Ortiga
Non: Tabakaleran, Donostian.
Noiz: martxoaren 14an.
---------------------------------------
Euskal Herriaren bazter batetik bestera kotxez bidaiatzeko egunik onena aukeratu dugu: petrolioak goia jo behar, euria goian-behean eta urez lepo bazterrak. Udaberria dator bai, baina negua da oraindik. Donostiako Pasealeku Berrian itsasoaren haserreak jendea nola bustitzen duen ikusi eta Alde Zaharrean frantsesez hitz egiten duten mozkorren artean kafesnea edan ondoren, aterki azpian egin dugu kontzerturainokoa.
Hasieran jende gutxi bilduko ginela zirudien arren, itxura polita hartu du areto kuki honek latin boy galiziarra agertoki gainean azaldu denerako. Realeko kamiseta soinean, gutako bakoitzari abesti bana eskainiko digula esanez hasi du kontzertua. Jaigiroa sortzea eta ikusleekiko hartu-eman hori emankizunaren parte da eta, bat-batean, martxoan Tabakalerako areto batean egon ordez, uztailean A Coruñako herri galduren bateko festetan gaudela dirudi.
Berbenaren kulturari asko zor baitio Ortigak. Pentsa, disko honen aurkezpen kontzertuetarako, taldea handitu egin du. Baseak zuzenean igortzen ditu berak bere mahaitik, baina abestiei gorputza gehitzeko, saxo baxua eta altua, tronboia eta tronpeta bana gehitu ditu. Denak ere berak hainbeste miresten duen Los Satelites taldeko musikariak. Horrez gain, Xavi Cea ere batu zaio, koroetan. Aldaketa handia da, baina argi dauka hori izango dela proiektuaren norabidea: merenge talde handi bat osatzea.
Kontzertua ere in crescendo bat da. Oro har, erritmo latinoak dira nagusi, eta hasieratik bertatik lortu du seikoteak bertaratuen gerriak mugimenduan jartzea. Batxata orain, merengea gero, cumbia apur bat ondotik. Tartean, errepika bat, kantu bakoitzaren amaieran denok abesteko egina: Nor da erruduna? Ortiga!
Kontzertu amaierara iristen ari gara, eta Chicho oholtzatik jende artera jaitsi da. Boyanka Kostova bere beste taldearekin egin ohi duten gisan, pogo batentzat lekua egiteko eskatu du. Bertsioen ordua da, Rodrigo Cuevas lehenik, eta Boyanka Kostova bera, ondoren. Salsak eta batxatak pauso txiki eta gerri arinez dantzatzen ari ziren horiek halako nahas-mahas erdi bortitz baina irribarretsu batean elkartu dira, eta grabitateak izerdia garaitu eta eztarriak berriz bustitzen uzteko denborarik utzi gabe, azken cumbia batek itxi du kontzertua.
Ez naiz halako lekuetako kontzertuen oso zale: soinua oso ona izan arren, sarrerak oso garestiak izaten dira eta giroa ere asko aldatzen da; artifizialegia egiten zait, nolabait. Gaur, ostera, arratsaldea alaitu dit, ziurrenik ez delako izan halako leku batean esperoko nukeen kontzertu mota. Noren errua ote?