Sei egun Libian geldirik egon ostean, Global Sumud ekimenarekin lurrez bat egin duten ekintzaileak larunbatean, goizeko 10:00etan, Sirteko bidegurutzerantz abiatuko dira. Euskal herritar bat dago tartean, Haizea, eta kontatu digu "luzetxo" egiten ari zaiola errepide ertzean geldi egotea, baina axolarik ez duela horrek: "Gauden horretarako gaude, Gazaren gaineko Israelen blokeoa apurtzea dugu helburu, eta hilabete gehiago geratu behar badugu, geratuko gara".
Gazarantz lurrez zihoazen ibilgailuen helburua zen Libiako Sirte hirira heltzea, baina kilometro batzuk aurrerago geratu behar izan ziren, jarraituz gero atxilotuko zituztela-eta. Ezker-eskuin ezer gutxi dagoen errepidearen ertzean antolatu dute kanpamendua. "Gasolindegi txiki bat dago, eta hondatutako eraikinak, besterik ez", kontatu digu Haizeak. "Sei egun daramatzagu bertan. Nekaturik gaude, baina ondo, bahiturik dauzkaten kideekin alderatuta; are palestinarrekin. Palestinarrek denbora askoz ere gehiago daramate blokeatuta, atera ezinik, bizi ezinik, edozein unetan hilko dituzten beldurrez, izan Zisjordanian zein Gazan". Gehitu du "luzetxoa" egiten ari zaiola, baina "axolarik ez" duela horrek: "Gauden horretarako gaude, Gazaren gaineko Israelen blokeoa apurtzea dugu helburu, eta hilabete gehiago geratu behar badugu, geratuko gara. Erresilientzia lantzen ari gara lepo".
Haizeak azaldu digu ez daukatela ur askorik, eta janaria ere eskas dela, "geroz eta eskasago". Gainera, wifia uneoro ez dutela dio, zaila zaiela komunikatzea. "Blokeo mediatikoa sufritu dugu". Zentzu horretan, presioa handitzera dei egin die herritarrei eta gizarte eragileei.
Checkpointa kendu dute
Duela sei egun "sekulako" operazio militarra antolatu zutela kontatu digu, eta abiatutako negoziaketek ez zutela fruiturik eman. Azken hilabeteotan Global Sumud flotillako ordezkariak Ilargi Gorriarekin akordioa lortzeko ahaleginetan aritu dira, laguntza humanitarioa nola bideratu, baina Libiako Gobernuak agindu die material guztia Ilargi Gorriaren esku utzi eta ekintzaileek buelta erdi emateko: "Nola fidatuko gara, baina? Rafah-n hilabeteak daramatza geldirik laguntza humanitarioak..."
Azken orduetan, baina, egoera aldatu egin da: "Checkpointa mugitu dute. Libiako lider erlijioso batek [Sadiq al-Ghariani Mufti Handiak] gure konboiarekin bat egitera deitu zituen herritarrak, eta badirudi ondoriorik izan duela horrek, checkpointa mugitu dute-eta". Ostiralean jakinarazi dute hurrengo urratsa: Sirteko bidegurutzerantz abiatuko dira larunbat goizean.