Gorte global horrek 2024ko azaroan eman zuen Netanyahu atxilotzeko nazioarteko agindua. Israelgo buruzagiak, ordea, argudiatu du Nazioarteko Zigor Auzitegiak “munduko justizia arriskuan” paratzen duela, eta herrialdeen segurtasuna “funtzionario ustelen erabakietara” mugatzen duela. Netanyahu eta Trump asteartean dira elkartzekoak.
Washingtonen eta Teheranen arteko gerrak koska bat goiti egin duen honetan, AEBek kanpaina diplomatiko esplizitua abiatu dute Nazioarteko Zigor Auzitegia “desegiteko”; bertzeak bertze, zigorrak, bisa murrizketak eta aliatuen gaineko presio zuzena uztartzen ari dira. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk eta AEBetako Gobernuko idazkari Marco Rubiok elkarrizketa bat eduki dute igande honetan, eta Netanyahuk ere Nazioarteko Zigor Gortearen aurkako ofentsiba babestea erabaki du.
Gainera, Netanyahuk bertze herrialde batzuei eskatu die ekimen horrekin bat egiteko, eta argudiatu du gorte global horrek “munduko justizia arriskuan” paratzen duela, eta herrialdeen segurtasuna “Hagako [Herbehereak] funtzionario ustelen erabakietara” mugatzen duela.
Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2024ko azaroan eman zuen Netanyahu atxilotzeko nazioarteko agindua, palestinarren aurka gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita. Israelgo agintariak, ordea, iradoki du atxiloketa aginduak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren barne eskandaluen gaineko “arreta desbideratzeko” saiakera bati erantzuten ziola. Izan ere, Karim Khan fiskalburuaren kargugabetzea 82 estatu kidek onartu zuten, ustez bidegabeko sexu portaera izateagatik, eta Netanyahuk argudio gisa erabili du erakundearen zilegitasuna zalantzan jartzeko.
Netanyahuk Washingtonera bidaiatuko du astelehenean, Trump presidenteak gonbidatuta, eta bertan Lindsey Graham senatariaren hiletara joanen da. Israelgo agintariak erran du Trumpekin hitz eginen duela “agendaren gai guztien inguruan, Irango egoerari buruz barne”. The Times of Israel hedabideak jasotako informazioen arabera, asteartean izanen da bien arteko bilera.
Netanyahu Trumpekin biltzen den zazpigarren aldia da, 2025eko urtarrilean Trump Etxe Zurira itzuli zenetik. Bien arteko azkeneko aurrez aurreko bilera otsailaren 11n izan zen, Iranen kontrako gerra bateratua hasi baino hamazazpi egun lehenago.