Netanyahuri urriaren 7ko erasoaren aurretik ohartarazi zioten Hamasen “operazio garrantzitsuaz”

  • Hareetz Israelgo hedabideren arabera, urriaren 7a baino astebete lehenago ohartarazi zion Arabiar Emirerri Batuetako presidenteak Hamas Israelen aurkako eraso handi bat prestatzen ari zela. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, adierazi zion Israel edozein egoerari aurre egiteko gai zela.


2026ko irailaren 8an - 13:05
Azken eguneraketa: 14:16
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Ronen Zvulun / Reuters
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2023ko irail bukaeran, Mohamed bin Zayed Arabiar Emirerri Batuetako presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak 45 minutuz hitz egin zuten telefono dei bidez. Dei horretan bin Zayedek ohartarazi zion Netanyahuri Hamas erakunde palestinarra Israelen aurkako eraso handi bat prestatzen ari zela, Israelgo Hareetz egunkariak asteartean kaleratutako ikerketaren arabera.

Hain zuzen, Arabiar Emirerri Batuetako presidentea kezkatuta zegoen eraso horrek Ekialde Hurbila desegonkortu eta 2020an sinatutako Abrahamgo Ituna bertan behera geratuko zituelakoan: akordio horien ondorioz Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek harreman diplomatikoak normalizatu zituzten Israelekin, Donald Trump AEBetako presidenteak bultzatuta eta Ekialde Hurbileko herrialde gehiago batzeko asmoarekin.

Netanyahuk, ordea, bin Zayedek esandakoari ez entzunarena egin eta adierazi zion Israelgo Gobernua edozein egoerari aurre egiteko prest zegoela. Astebete beranduago, Gazako hainbat erakunde palestinarretako 3.000 miliziano inguruk mugako hesia jauzi eta lurralde okupatuetan sartzea lortu zuten. Eraso horretan 250 pertsona inguru bahitu eta 1.139 hil zituzten –ikerketa ugarik erakutsi dute israeldar ugari Israelgo armadak berak hil zituela, miliziano palestinarrekin batera zeudenean–, horietatik 373 militar sionistak.

Israelgo egunkariaren esanetan, gainera, bin Zayeden eta Netanyahuren arteko solasaldian Arabiar Emirerri Batuetako presidentearen aholkulari palestinar batek ere parte hartu zuen. Zehazki, aholkulari horrek harremanak zituen Gazarekin, urte batzuk lehenago zerrendatik Abu Dhabira alde egin baitzuen. 

Urriaren 7az ikerketa gehiago

Hareetz egunkariarena ez da Israelgo Gobernuak urriaren 7ko erasoen berri zuela adierazten duen ikerketa bakarra. Izan ere, 2024ko ekainean Kan irrati publiko israeldarrak argitara atera zuen inteligentzia zerbitzuen isilpeko txosten bat. Txosten horren arabera, Israelgo inteligentzia zerbitzuek “zehaztasun maila handiarekin” ezagutzen zuten Hamasen erasorako plana urriaren 7a baino lehen.

Israelgo armadaren Gazarako dibisioak 2023ko irailaren 19an bidali zien txosten hori inteligentzia zerbitzuko buruei. Bertan ohartarazi zieten Hamaseko militanteak prestakuntza saioak egiten ari zirela, lantzeko nola sartu gune militarretara eta kibutzetara.

 


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.