argia.eus
INPRIMATU
Nazio Batuek baserritarren eskubideei buruzko adierazpena onartu dute
  • Abenduaren 18an New Yorkeko egoitzan burututako ekitaldian Nazio Batuen Erakundearen batzarrak onarpena eman dio munduko baserritarren eta landa eremuko beste langileen eskubideei buruzko adierazpenari. Laborarien eta elikadura burujabetzaren aldeko sindikatu, erakunde eta ekintzaileek urte luzez landutako bidearen gailurra da adierazpen instituzional hau, orain ekintza zehatzetan mamitzen joan beharko duena.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 21a
Munduko elikaduraren %70 ekoizten duten baserritar txikien bizimodua bermatzeko urrats garrantzitsua gerta liteke NBEaren deklarazioa. (Argazkia: Via Campesina)

Nazio Batuen Erakundearen 73. batzar nagusiaren baitan egin da laborarien eskubideen aldeko deklarazioaren bozketa: aldeko 121 boto, kontrako 8 eta 52 estaturen abstentzioa jaso ditu proposamenak. Via Campesina mugimenduak erabaki historikotzat ospatu duen Baserritarren eta Landa eremuetan lan egiten duten pertsonen eskubideei buruzko Adierazpena PDF formatuan gaztelaniaz eskaini du osorik.

Adierazpenaren testuingurua bideo labur honetan azaldu du EHNE eta ELB bezala Via Campesinako kide den Britainia Handiko Laborari Langileen Sindikatuak: "Baserritarrek eta neurri txikiko janari ekoizleek elikatzen dute munduaren %70a. Hala ere, gaurko elikadura sistemak, korporazio erraldoi bakan batzuek kontrolatzen dutenak, arrisku izugarrietan sartu dituzte mundu osoko baserritar komunitateak. Herrialde gehienetako politika publikoak agroindustriaren mesederako ari dira eta aldi berean nekazariak mesprezatzen. Honek ekarri du landa lurren lapurreta masiboa, baserritar familiak bortxaz kanporatzea, resistitzen dutenen gaineko zanpaketa, liderren hilketa edo kriminalizazioa eta nekazari jendearen emigrazio masiboa. 17 urte daramatzate baserritarrak eskatzen beren eskubideen mundu mailako babesa, hamarkada batez Nazio Batuen Giza Eskubideen batzordean. Pazientzia handiz negoziatu dute, gertatzen zaiena azaldu eta azkenean beren ahaleginak fruitua eman du Nazio Batuen batzarrak onartu duenean mugarria den deklarazioa laborarien eta landa eremuko beste langileen eskubideez. Sekulako garaipena da milioika elikagai ekoizlerentzako, nekazarien bizimoduaren defentsan ari direnentzako. Globalizatu itxaropena! Globalizatu borroka!"

Euskal Herritik deklarazio hori nola ikusten den EHNE Bizkaiako Alazne Intxauspek azaldu du 97 Irrati Askean.