Nikobar Handia irla: ez da moda, baizik estrategia

  • Une jakin batean ororen edo askoren estimazioa duena omen da modan dagoena. Tenore horretan, pentsa genezake moda-kontua litzatekeela Indiak Nikobar Handia irlan darabilena. Izan ere, antzeko beste askoren ondoren dator egitasmoa. Baina ez, moda baino askoz gehiago da.


2026ko ekainaren 9an - 11:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nikobar Handia irlako garapen-proiektua, itxuraz, horixe da: irla baten garapen ekonomikoa sustatzeko egitasmo handi bat. Baduelako premia: Indiako txiroenetakoak dira bertan turismotik, arrantzatik eta nekazaritzatik bizi diren hiru dozena mila herritarrak. Bizkaiko azaleraren erdia duenean.

Mapari begirada bat botatzea nahikoa da, ordea, jabetzeko hori baino askoz gehiago dagoela jokoan. Lehenik, Malakako itsasartearen mendebaldeko sarreraren aurrez aurre dagoelako Nikobar Handia. Indostango Chennai (Madras) edo Puducherry-tik baino askoz hurbilago Indonesiako Banda Aceh edo Thailandiako Phuket-etik. Baita Kuala Lumpur eta Singapurretik ere.

Indiatik urrutiegi eta munduko itsasarte erabakigarrienetik hurbilegi: ez da aztia izan behar ohartzeko Malakako mendebaldeko ataka hantxe dagoela, inon egotekotan. Indiak dio proiektuak izaera guztiz zibila eta ekonomiko-soziala duela, duela urte dezente mahairatu zutenetik. Baina Ormuzeko buxaduraren abagune honetan egitasmoa suspertu eta abian jarri nahiak beste zerbait adierazten du.

Hong Kong aipatzen da proiektuaren erreferentetzat, baina aldeak larregiak eta begien bistakoak dira. Baita alderaketa Hainanekin egingo balitz ere. Merkataritza libreko gune arrakastatsuak ez dira nonahi ernetzen. Are gutxiago eremu metropolitarretik horren urruti daudenean.

Bestelakoa litzateke kontua irlaren kokapen ezin estrategikoagoa aprobetxatuz, Indiak itsas outpost militarra eratu nahi badu Nikobar Handian. Horretarako, baldintzak primerakoak, ezin hobeak dira, alafede. Txinak bere Hegoaldeko itsasoan “eraiki” dituen irla guztien baturak baino azalera gehiago izango luke eskueran berak bakarrik puntu erabakigarriago batean. Zer esanik ez Vietnamek, Filipinek eta abarrek han bertan eratu nahi dituztenen aldean. Edo Japoniak Yonagunin, Taiwan ekialdean.

Egunduko estimazioa dutelako oraintxe bertan irlek Asia hegoaldean eta ekialdean. Baina ez da moda, ezein kasutan. Estrategiak dira. Herrialde bakoitzak du berea. Eta ez da berria: lehengo potentziek ere halatsu jokatu zuten han eta beste leku askotan.

Azken ohartxoa: Indiak duen lur-zati aipagarri hegotarrena (7º N) da Nikobar Handia. Ez da hori ganorarik gabekoa espaziora jaurtiketa hobeto egiteko orduan. Europarrok, Hego Ameriketako Guyana “frantseseraino” joaten gara halakoak jaurtikitzeko. Ez da beste moda bat.
 


Irakurri gehiago: India Nazioartea Asia
India kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...