Exactech enpresa estatubatuarrak 2018tik 2021era fabrikatutako protesi akastunetako bat zeraman Mikelek aldakan. Protesia aldatzeko prozesua oso mingarria izateaz gain, desinformazioa eta abandonua sentitu ditu.
Asmatutako izena da Mikel, osasun arretan ondorioak pairatzearen beldur delako. Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) 2025eko maiatzean argitaratutako ohar baten arabera, Exactech enpresak 2021eko irailean ohartarazi zuen ohi baino azkarrago higatzen ari zirela bere protesiak. Fabrikatzailearen arabera, higadurak protesiaren ontziratze prozesuarekin lotura izan dezake, antioxidatzaile geruza gehigarri bat falta zitzaiolako. Osakidetzak emandako datuen arabera, Gipuzkoan gutxienez 245 pazientek lote horretako protesiak dituzte. Horien artean dago Mikel, eta berriki protesia aldatu diote. Prozesua kontatu, eta desinformazioa eta abandonua sentitu dituela azpimarratu du. Apirilean ARGIAk Aitorren lekukotza ere jaso zuen.
Ia 50 urte ditu Mikelek, eta dagoeneko lau ebakuntza egin dizkiote aldakan. Azkeneko bietan, protesia jarri diote. Azkena, ekainaren bueltan. Kontatu du prozesua “oso gogorra” eta “izugarria” izan dela: “Eskerrak hori egiten dakiten medikuak dauden”. Traumatologoak esan zion protesia goitik behera moztu behar izan zuela, femurrera itsatsita zegoelako. Oraindik mina sentitzen du, eta makuluarekin ibiltzen da. Traumatologoari galdetu zion ea errehabilitaziorik egingo zuen, eta harrituta geratu zen medikua. Hala ere, berehala lehentasunezko gisa jarri zuen.
Mikel harrituta dago ez diotelako zuzenean errehabilitazioa eskaini: “Etxean ariketa batzuk egiteko esan zidaten, baina espero nuen norbaitek eboluzioaren jarraipena egitea. Batez ere, bigarrena zelako, eta gogorra izan zelako. Iruditzen zait Osakidetzari berdin zaiola bigarrena, hirugarrena edo zenbatgarrena den. Protokolo bat jarraitzen dute, eta uste dut eskatu izan ez banu ez nukeela edukiko”. Espero du errehabilitazioarekin mina pasatzea.
Protesia akastuna zela jakin baino lehenago, mina sentitzen zuen Mikelek. Medikuari adierazten zion arren, ez zioten probarik egiten. Exactech enpresak 2021eko irailean ohartarazi zuen ohi baino azkarrago higatzen ari zirela protesiak. Osakidetza 2024an jarri zen pazienteekin harremanetan. Protesia akastuna izan zitekeela jakin zuenetik, Mikelek sentitzen du behin eta berriz serio jarri, haserretu eta erreklamazioak jartzearekin mehatxatu egin behar izan duela kasu egiteko.
Mikelek sentitzen du behin eta berriz serio jarri, haserretu eta erreklamazioak jartzearekin mehatxatu egin behar izan duela kasu egiteko
Adibidez, protesia akastuna zela jakin ostean, bi hitzordu eskatu behar zituen: lehenik, Ordenagailu Bidezko Tomografia Axiala (OTA), eta ostean, traumatologoarekin. Alabaina, traumatologoaren hitzordua lortu, eta hiru egunera eman zioten OTA proba egiteko hitzordua: “Esan zidaten ez zegoela beste ordurik, dena okupatuta zegoela, eta oso handia denez ezin zirela denen artean komunikatu. Haserretu nintzen, eta traumatologoarekin beste hitzordu bat eskatu nahi nuela esan nionean, beste telefono batera deitu behar nuela esan zidan”.
Hasiera batean martxoan zuen hitzordua, baina traumatologoarekin hurrengo hitzordua irailean zela esan zioten: “Errieta bota, eta pazienteen kontrako utzikeriagatik salatuko nituela esan nion. Arrazoia eman, eta esan zidan kexatzeko idatzi bat egingo genuela elkarrekin”. Idatzia egin, eta berehala jaso zuen apirilerako hitzordu berria. “Nola da posible osteolisia duen eta toxikoa den protesi txar bat edukitzea, eta horrela artatzea? Niri ez zait gustatzen horrela aritzea, baina benetan funtzionatzen duena serio jartzea, haserretzea eta mehatxatzea da”, esan du.
Horrez gain, protesia aldatzeko ebakuntzaren aurreko egunetan sukar pixka bat izan zuen Mikelek. Horregatik, medikuekin hitz egiten saiatu zen, jakiteko ea ebakuntza egiterik zuen. Bestela, ahal bezain laster hurrengoari hitzordua ematea nahi zuen. Anbulatoriora deitu, eta ez zioten hartu. Donostiako ospitalean ere ez. Azkenean, pazientearen arretara deitu, eta traumatologiako erizainari deitzeko esan zioten. Erizainak esan zion uste zuela ezingo zuela egin, baina ezin ziola ziurtatu. Berriz deitu zuen pazientearen arreta telefonora: “‘Zurekin hitz egin dut dagoeneko’, esan zidan. Berriz haserretu, serio jarri, eta izen abizenak eskatu nizkion. Ez nuen inor aurkitzen erantzun serio bat emateko”. Ondoren, posta elektroniko bat eman, eta hark traumatologoarekin, anestesistarekin eta beste langile batzuekin hitz egin, eta ezingo zuela ebakuntza egin esan zion. Hortik hilabete batera eman zioten ebakuntza egiteko hitzordua. “Transmititu zidanagatik, denekin zuen harremana. Oso jatorra izan zen, baina harengana iristea pila bat kosta zitzaidan”, salatu du.
Zaintza falta
Bizipen batzuk dira, baina beste asko ditu kontatzeko. Probak egin dizkiotenean edo ingresatuta egon denean, oro har, langile guztien partetik “oso arreta ona” jaso duela dio. Hala ere, Osakidetza barruan komunikazio arazoak daudela uste du: “Badakit zaila dela horrelako egitura handi bat kudeatzea, baina niretzat Osakidetzan goian eta behean daudenen artean komunikatzeko figura bat falta da. Agian badago, baina ez du funtzionatzen”.
Ardura nagusia fabrikatzaileak duen arren, Mikelek uste du Osakidetzak hobeto lagundu beharko liokeela prozesuan: “Osakidetzak protokolo bat jarraitzen du, eta ezin dira ibili protesi guztiak egiaztatzen. Haatik, pentsatzen dut Osakidetza gehiago egon beharko litzatekeela gainean”. Osakidetzaren arabera, behin jakinda protesi akastunak zeudela, protokolo bat aktibatu zuten, paziente guztiei abisatu, segimendua egin, eta beharrezkoa izanez gero protesia aldatzeko. Mikelen ustez, hori ez da aski: “Beti harro egon garen instituzio batekin horrela ibiltzea. Sentitzen dut eskuak garbitzen ari direla, eta ez gaituztela babestu. Agian oker nago, baina beste zerbait espero nuen Osakidetzarengandik”.