa, Ares edo Zupiria, inork ez du erantzukizunik hartzen, biktimak erruduntzat hartzen dituzte, ERNE, ESAN SIPE, sindikatu polizialek presioa egin eta korporatibismo hutsez ertzainak beti babesten dituzte. Epaileek kasuak artxibatzen bukatzen dute. Kritika minimo bat egiten duena kriminalizatu eta inpunitatea borobiltzeko komunikabide batzuen kolaborazioa. Ondo ikasitako doktrina. Azken uda garaietan, gainera, batek daki nork egindako pintadak agertzen ari dira, biktimismoa beste garai batzuetako esaldiz loratuz.
ETA 2018an desagertu zen, baina “terrorismoaren aurkako borroka”-rako aitzakia eta joera errepresiboa ez. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aurrekontua (%94 inguru Ertzaintzara bideratzen dena zuzenean) 190 milioi euro inguru handitu da 2018tik (660 milioi euro inguru izatetik 850 milioi euro izatera igaro da 2026an), hau da, %28tik gorako igoera.
Urduritasuna agerikoa da eta behartuak sentitzen ari dira azalpenak ematera. 2021ean Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzorde bat sortu zuten: EAJko juristak, esperientziadun ertzainak, Zuzenbidean doktoreak, Udaltzaingotik jubilatuak… Poliziak Giza Eskubideak betetzen dituela begiztatzeko. Kontsultiboa da eta gomendioak emateko dago. 2025ean Juan Luis Ibarra, Batzordeko lehen lehendakaria, dimisiora behartua izan zen informazioa jasotzeko “trabak jasangaitzak zirelako” eta 2023-2024ko txostenean ofizialki salatu zuen Ertzaintza dokumentazioa atzeratzen aritu zela hamabi hilabetez. Herritarrari legeak ez dio batzordera zuzenean jotzeko aukerarik ematen eta bost urtetan txosten bakarra atera du. Ertzaintzak, bere barne araudian, sindikatuen korporatibismoan eta informazioaren opakotasunaren inpunitatearen kontrola izaten jarraitzen badu, nork kontrolatzen ditu?
Borondate politiko kontua da, nahi izanez gero, badago nondik ikasi. Irlandan 2005ean jarri zuten martxan Fiosrú bulegoak herritarren kexak ikertzen ditu instituzio polizialaren kanpotik, ikertzaileekin, herritarrak zuzenean jo dezakeelarik. Policing and Community Safety Authorityk gainbegiratu egiten du, ez gomendioak eman bakarrik, prozesu osoaren jarraipena egiten du. Baimen beharrik ez dute dokumentazio arrunta lortzeko eta ez dago gobernuko aurrekontuei baldintzatua. Kontuak parlamentuaren aurrean zuzenean eman behar ditu ez dago Barne Sailari lotua. Londreseko poliziak dituen gardentasun neurriak, Lisboako gertuko udaltzainak, Suediako Gobernuak sustatutako bulegoa… Gasteizko Parlamentuak Batzordea izan badu, baina paperean. Errealitatean, Ertzaintzak berak ito du bost urteren buruan, barnean duen kaka alfonbra azpian gordetzeko inpunitatea duelako.
Hori dena ez da kudeaketa arazo soil bat. Ez da konpontzen sektore herritarren aurka beti oldartuz, ez da gorrotoa, beldurra eta segurtasun faltaren karta sustatuz konponduko. Erantzukizun politiko handiko arazoa da. Segurtasun Sailean arazoak areagotzen joan dira urteekin, opakotasuna Barne Sailean goitik beherakoa da; 2025eko Miren Dobaran Arkautiko zuzendariak dimisioa eman zuen bere laguntzailearekin batera. Zupiriak ere bi aukera ditu: Ertzaintza kontrolpean jartzeko benetako neurriak hartu, hamarkadetako zigorgabetasuna amaitzeko ausardiaz jokatu eta batzorde independente bat eratzeko bideak jarri, edo zuzenean dimisioa eman. Erakunde poliziala kontrolatzeko gai ez den gobernu bat gehiegikeria horien guztien konplize da? Inpunitatea ez da deskuiduz sortzen eta Jaurlaritza honek ezin baditu lotu, hobe da alde batera egitea.
Ertzaintzan ez da inoiz depurazio instituzionalik egon, Barne Arazoetarako Unitateak aldizka ikertzen ditu banakako agenteen jokabide irregularrak. Azken urteotan hainbat diziplina-espediente ireki dira eta horietako batzuek zehapenak edo eteteak eragin dituzte eta kea besterik ez da. Egia osoa, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea. Lau baldintza horiek betetzen diren arte, Ertzaintzak ez du demokratikoa izaterik, eta hori baimentzen duten arduradun politikoek ere ez.
Julen Orbea Bereikua
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.