Ni naiz Txadeko lehendakaria, atrebentzia ez bada

  • Gerrillari izatetik Txadeko lehendakari izatera igo zen Idriss Deby Itno. Asteotan agintea galtzeko arriskuan dirudi, sei gerrilla talderen eta oposizio osoaren bultzadapean. Bere herkideek 1990ean bezain behartsu segitzen dute, eta Parisek orduan bezain present.


2006ko apirilaren 30an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01
Idriss Deby Itno eta Jacques Chirac

Maiatz honen 3an-edo entzungo du irakurleak –ARGIA hau eskuetara iritsiko zaion egunetan– munduko herrialderik behartsuenetako bat den Txaden Deby Itno hautatu dutela lehendakari, berriro. Oposizio guztiak bozketa boikotatzea erabaki du eta Itnok atera behar du garaile, baldin eta tarte horretan jauregian estatu kolperen bat eman ez badiote, edo Sudango mugatik abiatuta matxinoek ezustekoren bat.


Txad zer den eta non dagoen jakin nahi duenak edozein entziklopediatan aurkituko du haren berri, edo Wikipedian. Hiriburua, N'Djamena. 1.284.000 kilometro karratu (handitik txikira, munduko herrialdeetan 21.), 10 milioi biztanle (munduko 82.), kilometroko 7 biztanle baizik ez (kasik basamortua baino ez da eta), per capita dirusarreratan munduko 160. Hor gertatzen denak interesik ez du guretzat, antza, non eta ez den goseteren bat dela eta irudi gogor batzuk filmatu eta telebistatik afal garaian erakusteko. Izatekotan, Frantzian jartzen diote arreta pittin bat gehiago, Txad ere Afrika frankofonoaren atal delako.


Estatu kolpea aipatu badugu, justu hauteskundeak baino hilabete eta erdi lehenago –martxoaren 14an– saio bat izan zelako esan dugu. Afrika frankofonoan Jeune Afrique erreferentziazko astekaria da gaur egun. Parisen egiten den arren, Afrika osoan ditu korrespondantak, eta webgune aberatsa badu. Honetan begiratzen duena ohartuko da Txadeko gertakizunez oso gertutik eman dituela berriak Jeune Afriquek. Eta zer gertatu zen hemen martxoaren 14an? Kronika zorrotz eta mamitsu batean erakutsi digu Christophe Boisbouvier-ek.


Gauza da egun hartan Ekuatore Ginean zegoela Idriss Deby Itno, Malabo hiriburuan, nazioarteko bilkura batean. Arratsaldeko 16:00etan jakin zuen lehendakaritzako goardiak duen batailoi blindatua bere kontrako kolpea ari zela prestatzen. Aurretik ere bazituen buruhausteak Deby Itnok. Hilabeteak dira Sudango mugaldean matxinada bat daukala bere kontra Deby Itnok, hori batetik. Eta bestetik, lehendakariak iaz Txadeko konstituzioa aldatu eta bere burua berriro aurkeztea erabaki zuenetik, oposizioak boikot deiak egin zituen hurrengo hauteskundeetarako. Baina bere goardia matxinatzea besterik zen, eta Batan zegoela jakin zuen Itnok biharamonean N'Djamenako aireportuan zain edukiko zituela, ez ongietorri txalotsua emateko hain zuzen.


Deby Itnok berehala itzultzea erabaki zuen, baina oso hurbileko hiruzpalauri baizik ez zien esan. Toumai Air Tchad konpainiako Fokker 28 batean mugitzen da Itno, eta egunaz gain hegazkinez ere aldatu nahi zuen, matxinoak despistatzeko: Gaboneko lehendakari Omar Bongok utzi zion bere Grumman jet txikia. Abioia martxan jarri aurretik, Frantziako agintariei deitu zien. Frantziak Txaden 1.300 soldadu dauzka teorian "elkarlanerako" bidaliak, eta praktikan gobernuaren sostengu lana egiten dutenak. Eliseoak –Chirac-ek berak alegia– aginduta, frantsesek Afrikan hain ezaguna den "Epervier" (gabirai) operazioa piztu zuten. N'Djamenako aireportuan hiru helikoptero eta blindatu batzuk kokatu zituzten, eta hiriburuko gune estrategiko batzuetan beste batzuk.


Batatik 18:00etan atera zen hegazkina, 20:30ean hartu zuen lurra N'Djamenan, eta Itno lehendakariak hartu zuen kontrola. Kolpe ahaleginean inplikatuta zeuden batzuek ondoko egunetan salatu zuten frantsesen laguntzagatik atera zela onik lehendakaria. Txad barruko etnia eta klanen arteko lotura eta gatazkek ere izan omen zuten eragina honetan. Matxinoen artean baziren zaghawa etniako militarrak, eta horietakoren batek haizatu ahal izan zuen sekretupeko txoria, Itno bera zaghawatarra da eta. Dena dela ere, eta tirorik izan ez zen arren, badirudi bateko eta besteko indarrak oso parekatuta egon zirela martxoaren 14 hartan. Deby Itnok partida irabazi zuen azken urteotan bere inguruan informazio zerbitzua indartu duelako.


Pare bat helikoptero lagako?


Beste kronika batean, Jeune Afriquek erakutsi du zein luzea den Frantziaren besoa Txaden. Frantziaren leloa Afrikako zoko honetan omen da: "Lagundu parte hartu gabe". Ikusi nola "ez duen parte hartzen" Parisek. Epervier operazioa dela eta, Deby Itno lehendakariari uzten dizkio bere c160 Transall garraio abioiak, Sudanekiko mugan dituen soldaduetatik batzuk hiriburura ekartzeko. Zifrak nabarmentzekoak dira: Sudanekiko mugan dauzka gobernuak bere kontrako gerrillariak, eta eskualde horretan 1.200 soldadu dauzka, besterik ez. Frantziak Breguet Atlantic hegazkin espioi bat dauka ingurua zaintzen, eta honek ematen dizkio "denbora errealean" gerrillarien argazkiak eta komunikazio harrapatuak Txadeko gobernuari.


Baina martxoko erasoan matxinoek aurrera jarraitu zutenez, N'Djamena hiriburura hurbilduz, Mirage F1 frantsesek hainbat misil jaurti zizkieten gerrillariei, mehatxu moduan. Dena den, noraino dago prest iristeko Frantziako lehendakaria –kanpo politika Chiracek kontrolatzen du– Idriss Deby Itno babesteko? Bere interesek agintzen duten bezain urrun, zentimetro bat urrunago ere ez. Hori badaki Txadeko lehendakariak, eta ez da gehiegi kexatuko frantsesen kontra, laguntza handiagoa nahiko lukeen arren. Zergatik? 1990ean Hissein Abbre, hankaz gora joan zen Mitterrandek laguntza ukatu zionean, eta haren lekua hartu zuen gerrillari ezezagun batek: Deby Itnok.


Geopolitikak asko agintzen du Txad bezalako herrialde pobre batean ere. FUC gerrillako buruak Sudaneko gobernuak sustatzen ditu, baina bere buruzagietako batzuk Frantziako akademia militarretan ikastaroak eginak dira. Ordainetan, Parisek Txadeko gobernua sendotu nahi du. Aurten hiru aldiz lagundu dio, ikusi nola. Martxoaren 14an Deby Itnori lagundu zion estatu kolpea saihesten, lehen esan dugunez. Martxoaren 20an Hercules hegazkin frantses batean eraman zuten bere goardia eta guzti Sudanekiko mugara, hango frontea ikuskatzera. Hirugarrenik, Errusian eta Ukrainan arma erosketak egiten utzi diote. Jeune Afriquek idatzi duenez: "Horrela negoziatu du martxoaren 25ean Txadeko defentsa ministroak Kieven erasoko bost Mi-17 helikoptero alokatzea. Honen berri jakin balitz, Munduko Bankua garrasika hasiko zen, baina Parisek sekretuari eutsi zion".


Orain Paris aspertuxe ei dago Idriss Deby Itnorekin. Honen kontra ez bat baizik sei gerrilla talde matxinatu dira. Hauteskundeak antolatu eta oposiziok boikotatu egin ditu. Etxean bertan, bere etnian, asko berarekin haserre daude. Jacques Chirac eta bere ingurua hasi dira gaizki esaka. Alegia, haren alde hainbeste egin ondoren, zein gutxi ekarri duen ordainetan. "Badira sei hilabete –esan dio kazetariari Chiracen inguruko agintari batek, izenik eman gabe– esaten ari gatzaizkiola, ezin dituela aldi berean eduki bere kontra Sudan, Munduko Bankua, AEBetako petroleroak, matxinada armatu bat, oposizio politikoa eta bere zaghawa klanaren zati handi bat".


Deby Itno jatorriz artzaina omen da. Martxoko estualdian, Parisek eskaini zion ihes egitea, eta hark nahiago izan zion lehendakaritzari eutsi. Noiz arte ahal izango duen, edo utziko dioten, horra kontua. n


Informazio gehiago:


Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude