Ipar Euskal Herriko egunkariak ez hainbeste, azkenaldiko istiluei kasu egin beharrean, galipotaren pare Lapurdiko eta Landetako kostaldera heltzekoak ziren hamabost tona kokainari begira egon baitira. Baina Hego Euskal Herriko egunkaririk salduenak bai, “larunbatekoari” begira egon dira azken egunetan, “gerta zitekeen triskantzari” aurre hartuta, komertzio ugarik erakusleihoak blindatu baitzituzten. Dendariek bazuten horretarako motiborik, egia da, ezin uka. Uka ezin daitekeen bezala beldurrari so bizi den gizartea dugula, eta beldurrak jendea mugitzen duela, onerako eta txarrerako, izuaren gainetik ez baita deus.
Astebete ere ez da igaro Blocus delakoari izena jarri genionetik, hain zuzen ere Vito Quiles probokatzailea Bilbora heldu eta istiluak gertatu zirenetik. Faxista espainiarraren etorrerari mugimendu antifaxistak egin zion aurre, era baketsuan egin ere, liskarrik eragin gabe, elkar hartuta gainera ezker abertzalearen bueltako gazteak eta Mugimendu Sozialistakoak –soilik faxisten etorrerek eragiten dute batasun hori–; baina gauean istiluak izan ziren, eta egun aldrebes samarra izan zen biharamuna, eskuineko prentsa lotsagalduak ezkertiar antifaxistei egotzi baitzien ardura eta errua. EAJk jokaldia ikusi zuen, eta zera adierazi: “Antifaxismoak kaleak suntsitu behar al ditu?”.
Ordu gutxiren buruan aldatu zen joko-zelaia, oso nabarmena zelako antifaxistak ez zirela komertzioetako sakeo zentzugabeen arduradun izan, nahiz nabarmena izateak ez duen beti iritzi publikoan eragiten. Baina oraingoan, bai. Bazegoen erruduna.
Kaleak txikitzeko deialdiak Blocus deituriko ustezko talde batek egiten ditu –“ustezko” deitu behar zaio aurpegirik eman ez, irakurketa politikorik egin ez, eta adimen artifizialaz baino elikatzen ez den Instagrameko kontu bati, hezur-haragizkoa izateko itxura izan arte behintzat–. Europako fenomenoa dela dirudi, liskar gogoa duten gazte ganberro edo oiesak mugiarazteko gai dena. Beharbada usteko dute botereari partidua lehiatzen ari zaizkiela, baina hemen gola eskuinak eta eskuin muturrak sartu dute. Eta hasteko, Poliziak: 20 urteko gazte bat atxilotu dute Bilbon, eta beste sei Espainiako Estatuan, denak ere Blocusen arduradunak direlakoan eta astebururako bandalismoa prestatzen ari zirelakoan.
Diskurtsoa azkar biratu da. Bilboko kaleak erre zituztenak antifaxistak izatetik, eskuineko prentsak dio “jatorri pakistandarreko” Valentziako gazte bat dela Espainiako Blocusen burua. Alegia, gazte etorkinak direla arduragabeak, biolentoak, bizikidetza urratzen dutenak.
Gure gazteak baldin badira Vito Quilesi aurre egitera doazenak, gazte antifaxistak, gure gazteak dira baita ere Blocusen deialdietara joaten direnak. Benetako erronka hemen dago: gure gazteek ez diezaiotela faxismoari lurra erein.