NBEk ohartarazi du Zisjordania “anexionatzeko zorian” dagoela Israel

  • Kolonoen muturreko indarkeriaren eta Israelgo armadaren "operazio militarren" ondorioz, 3.000 palestinar baino gehiago lekualdatu behar izan dira Zisjordanian. Are, Israel orain arte okupatu gabeko lurrak ari dela okupatzen salatu dute. "Premiazko neurriak" hartzeko eskatu dute, Zisjordania "kolapsatzear" dagoelako.


2026ko abuztuaren 13an - 11:20
Azken eguneraketa: 13:03
Zisjordaniako eremu erresidentzial bat babesten duen segurtasun hesia. NBE
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Patroia argia da: Zisjordaniako palestinarrak lekualdatzera behartuak izaten ari dira, geroz eta maiztasun handiagoarekin, kolonoak etorri eta okupatu gabeko lurren jabe egin aurretik". Hala azaldu du NBE Nazio Batuen Erakundeko Ekialde Hurbileko Bake Prozesuko koordinatzaile Ramiz Alakbarov-ek. NBEn Segurtasun Kontseiluan ohartarazi du Zisjordania "kolapsatzeko zorian" dagoela kolono israeldarren indarkeriaren ondorioz. 

Azken datuen arabera, 2026an 76 palestinar hil dira Israelgo armadaren edo kolonoen eskuetan, tartean 18 adin txikiko. Alakbaroven hitzetan, kolonoen indarkeria "aurrekaririk gabekoa" da. Soilik 2026an 3.800 palestinar inguru lekualdatu behar izan dira, horietatik erdia haurrak, kolonoen indarkeria eta etxebizitzen hustuketak eta suntsiketak direla eta. Gaineratu du okupazioa hedatzen ari dela, eta orain arte okupatu gabeko lurrak okupatzen ari dela Israel.

Alakbarovek aurkeztutako txostenari dagokionez, urtarriletik hona Israelek 12.360 etxebizitza berri onartu ditu Zisjordanian. Hori babesteko, Israelgo Gobernuak 431 milioi dolarreko aurrekontua iragarri zuen, eta hala, "Zisjordaniaren gaineko Israelgo kontrola indartu eta Palestinako Estatua ezartzea oztopatu du". 2023tik 6.390 palestinar izan dira behartuak lekualdatzera.

Okupazioari Israelgo armadaren "operazio militarrak" gehitu behar zaizkio. Koordinatzaileak gogoratu du pasa den astean bertan Israelgo indarrek Qalandiako errefuxiatuen kanpamenduari eraso egin ziotela, hamarnaka palestinar zaurituta, 60 pertsona baino gehiago atxilotuta eta kalte "ugari" eraginda.

Urteetako okupazioaren ondorioa

Kolonoen okupazioaz eta armadaren "operazio militarrez" gain, koordinatzaileak adierazi du Israelek 6.000 milioi dolar inguru eteten dituela aduanan. Ondorioz, dioenez, Palestinako Aginteak ezin ditu soldata osoak ordaindu, ezta oinarrizko zerbitzuak eskaini ere. "Horrek guztiak biztanleria zibilaren eta laguntza humanitarioen jarduna kaltetzen du, bereziki errefuxiatuen kanpamenduetako egoera", azaldu du Alakbarovek. 

Dena den, koordinatzaileak adierazi du Zisjordaniaren egoera kritikoa ez dela "bat-batekoa", baizik eta "Israelen hamarkadetako okupazioaren ondorioa", zeinak "galbidera eraman eta ahuldu egin duen Palestinako Agintea eta  Palestinako Estatua independentea eta subiranoa izateko ideia".

Premiazko neurrien beharra

Horregatik guztiagatik, Alakbarovek NBEn Segurtasun Kontseiluan "premiazko neurriak" eskatu ditu, Zisjordaniakoa "larrialdi egoera" dela salatuta. "Kezka ez da mugatzen okupazioaren hedapenera, baizik eta zein modu azkar eta sistematikoan gertatzen ari diren gertakari berriak bertako lurretan", azaldu du.

NBEn Segurtasun Kontseilua osatzen duten 15 herrialdeei "errealistak" izateko esan die, Israel Zisjordaniaren "benetako anexioa" sustatzen ari baita. "Asko dago jokoan. Besteak beste, Zisjordania suntsitzen jarraitzen badute, are gehiago higatuko da okupazioarekin amaitu eta, bi Estatuen ideian oinarrituta, Palestina eta Israelen arteko bakea lortzeko plana", ohartarazi du.


Palestina kanalean gehiago
2026ko irailaren 9
Ertzainen mediku txostenak argitara
Flotillakideei oldartu, eta lesioak salatu

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...