Imanol Urbieta musikari eta idazlea hil zela hamar urte bete dira irailaren 28an.
Nire aitak ez zekien euskaraz. Baina Imanol Urbietaren kantak ikasten zituen nirekin abesteko. Nik, orduan, ez nekien nor zen Urbieta. Ez nekien musikagilea edo pedagogoa zen, ezta zenbat kanta sortu zituen ere. Bere kantak nekizkien, eta nahikoa zen. Seguru asko, antzeko zerbait gertatu zaigu Euskal Herriko belaunaldi askori. Lehenago ikasi genuen Alaken, Txiki txikia edo Ran Roberran kantatzen, haien atzean nor zegoen jakin baino. Doinuak, nolabait, gureak ziren ordurako: etxekoak, ikastolakoak, lagun artekoak. Konturatu gabe geratzen ziren gure barruan.
Astelehenean hamar urte bete dira Urbieta hil zela, eta urteurrenak haren lanari berriro begiratzeko aukera ematen du. Zarautzen, musika eguneroko bizitzaren parte zuela hazi zen, etxeko kantu eta plazako doinuen artean. Urte batzuk geroago, bere kantek herri oso baten haurtzaroari jarri zioten doinua. Izan ere, Urbietarentzat kanta bat ez zen kanta bat bakarrik. Kantatzea jolastea zen, mugitzea, entzutea, hitza dastatzea, elkarrekin egotea. Euskara ere bizitzeko, jolasteko eta sortzeko hizkuntza zen. Agian horregatik iritsi ziren bere kantak hain urrun: ez zirelako ikasteko soilik egin, bizitzeko baizik.
Eta gaur, haren lana berriro irakurtzean, galdera bat etortzen zait burura: noiz utzi genion kantatzeari? Musika inoiz baino gehiago kontsumitzen dugu. Autoan, etxean, mugikorrean. Milaka kanta ditugu berehala eskura. Baina kantatu? Zenbat kantatzen dugu? Noiz kantatu genuen azken aldiz besterik gabe? Mahaian, kalean, mendian, autobusean, lagun artean. Ez dut iragana idealizatu nahi. Ez dut esan nahi lehen denok kantatzen genuenik eta gaur inork egiten ez duenik. Baina merezi du geure buruari galdetzea zerbait galtzen ari ote garen, musika gero eta gehiago entzun eta gero eta gutxiago egiten dugunean.
Urbietak defendatzen zuen ahotsa guztiok dugun musika tresnarik hurbilena zela. Taldean kantatzea ez zen, haren ustez, doinu bat ongi afinatzea bakarrik. Elkar entzutea zen, besteekin bat egitea, talde baten parte sentitzea. Horregatik hau idatzi zuen behin: “Jatorriz, atsegin izan zaio euskaldunari kantuz espresatzea”.
Hamar urte igaro dira Urbieta hil zenetik. Bere kantak, ordea, hemen daude. Galdera da ea guk kantatzen jarraituko dugun
Eta esaldi horrek etorkizunari begira jartzen nau. NUPen etorkizuneko irakasleak prestatzen ditut, musikako aipamenean. Ikasleak ilusioz iristen dira, haurrei musikaz gozatzen erakutsi nahi dietelako. Baina urtero gauza berak harritzen nau: askok oso haur kanta gutxi ezagutzen dituzte, euskal kanta tradizionalen errepertorioa ere oso urria da eta ez dira eroso sentitzen beren ahotsekin. Eta haiek izango dira laster haurrei kantatzen irakatsiko dietenak. Ez dut hori kritika gisa esaten. Haiek ere transmisio kate baten parte dira. Inork kantatu ez badie, non ikasiko zituzten kantak? Eskolan eta etxean kantatzeko ohitura ahuldu bada, nondik etorriko zaie errepertorioa? Arazoa ez da kantatzen ez dakigula, kantatzeko ohitura galdu dugula baizik. Edo, agian, ez dugu horretarako nahikoa aukerarik izan. Eta, horregatik, berriro hasi behar dugu kantatzen.
Asko esan daiteke kantuan. Kanta batekin haur bat loarazi, hitz berri bat ikasi, ipuin bat kontatu edo dantza egin daiteke. Eta kanta batekin herri bat ere aldarrikatu daiteke. Behin betiko kantuan, etxean eta kalean abesten da. Eskolan, lanean, jolasean. Euskara erabiltzen dakitenek erabiliz eta ez dakitenek ikasiz. Batzuek euskara defendatzeko manifestuak idazten dituzte. Beste batzuek hitzaldiak ematen dituzte. Urbietak kanta bat egiten zuen. Kantatzen duen herria ez baita inoiz hilko.
Azken urteotan haren ondarea arakatzen aritu naiz: kutxak, koadernoak, partiturak, diskoak, kaseteak, bideoak. Zenbat eta gehiago bilatu, orduan eta handiagoa zen mapa. Azken katalogoak
4.188 kanta biltzen ditu. Lau mila ehun eta laurogeita zortzi. Horietatik 1.701 ez ziren inoiz argitaratu. Ezagutzen ditugunak, beraz, icebergaren punta besterik ez dira. Datozen hilabeteetan haren kantutegia sareratzeko proiektua prestatzen ari gara. Baina helburua ez da artxibo digital bat egitea. Kantek berriro zirkulatzea nahi dugu. Etxeetara, ikasgeletara eta lagun artera itzultzea. Eta, batez ere, berriro kantatzea.
Nire aitak nirekin kantatzeko ikasi zituen Urbietaren kantak. Nik kantatu nituen gero, eta gaur nire alabek ere kantatzen dituzte. Agian hori da musika ondare bat bizirik mantentzea: ez artxibo batean gordetzea, baizik eta norbaitek berriro hartu, arnasa bete eta kantatzea.
Hamar urte igaro dira Urbieta hil zenetik. Bere kantak, ordea, hemen daude. Galdera da ea guk kantatzen jarraituko dugun.
Itziar Perez de Ciriza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.