argia.eus
INPRIMATU
'Ño!' komikia eta 'Zaldi bat ihes garrezko zelaian' liburua Ziburuko Azokan
  • Bi lanak izango ditu salgai ARGIAk datorren larunbateko Ziburuko Azokan. Komikia Maitane Gartziandiak, Eli Pagolak eta Miren Artetxek egin dute. Kazetaritzako kronikak biltzen dituen liburua Koldo Izagirrek.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 30a

Ño komikia bertso-saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar egoera jakin dira, hamar eszena, testuinguru eroso eta ez hain erosoetan emakume bertsolarien mamuak, trabak, heldulekuak eta aurrera egiteko tresnak islatuko dituztenak, kideen arteko konplizitate-keinuei eta gozamenari gorazarre eginez.

Maitane Gartziandiarenak dira ilustrazioak eta haren esanetan, “eszena bakoitza argazki bat da. Segundo gutxi irauten duten istanteen argazki edo fotogramak dira, oso deskriptiboak, non ekintzak ez duen hainbesteko garrantzirik, baizik eta sentsazio bat deskribatzeak, giro bat”.

Eli Pagola eta Miren Artetxe arduratu dira gidoiaz. Hala ere, irudiak hartzen du pisurik handiena eszena guztietan eta bertso-mundua ardatz badu ere, ez da bertsorik agertzen, sorta historiko batean ez bada. Komikiari kontrapuntua emango dion pertsonaiaren bertsoak dira: Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar. Errenteriako fabrikako langilea eta bertsolaria izan zen eta argazki-muntaia bidez txertatu dute liburuko hainbat pasartetan, “gaurko bertsolariak xaxatzeko”, egileek diotenez.

Pagolak azaltzen duenez, “bertsolaritza eta generoa lotzen dituzten lan teoriko piloa egin izan da eta gehiago egingo dira. Ikusten genuen komiki formatuko lan batek ere tartea izan zezakeela. Lizentzia ematen digu gaiaz txisteak ere egiteko”. Artetxek dio gai horiek oso gertatutik jarraitzen ez dituenak agian ez dituela hainbat gauza ulertuko, baina “gure kideei eta gure bertso munduko feministei irribarrea sortzeko komikia da, zeinak indarra emango dien aurrera jarraitzeko”.

Kronikak, harribitxiak, historia ulertzeko gako

Duela hamabost urte atera zen liburua gauzatzeko ideia eta Koldo Izagirrek bildu ditu euskarazko kazetaritzan idatzitako kronikak. Titulua ere, Zaldi bat ihes garrezko zelaian, kronika horietako batetik jasoa da: “Gernikako bonbardaketa kontatzen du Joseba Zubimendik –Gernika erraustean, lekuko nintzen–. Hori ere badaukagu, Gernikako bonbardaketaren dokumenturik zinezkoena”, zehazten du Izagirrek.

Egileak dio lan hau, besteak beste, historia ulertzeko material bat dela: “Kronika hauei esker ezagutuko dugu, besteak beste, zenbat gerra bizi izan ditugun gurean: 1936koa, Algeriakoa, Bigarren Mundu Gerra, Lehenengoa... Eta atzerago jo ez dugulako –liburuko kronikarik zaharrena 1869koa da–“.

Behin bakarrik argitaratutako testuak dira eta bere hartan daude, “inprimategiko oker nabarmenak zuzendu eta ortografia geure garaira egokitu, horixe izan da maneatu dugun bakarra”, dio Eizagirrek.

Juan Luis Zabalak ortografian eta kopiaketan izandako akatsen zuzenketan parte hartu du, eta Gorka Bereziartuak hautaketan eta beste detaile askotan lagundu du.

Bi lanak Ziburuko Azokako ARGIAko postuan egongo dira, eta egileak ere hantxe izango dira, liburuak sinatzeko, edo beste barik, haien sormen lanez  berba egiteko.