‘Naza’ dokumentala libre eta doan eskegiko dute azaroan, Israelgo Gobernuari aurre eginda

  • Irail hasieran estreinatu zuten dokumentala Veneziako zine jaialdian, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. Ordutik, Israelgo Gobernuak hainbat mehatxu egin dizkiete bi zuzendariei, jatorriz israeldarrak biak: litekeena da herritartasuna kentzea, eta Kultura ministroak galarazi egin du sekula Israelen publikatzea, "antisemitismoa" indartzen duelako. Dokumentalak Israelgo soldaduen jokabide ilunak erakusten ditu. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten atzo.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko irailaren 25ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Donostiako Zinemaldiko emanaldia baino hamar ordu lehenago, Palestinaren genozidioa salatzeko aldarriari beste hauspo bat eman dion mezua zabaldu zuen Yuval Abraham kazetari eta Naza dokumentalaren zuzendariak: "Interes publikoa medio, Raquel [Szor] kideak eta biok erabaki dugu filma interneten doan eskegitzea, era mugagabean, munduko edozein pertsonak dokumentaleko soldaduen lekukotzak ikusi eta entzun ditzan. Aste gutxi barru izango da, azaroan, ahal dugun azkarren".

Horrez gain, Abrahamek iragarri du Israelgo zinema aretoei mezua bidali dietela, esanez debalde eskaintzen dietela filma, sorburua duen lurraldean ere estreina dadin mundu mailan bezalaxe. "Biolentzia handia dago film hau ezkutuan mantentzeko, eta beraz, ausardia handiko erabakia litzateke proiektatzeko hautua egitea", idatzi du. Israelgo Gobernuak ez du itxuraz agindurik argitaratu Naza dokumentalaren proiekzioa galarazteko, oraindik ez behintzat, eta abagune hori baliatu nahiko lukete. Baina era berean, eskuin muturrak hainbat eraso egin dizkie Yuval Abraham eta Raquel Szor zuzendariei: hala nola kale kantoi batean mural bat margotu dute haien aurpegiarekin, espetxean baleude bezala irudikatu, eta gainetik "traidore" hitza ipini. Szorren gurasoen etxean sarri egin dute eskratxea baita ere. Eta erasoen berri ematen ari diren hainbat komunikabideren egoitzei ere egin dizkiete sabotajeak. 

Irailaren hasieran, Veneziako zine jaialdian estreinatu zuten Naza dokumentala. Harrera beroa jaso zuten, tartean publikoaren 24 minutuko txaloaldia. Eta epaimahaiak ez zien sari handirik eman, baina aipamen berezia bai. Sona irabazi eta Israelgo Gobernuak berehala erantzun zuen, Benjamin Netanyahuk berak ere bai. Iragarri zuen "ikerketa" abiatu dutela bi zinegileen "iragana aztertzeko", ez ote duten Palestinako "erradikalekin" harremanik izango. Litekeena da herritartasuna kentzea ere.  

Ostegun honetan Donostiako Zinemaldian aurkeztu dute, Perlak sailean. Victoria Eugenia antzokian egin dute emanaldi berezia, filmaren lantaldeko kideen presentziarekin. Azken orduetan, Zinemaldiaren bueltan, ugaritu egin dira Palestinaren aldeko ikurrak. Baita We are Naza too aldarria ere ("Gu ere Naza gara"). Esaterako, asteartean, Euskal Zinemaren Galan, hainbat aktorek eta aurpegi ezagunek karteltxoa eskuetan eraman zuten.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Aldarri horren pean, Gernika Palestina plataformak elkarretaratzea deitu du ostiralerako Kursaalen atarian, alfonbra gorrian, 19:30ean. 

Naza, "albo-kalteak"

80 minutuko dokumentala da Naza. Akronimo bat da izenburua, Israelgo inteligentzia zerbitzuek erabiltzen dutena, zera adierazteko: eraso bakoitzean zenbat zibil hildako egon daitezkeen, "albo-kalte" gisa izendatzeko. Horri buruzkoa da dokumentala, eta Israelen ofentsiban parte hartu izan duten 24 agentek eta soldaduk hitz egiten dute. Funtzionamenduari buruzko detaileak eta gertakari zehatzak kontatzen dituzte xehe-xehe, anonimotasuna zainduta.  


2026ko irailaren 30
Hipokresia

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.