Martxoaren 19 eta 29 artean izango da aurtengo Korrika, 'Euskara gara' lelopean. Atharratzen hasiko da eta Bilbon amaitu, eta 2.175 kilometroko ibilbidea osatuko dute milaka euskaltzalek. Hiriburuetatik egun hauetan pasatuko da: 19 arratsaldean Mauletik, 20ko ordu txikietan Donibane Garazitik, 22 eguerdian Iruñetik, 24 iluntzean Baionatik, 25 goizean Donostiatik, 27 iluntzean Gasteiztik, eta 29an azkenik Bilbora helduko da.
Informazio xehea eta herriz herri noiz pasatuko den jakiteko, Korrikaren aplikazioa jarri dute eskuragarri. Bertan eduki esklusiboa eskainiko du AEK-k, eta martxoaren 19tik 29ra bideokronikak emango dituzte egunero. Korrikari zuzeneko jarraipena egin ahalko zaio aplikazioaren bidez, geolokalizazioari esker.
3.436 lekuko-hartze izango dira aurtengo Korrikako ibilbidean, eta Euskal Herria zeharkatzeko 2.175 kilometroko ibilbidea egingo dute milaka euskaltzalek, AEK-k jakinarazi duenez. "Inoizko parte-hartzaileena" izatea du helburu, eta otsailaren 1etik aurrera egongo da kilometroak eskuratzeko aukera.
Atharratzen (Zuberoa) abiatuko da martxoaren 19an, osteguna, 15:30ean, eta antolatzaileek aurreratu dute berezia izango dela. "Korrikaren itzalguneetako bat da Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen; hots, Atharratzetik abiatu zen urtean". Itzalgune hori argitu nahi izan dute, eta lurralde horretan kezkaz ikusten dute euskararen galerari hauspoa eman: "Euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekulan baino agerikoagoa da bertan: Xiberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela %15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan. Gainera, Xiberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea".
Jarraian Maule hiribururantz egingo du lekukoak (16:45), eta hurrengo eguna Nafarroa Beherean hasiko du, eta ostiraleko gaueko ordu txikietan helduko da Donibane Garazi hiriburura (02:50). Larunbat eta igandean Nafarroa Garaian jarraituko du, eta igandean zapalduko du Iruñea; Alde Zaharrera bazkalordu inguruan ailegatuko da (14:30).
Martxoaren 23an, astelehena, Araba eta Nafarroatik segituko du 'Euskara gara' aldarripean, eta asteartean Baionara iritsiko da (20:30), eguna Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdi artean eman ostean. Asteazkenean Lapurditik Gipuzkoara egingo du, eta Donostia kanpoaldeko auzoetatik ibili ostean, Parte Zaharrera eguerdian iritsiko da (11:55). Kostaldetik jarraituko du, eta ostegunean Bizkaiko kosta izango da lekukoa hartzearen arduradun, baita Bilbo inguruko hainbat herri ere, nahiz eta hiriburua ez ukitu. Martxoaren 27an, ostirala, helduko da Gasteizera (21:00), Aiaraldea eta Arabako zenbait toki bisitatu ostean. Azken larunbata Gipuzkoan igaroko du Korrikak, eta amaitzeko, igandean Ermutik sartuko da Bizkaira, harik eta hiriburura 07:20ak pasatuta helduko den arte. Eguerdian ezagutaraziko da lekukoan Atharratzetik Bilbora euskaltzaleek eramandako mezu sekretua, eta "jai erraldoia" iragarri dute itxiera ospatzeko, martxoaren 29an.