Epailearen aurrean lehen bista izan dute urtarrilaren 5ean Nicolás Maduro Venezuelako presidente bahituak eta Cilia Flores haren emazteak; biek aldarrikatu dute errugabeak direla. Martxoaren 17an izango dute hurrengo bista.
Igande goizaldean Caracas bonbardatu eta Venezuelako presidente Nicolás Maduro eta haren emazte Cilia Flores bahituta, astelehen arratsaldean –AEBetan goiza– pasatu dira biak epailearen aurretik. Ohikoa den moduan, bisita azkarra izan da, leporatzen zaizkien karguak jakinarazi eta beren burua errudun edo errugabe deklaratzeko. Espero bezala, ez da sorpresarik izan: epaileak narkoterrorismoa, kokaina trafikoa, armak izatea eta konspirazioa leporatu dizkie, eta biek ukatu dituzte leporatutako karguak. Errugabetasun aldarriari bere posizio politikoa gehitu dio Nicolás Madurok: “Gizon zintzoa naiz, errugabea, gerrako presoa; eta nire herrialdeko presidente izaten jarraitzen dut”. Lehen bisita eginda, martxoaren 17an izango dute hurrengoa.
Ez dira huskeria Maduroren gain dauden akusazioak: oraindik prozesu luzea falta bada ere, adituek ohartarazi dute 30 urte eta bizi osoko espetxealdiaren artean egon daitekeela kartzela zigorra. Ikusmina, beraz, bereziki handia izan da lehen bista honi zegokionez. Presidentearen iritsierak are gehiago piztu du ikusmina. Izan ere, AEBetako Gobernuak bere ibilbide osoaren irudiak zabaldu ditu, ordu erdi eskasekoa, baina lau ibilgailu ezberdinetan egin ditu sartu-irtenak, erren eta pausu zabar nabarmenez. Are, Cilia Floresen abokatuak salatu du Maduroren emaztea bahiketan zauritu egin zutela. Maduro presidenteak, aldiz, lehen agerraldi horretarako berak aukeratutako abokatu berezia izan du: Barry Polack, Julian Assangeri askatasuna lortu zion abokatuaren eskutik joan da epailearen aurrera. Abokatuak, prentsa aurrean esan duenez, ez du eskatu ordainpeko askatasunik presidentearentzat, baina ez du baztertu aurrerago aukera hori erabiltzea.
Maduroren bahiketak zalantzak sortu ditu leku ez gutxitan, bere legezkotasunari dagokionean, bederen. Izan ere, azpimarratu behar da Donald Trumpek hartutako erabakiak ez duela izan onespenik ez AEBetako Kongresuan ez NBEren Segurtasun Batzordean, batik bat ez duelako eztabaidagai jarri. Argudio hori nahikoa litzateke Maduroren aurkako prozesua geldiarazteko, baina AEBen kasuan ez da horrela, Venezuelako presidenteari eta Cilia Floresi egozten dizkioten delituen kasuan, delitu federaletan alegia, ontzat hartzen delako atxiloketa modua edozein dela ere.
Hala ere, aditu guztiak datoz bat Maduroren bahiketaren nolakotasuna, legez kontrakoa, izango dela presidentearen defentsaren gakoa. Abokatuek salatuko dute, hain zuzen ere, presidentea bahitu egin dutela, legez kontrakoa izan dela. Ildo horretatik ulertu dituzte Madurok astelehenean epaitegian egin dituen adierazpenak ere. Presidenteak gogorarazi du “oraindik” presidente dela; alegia, immunitatea zor zaiola. Oraindik goiz da epaiketaren nondik norakoak aurreikusteko, baina gauza bat argia da: Nicolás Madurok eta Cilia Floresek bi hilabetez egon beharko dutela zain berriz ere epailearen aurretik pasatzeko, eta Venezuelako presidentea New Yorkeko kartzelarik “gogorrenean” egongo dela bien bitartean.
Narkotrafikoa, aitzakia
Narkoterrorismoa egotzi diote Nicolás Madurori, eta bazitekeen bahiketaren egunean bertan horri buruz eta giza eskubideen eta demokraziaren gorespenari buruz izatea Donald Trumpen diskurtsoa. Ez zen horrela izan, ordea. Narkotrafikoaz aritu bazen ere, presidentea bahitzearen arrazoia argi adierazi duen Trumpek: petrolioa AEBen esku geratzea. Izan ere, Madurorekin egindako operazioak beste baten oihartzunak ekarri ditu, hura ere narkotrafikoari lotutakoa: Honduraseko presidente ohi Juan Orlando Hernándezen atxiloketarenak.
Erdialdeko Amerikako herrialdea "narkodiktadura" bihurtu zuela leporatu diote ez gutxik, eta 2022an AEBetara estraditatu zuten, hango gobernuak horrela eskatuta, narkotrafikoari lotutako delituengatik. 2024an eman zuten epaia: 45 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Donald Trumpek boterea hartu eta gutxira, ordea, indultua eman zion, “era bidegabean” tratatu zutela argudiatuta, eta presidente zela gogorarazita. Aipatu behar da indultua 2025eko Honduraseko hauteskundeak baino bi egun aurretik eman ziola, ezkerreko Libre alderdiaren etorkizuna jokoan zegoenean; are, Hernándezen alderdiaren, Partido Nacional-aren, alde agertu zen Trump, hauteskundeak irabazten laguntzeraino. Hernándezena da Maduroren kasuarekin antzekotasun handienak dituena, baina emaitzak ez du bera izateko zantzurik.
Panamako diktadore ohiaren kasuak, aldiz, antzekotasun handiagoak ditu Madurorenarekin; bai, behintzat, dituen ondorio politikoak kontuan hartuta. 1989an inbaditu zuten AEBek Panama, Manuel Noriega diktadorea boteretik kentzeko. Azken horrek AEBetako Gobernuarentzat espia lanak egin bazituen ere, AEBekin harremanak okertu eta gerra deklaratu zuen. Laster heldu zen inbasioa, eta 1992an Miamin epaitu zuten, narkotrafikoa eta krimen antolatua leporatuta. 40 urteko zigorra ezarri zioten, gero 30era jaitsi zena. Horren ondoren, 2009an Frantziara estraditatu zuten, dirua garbitzea leporatuta. Han ere kartzela zigorra jarri zioten, eta azkenik, 2011n, Panamara estraditatu zuten, bi hilketagatiko epaiketa izateko.
Nazioartean, gaitzespen isila
Bien bitartean, Venezuelako Gobernuak lanean dihardu. Astelehenean egindako ezohiko bileran, Venezuelako Asanbleak Delcy Rodriguez onartu du jarduneko presidente gisa. Horrek, hasierako tonu larria alde batera utzi, eta Donald Trumpekin batera lan egiteko prest agertu da bere sare sozialetan zabaldu duen mezuan. Era berean, bere neba Jorge Rodríguez izendatu dute Asanbleako presidente.
Nazioartea Venezuelan eta AEBetan gertatzen ari dena jarraitzen ari da, minutuz minutu. Nagusitu dira AEBen inbasioa salatu duten herrialdeen ahotsak, batez ere Latinoamerikako herrialdeetan; Europan gaitzespena isilagoa izan da, eta gogorarazi dute Maduroren gobernua ez zela “zilegi”. Edozelan ere, nahikoa quorum dago Trumpek egindako mugimendua kritikatzeko: bereziki deigarria izan da AEBetako egunkarien eta iritzi publikoaren aldetik jaso duen kritika saldoa.