Botoen gehiengoa zenbatuta, Benjamin Netanyahuren Likud alderdiak lortu du babesik handiena Israelgo Parlamentuko hauteskundeetan, baina bere blokeak ez ditu beharrezko eserlekuak lortu gobernua osatzeko. Oposizioko blokeak ere zail dauka boterera iristea, alderdi arabiarren babesik gabe.
Botoen bi heren baino gehiago zenbatuta, Netanyahuk %21eko babesa lortu du Israelgo hauteskundeetan eta 27 eserleku izango lituzke Knessetean, Israelgo Parlamentuan. Azken hauteskundeekin konparatuta beherakada suposatzen du –bost eserleku gutxiago–, baina zundaketek erakusten zutena baino emaitza hobeak lortu ditu Likud alderdiak.
Ultraortodoxoek aurreko hauteskundeen emaitza oso paretsuak lortu dituzte eta 21 eserleku izango lituzkete. Hala ere, ultraortodoxoen babesarekin Netanyahuk ez du gehiengoa lortuko, eta ez luke gobernua osatzeko nahikoa eserleku izango: ultraortodoxoenak batuta 54 eserleku lituzke oraingoz, eta 61 behar dira.
Baina oposizioak ere ez dauka erraza boterera iristeko. Gadi Eisenkot Armadako buruzagi ohiaren alderdiak 21 eserleku lortu ditu eta bigarren indarra izan da hauteskundeetan; baina oposizioko blokeko gainerako alderdiekin bat eginda ere, gehiengotik oso urrun dago oraindik, 48 eserleku bailituzke, eta gobernuan aldaketa eragiteko, alderdi arabiarren babesa ezinbestekoa dauka.
Aukera hori urrun dago oraindik. Alde batetik, Eisenkotek baldintza oso zorrotzak jarri dizkie arabiarrei akordiora iristeko –besteak beste Hamas alderdia deuseztatzea–, eta bestetik, bloke horretako parlamentari sionista ugarik ere ez dute inolako akordiorik nahi arabiarrekin.
Hirugarren indarra, hain zuzen, alderdi arabiar bat izan da lehen aldiz: Yousef Jabareenen Zerrenda Batua. Emaitza historikoak lortu ditu, denera 12 eserleku. Hala, Zerrenda Arabiar Batuaren emaitzak batuta, arabiarrek 18 eserleku izango lituzkete Knesseten.
Adituek arabiarren emaitza onak lotu dituzte hauteskundeetan izandako parte-hartzearekin: herritarren %78 joan da hautetsontzietara, 1999tik izandako parte-hartze handiena da. Hauteskunde hauek Netanyahuren politikaren eta Palestinan bultzatzen ari den genozidioaren inguruko plebiszitu moduko bat bihurtu dira, eta Israelgo arabiarren komunitateak garrantzi handikotzat dauzka, bistan denez. Honela deskribatu dio ARGIAri Antxon Barrosok, Ramallah-n (Zisjordania) bizi den EHUko ikerlariak: “Israelgo palestinarrak azken hamarkadetako okerren bizi dira, horregatik politizazio maila handitu eta bozkatu egin dute”.
Netanyahu izan da emaitzak jakin ahala hitz egiten azkenetakoa, eta "eskuindarren gobernu nazionala" osatzeko asmoari eutsi dio. Horretarako, oposizioko blokean dauden hainbat parlamentariren babesa behar luke, baina transfugak izatea ez da arraroa Israelgo politikan. Nolanahi ere, hainbat aukera daude zabalik orain, baita hauteskundeak errepikatzekoa ere.