Irailaren 7an argitaratuko dute aurtengo egitaraua, eta 13an jarriko dituzte lehen sarrerak salgai, goizeko 9:00etan.
Azken egunetan Donostian paseoan ibili eta Urumea ibai inguruko burdinazko egiturak ikusi dituenak badaki zer datorren: irailaren 18an hasiko da 74. Zinemaldia. Irailaren 26a bitarte egongo da aurtengo edizioa, eta 47 herrialdetako 263 film izango dira ikusgai. Ostiralean aurkeztu dute Jose Luis Rebordinosek eta Maialen Belokik, egungo eta etorkizuneko zuzendariek, aurtengo edizioa, ohi legez izen handi eta nobedade ugarirekin. Werner Herzog eta Naomi Watts-en izenak dagoeneko entzunak zituen publikoak, horiek jasoko baitute Donostia Saria; Orlando Bloom-ek emango dio saria lehenengoari, biak Bucking Fastard pelikula aurkeztera etorriko baitira; eta J.A. Bayonak emango dio Wattsi, The Housewife pelikulako protagonistari. Euskal ekoizpenei dagokienez, hamahiru pieza izango dira aurten.
25 film arituko dira Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra nork lortuko. Ghost Song pelikulak emango dio Zinemaldiari eta Sail Ofizialari hasiera; Le Faux Soir-ek itxiko du aurtengo edizioa. Ira Sachs zinegile estatubatuarra izango da sail horretako epaimahaiburu, eta berak ere parte hartuko du Perlak sailean The Man I Love filmarekin. Berarekin izango dira: Genki Kawamura zuzendari eta gidoigilea, Catherine Paillé gidoigilea, Alice Braga aktore eta ekoizlea eta Patricia López Arnaiz euskal aktorea.
Perlak sailean nazioarteko jaialdietako altxorrak izango dira. Horien artean egongo dira La bola negra, Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko aurre aukeratutakoetako bat –Los Domingos ere badago, iazko Zinemaldian pelikula onenaren saria irabazi zuena–, baita Wild Horse Nine eta Fjord ere, besteak beste.
Bi sail horietako pelikulez gain, nazioarteko izarren bisitak ere izango dira albiste Donostian, aipatutakoez gain Brad Pittek baieztatua baitu Euskal Herrira bisita; baina Penelope Cruzek, Lali Esposito iazko Sail Ofizialeko epaimahaikideak, Ricardo Darínek eta beste.
Irailaren 7an jarriko dute egitarau osoa ikusgai, eta lehen sarrerak irailaren 13ko goizeko 9:00etan egongo dira. Egun horretan ostiraleko, larunbateko eta igandeko sarrerak erosi ahalko dira; irailaren 14 astelehenean, 21,22 eta 23koak; eta 15ean 24,25 eta 26koak.