argia.eus
INPRIMATU
Netflixeko edukiak euskaraz emateko eskatzen dabiltza
  • Euskal hiztunok Netflixeko eduki denak euskaraz jaso nahi ditugula adierazi dute change.org plataformaren bitartez.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 17a
Argazkia: Netflix euskaraz

Netflix 2014. urtean heldu zen Ipar Euskal Herrira, hegoaldera aldiz urte bete beranduago. Lurralde hauetan, frantsesa, gaztelera eta ingelesa izan dira hizkuntza nagusiak plataformaren baitan. Plataformak dioenez, edozein hizkuntzetan benetako eskaria egonez gero, edukiak hizkuntza horretan eskainiko lituzke. Euskal hiztunok euskaraz bizitzeko eskubidea daukagula azpimarratu da eskaeran. 

Momentu honetan, Netflixen euskarazko hainbat film daude, Errementari eta Handia adibidez, betiere, filmaren hizkuntza originala euskara delako. Bikoizketaren arloa gure hizkuntzan, oraindik urriagoa da, horregatik eskatu dute plataformak euskarazko material gehiago sortzea. 

Ez da horrelako eskaera egiten den lehen aldia. 2015ean Netflix Hego Euskal Herrira heldu zen momentuan, Eusko Jaurlaritzari Netflixekin elkarlanean aritzeko eskatu zitzaion. Euskal hiztunak Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ere badaudela eta hauek ere euskarazko filmak eta telesailak ikusteko eskubidea dutela aldarrikatu zuten.