Nora zoaz oporretan?

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko martxoaren 30ean - 11:00
Azken eguneraketa: 2026-04-01 10:05
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kezka sumatu dut Bilboko aireportuan astelehenetik aurrera abian diren greba deialdien inguruan. Ulergarriki, jakina. Greba horrek kolpatuko baninduke, eta opor sasoia (batik bat opor plangintza, eta bereziki poltsikoa) moldaraziko balidake, ni ere urduri nengoke. Gauza bertsua sumatu nuen duela hilabete, Ekialde Hurbila misil-truke handi batean murgildu zenean. Hegaldi asko bertan behera geratu ziren orduan ere; Irandik gertu samar zebiltzanak benetan larritu ziren, zenbait estatu artifizial eta itxuraz liluragarri eta idiliko horiek sagutegi bihurtu zirelako; eta munduko bolan are ekialderago zeudenak, Thailandian-eta, itzulerarako hegazkin-aldaketarik gabe gelditu ziren derrepentean. Azken horiek erraz lortu zuten aberriratzea, ehunka euro gehiago pagatu eta hegazkin zuzen bateko tiketak poltsikoratuta.

Niri ere galdetu didate nora joango naizen oporretan datozen egun hauetan. Eta nik ere galdetu dut.

Ziurtzat jotzen dugu hiru, bost, zazpi edo hamabost eguneko opor ordainduak dituen laguna norabait joango dela oporretan. Kanariar irletara eguzki bila. Pirinioetara mendi planera. Londresera gidaliburu guztietan agertzen diren bost leku konkretuak bisitatzera. Amsterdamera bizikletekin itzuli bat eman eta tulipanak ikustera. Erromara free tour batean sartu eta bisita klasiko bat egitera.

Beharbada adibide tipikoegiak dira horiek, honezkero iraungiak. Orain Instagrameko modak ez dakit zer agintzen duen. Sareko algoritmoak esaten dit Maroko, Egipto, Vietnam eta Hegoafrika direla aldi honetako “helmuga exotikoak”.

Analisi hau publikatu den astekari berean doaz turismoari buruzko gogoeta sakonago batzuk. Esaldi honi egin diot azpimarra: “Gaur egungo turismoa kolonialismo forma berri bat da”. Bistan da. Londres eta Erroma beharbada ez, baina Maroko, Egipto, Vietnam... Deigarria zait, hasteko, astebeteko oporraldi express batean zeinen erraz har ditzakegun ibilbide luzeko hegaldiak; eta batez ere deigarria zait lekurik “exotikoenak” direla lurralderik txiroenak, Mendebaldearen erreinuko begiradapetik zapalduenak direnak, eta aberats zuriokiko menpekotasunik handiena dutenak. Gure herrian ez gara aberatsak, baina han luxuzko zerbitzuak kontrata ditzakegu, jauntxoen pare bizi gaitezke bertako jendea gure menera ipinita, eta lasai-lasai itzuli gero gure etxera, gure bizitzarekin jarraitzera.

Desio dut, eta zintzoki eta maltzurkeriarik gabe diot, aireportuetako greba deialdia arrakastatsua izatea. Zeren, turismo eredu honek batzuei soilik ekartzen die aberastasuna, eta langileon bizkar pilatzen da. Maletak kargatzen dituen horren bizkar ere bai. Beste opor, aisialdi eta atseden eredu batean pentsatu behar dugu. 


Irakurri gehiago: Turismoa Ekonomia
Turismoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.