“Nazioartean bi pilota federazio daude; euskaldunei ez zieten batean sartzen utzi eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa sortu zuten”

  • Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren izena bolo-bolo dabil, iragan astean jakin baita Arbitraje Auzitegiak bidea eman diola Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioan sartzeari. Joxemari Mitxelena Euskadiko federazioko lehendakariak honela kontatu du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren sorrera.

Joxemari Mitxelenak Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren sorrera urtarrilaren 22an kontatu zuen, Gipuzkoako federazioak kaleratu berri duen liburuaren aurkezpenean. Argazkian erdian ageri da Mitxelena, liburua eskuan eta aurkezpeneko beste ordezkariez inguratuta. Arnaitz Rubio / ARGIA CC BY-SA

2026ko urtarrilaren 26an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urtarrilaren 22an Donostiako Aquariumean aurkeztu berri du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak bere mende beteko historia jasotzen duen Botez bote 100 urte liburua (hemen kronika irakurgai). Aurkezpen ekitaldian parte hartu du Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakariak eta bere bizipenen kontakizun hau egin du:

“Duela 20 urte hasi ginen joko zuzenak berreskuratzen, Oiartzunen. Ez genekien zer zen bote luzea, zer zen mahai-jokoa, zer zen pasaka... Hori guztia berreskuratzen hasi ginen eta esan ziguten Herbehereetan joko zuzenetan jokatzen zutela eta 60.000 pilotari federatu zituztela. 2015ean zortzi lagun atera ginen Herbehereetara goizeko 3:00etan eta 19:30ean iritsi ginen furgoneta batean. Jokatu genuen eta han ikasi genuen nazioartean badirela bi federazio: Nazioarteko Pilota Federazioa eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa. 

Orduan, guk eskaera egin genuen Nazioarteko Pilota Federazioan sartzeko. Eta hurrengo urtean, 2016an, onartu egin ziguten. Gainera, onartu zuten Euskadi izenean Euskal Herria bere osotasunean ordezkatzea, zazpi lurraldeetako pilotariekin. Geroztik jokatu diren Europako eta Munduko txapelketetan, beti jokatu dugu zazpi herrialdeetako pilotariekin. Azkena duela gutxi jokatu da Europan, eta pilotari onenaren saria Iparraldeko batek jaso du, Euskadi selekzioan jokatu duenak.

Eskaera hori egin genuenean, ohorezko lehendakari zen Belgikako 90 urteko gizonak izugarrizko besarkada eman zidan, eta esan zidan: ‘Nire aita hemen izango balitz... Nire aita izan zen federazio honen sortzaileetako bat, eta euskaldunek eskatu zuten sartzea, ez zieten utzi, eta joan egin ziren eta beste federazio bat sortu zuten, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa, 1929an’.

Zeintzuk sortu zuten 1929an beste Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa? Frantziako Euskal Pilota Federazioak, Argentinako Euskal Pilota Federazioak eta Espainiako Euskal Pilota Konfederazioak. Espainiako Konfederazio delako hori garai hartan zen lau federazioren federazioa, baina ez zuen izaera juridikorik, momentuzko batuketa moduko bat egin zuten. Eta hor barruan zeuden federazioak ziren Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Katalunia. 

Guretzat dena da euskal pilota: bote luzea, pasaka, errebotea, laxoa... Baina nazioartean banatuta daude: bote luzea eta mahai-jokoa Nazioarteko Pilota Federazioan daude; eta frontoi eta trinketetan jokatzen diren jokamoldeak Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan daude”.

Daniel Carballok Botez bote 100 urte liburuan jasotako informazioa

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak aurkeztu berri duen liburuan Daniel Carballok idatzi du historiaren atala, eta bertan datu hauek ematen ditu: “Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa Argentinan sortu zen 1929an eta 1930eko Ezpeletako aktan Argentinako Federazioa, Frantziako Federazioa eta Confederación Española de Pelota delakoa aipatzen dira”. 

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko sorrera akta, 1929an Argentinan. "Botez bote 100 urte" liburutik hartutako argazkia.

Euskal Herriko federazioek sorrera horretan izan zuten ordezkaritzaz, zera dio liburuak: “1929an Argentinan egindako bilkuraren eta akordioaren aktako sinaduretan ez da ageri 1924an sortutako Kataluniako federazioaren ordezkaririk, ez 1925ean sortutako Gipuzkoako federazioaren ordezkaririk, ez 1925ean sortutako Nafarroako federaziokorik, ezta 1926an sortutako Bizkaiko federazioko arduradunik ere. Baina bai ageri dira Argentinako federazioko (1926an sortua) eta Frantziako federazioko (1921an sortua) arduradunen sinadurak. Aldiz, sinatzen dutenen artean, Espainia eta Frantziako kontsulak aipatzen dira. Ezpeleta herrian sinatuko zuten 1930ean Jean Ibarnegarayk eta Gipuzkoako Federazioko lehendakari Andres Peñak Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren estatutuen onarpena”.

 "Botez bote 100 urte" liburuaren zati bat.

Carballok lotura ikusten du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren sorreraren eta urte berean (1929an) Edmun Blazy-k argitaratu zuen La Pelote Basque liburuaren artean. Izan ere, ikerketa lan horretan lehen aldiz pilota jokoari “Basque” edo “Euskal” hitza gehitu zion eta bertan euskal pilota jokoen nazioarteko lehen araudi ofiziala ere argitaratu zuen. Carballok azalpen hauek ematen ditu Botez bote 100 urte liburuan: “Blazy Argentinan ibilia zen lehen ere, Aita Donostiarekin batera. Izan ere, Baionako apezpikuak bidaliak zituen hara, Uztaritzeko apaiztegi berria eraikitzeko hango euskaldunen artean dirua biltzera. Argentinatik, erbestean ziren euskaldunen ekimenetik iritsi zen, dirudienez, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa: sustatzaileen artean zeuden Jean Ibarnegaray; Ramiro de Maeztu Espainiako enbaxadorea eta euskalduna; Hipolito Irigoyen politikari argentinarra, jatorriz euskalduna eta Horacio B. Oyhanarte, Argentinako Kanpo Harremanetarako ministroa, jatorriz euskalduna. Esan daiteke Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak jatorrian ideologia eskuindar kontserbadorea izan zuela. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren sorreratik 1946 arte Jean Ibarnegaray izango zen bertako lehendakari”.


Irakurri gehiago: Euskal selekzioak Kirola Pilota
Euskal selekzioak kanalean gehiago
2025eko azaroaren 19
51.396

2025eko azaroaren 19
Berriketa gutxi
Mendi tontor

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.