Ez da historiara pasako NATOk joan den astean Ankaran egin zuen goi-bilera ustetsua. Ez bada, gogo txarrez bederen, Türkiye herrialde-izena (Ankarako gobernuak hala eskatuta 2022tik nazioarteko antolakunde guztietan erabili behar litzatekeena) ohikoagoa egiteko emandako aurrerapauso homeopatikoagatik.
Adierazgarria da, edukiz, goi-bilkuraren benetako une gorena izatea daniar kazetari gazte batek Rutte idazkariari galdetu zionean ea ez ote zion lotsarik ematen Groenlandiako auziaren inguruan behin eta berriz azaldu duen Trumpekiko morroikeriak. Zuzena galdera, baina, orokorragoan, NATOko herrialde-buru gehienei ere egin behar litzaiekeena.
Erakunde militarraren gaur egungo topiko guztiak (Tratatuaren 5. artikuluak itunkideei eskaintzen omen dien segurtasuna; Errusiaren betiereko arriskua eta hari aurre egiteko patrika hustu beharra; Ukraina dohakabeari hitzematen zaion babes irmoa; eta Iran gaiztoari arma nuklearrak lortzen eta Ormuz kontrolatzen ez uzteko deliberoa) laburbiltzen ditu bilkuraren amaierako adierazpenak... geografia, zentzurik gabeko salmodia izango balitz bezala. Antolakundearen kide nagusia (jaun eta jabea ez esatearren) bilkura-lekutik 1.000 kilometro eskasera gerra betean murgilduta dagoenean. Ipar Atlantikotik oso urruti, beti bezala.
Erkide omen dituzten etsaiek soilik elkartzen dituzten herrialdeen sintonia kaskarra gutxitan ikusiko zen horren nabarmen. Balizko etsaiek… eta haien kontura egin beharreko gastuen partzuergoak dituzte, bai, komunean. Gero eta argiago geratzen ari baita inoiz berariazko antolakunde militarra izan ez dena, “inbertsioa” delakoan, gastu militarretan izaririk gabeko kuotak ordainarazteko kluba bilakatu dela.
Keynesianismo militarra zerbait berria balitz bezala plazaratu nahi du NATOk XXI. mendearen bigarren laurdenean. Eta horrexegatik ezin da esamoldea bera aipatu, tolesgabeenek ere eskueran dutelako Wikipedia edo adimen artifiziala, eta berehala kausitzen delako haren iragana. Horren ordez, inondik ere inbertsio ez den armagintza-gastuaren goresleek istorio politak, ekono-fikziozkoak, lantzeari ekin diote, bi buruhausterekin (Mendebaldearen gainbehera industriala eta balizko erasoen mehatxua), soluzio bikain bat osa daitekeelakoan.
Askoz istorio xarmantagoa (ala kezkagarriagoa?) izan zen, ordea, Erdoganek goi-bileraren egoitzaren atarian NATOkideei paratu ziena: hamasei soldadu, historian zehar izandako beste horrenbeste erresuma turkikoen garaiko jantzi militar distiratsuekin guardia egiten. Duela 2.300 urteko xiongnu-engandik hasi, eta duela ehun urte zendutako Otoman Inperioko jenizaroetaraino etorriz. Ihaute-giroko antzezpen bat zela irudituko zitzaion bati baino gehiagori.
Ez dut uste hori zenik Erdoganek helarazi nahi zuen mezua. Eta ez zuen hala ulertu handik zebilen besteren batek ere.