“Kapitalismoak bizirauteko behar duen gerra egiteko dago NATO”

  • Iragan ostegunean 40 urte bete ziren Hego Euskal Herriak NATOri ezetz esan zionetik. 1986ko martxoaren 12an Espainiako Estatuan eginiko erreferendumean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan zenbatutako botoen %65etik gora izan ziren erakundearen kontrakoak. Egun NATOk duen gaurkotasunaz kezkatuta eta antolakuntza internazionalista ipar, efemeride borobila baliatu dute hainbat eragilek elkarlanean Ipar Atlantikoko erakundearen kontra mobilizatzeko. Manifestazio nazionala egin dute Iruñean larunbatean. Protesta egunaren atarian, kapitalismoaz, gerraz, NATOz, 1986az, internazionalismoaz, eta datorkigunaz mintzatu gara manifestazioaren antolakuntzan dabilen Rebekarekin.

Larunbateko manifestazioko irudia

2026ko martxoaren 16an - 08:50
Azken eguneraketa: 11:54
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hainbat talde zabiltzate lanean, ezta?

Bai, hala da. Euskal Herri osoko talde ezberdinak antolatu gara: Askapena, Bardenas Ya, Bultza EHm-l, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herria Bizirik, Indar Nafarroa, Jardun, OTAN Ez Plataforma eta Zabaldi. Bagara talde anitzak, Bardeako tiro-poligonoaren aurkako taldeak, Euskal Herriko erakunde marxista leninistak, Euskal Herriko etxebizitza-sindikatuen sarea, lurraren defentsan gabiltzan taldeak, antimilitaristak... Aspalditik gabiltza lanean, bakoitza bere aldetik bada ere, baina elkartasun internazionalistan kokatuak. Antolatzaileez gain, beste dozenaka eragilek ere bat egin dute deialdiarekin.

Zein helburu dituzue?

Hego Euskal Herrian NATOri duela 40 urte ezezko botoa eman zion gizarte horren kapital politikoa berpiztea. Gizarte gisa eragiten digunari buruz erabakitzeko ekintza bat izan zen ordukoa. Borroka horri ekin nahi diogu berriro, inoiz baino indartsuago. NATOk ardatz inperialistaren hedapena eta hegemonia mantentzea du helburu, haren beso armatua da. Ez dugu parte hartu nahi erakunde kriminal horretan. 1986an Hego Euskal Herriak inperialismoaren oinarriak astindu zituen, eta horri heldu nahi diogu orain ere. Gure hondar aletxoa horren kontra jartzea da helburua, gure kontzientziak mugiaraztea.

Zein zen testuingurua 1986an?

Urte mugituak izan ziren. “Industria-birmoldaketa” deiturikoaren atarian geunden, Euskal Herriko industria-eremu handien desegitea ekarri zuena, eta lanpostu asko suntsitu zituena. Langileen borroka oso indartsua zen, bagenekielako borrokaren bidez aldaketa handiak lor genitzakeela. Greba orokorrak, Euskaldunako bataila, Lemoizen garaia, Reagan eta Thatcherren politikak, potentzia inperialak Libian, Nikaraguan,...

"NATOk balio du munduko langileak, ekosistemak, herriak, bizitzak, hizkuntzak, kulturak eta identitateak suntsitzeko"

Estatu mailan, Leopoldo Calvo Sotelo Espainiako Estatuko presidente kontserbadoreak 1982an NATOn sartu gintuen. Ondoren, 1982an, PSOEk hauteskundeak irabazi zituen, besteak beste, NATOn segi ala atera erabakitzeko erreferendum bat egiteko promesarekin. Une horretan, PSOE Ipar Atlantikoko erakundearen aurka zegoen, eta ezkerreko alderdia izanik, gauzak beste modu batera egin zitezkeenaren esperantza zabaldu zen gizartean. Baina ikusi genuen erabateko engainua izan zela; demokraziaren aurpegiarekin aurreko erregimenari jarraipena emateko trikimailu bat bainio ez. Legegintzaldiaren amaieran (1986) egin zuen erreferenduma Felipe Gonzalezen gobernuak, dagoeneko NATOren barruan jarraitu beharreko jarrera argiarekin eta galdeketaren erantzuna baldintzatzeko asmoarekin. Beldurrean oinarritutako kanpaina handia egin zuten, esanez Espainiako Estatua isolatuta geratuko zela Europan NATOtik ateraz gero, edo ez zietela utziko EEE Europako Ekonomia Erkidegoan sartzen.

Euskal Herrian antolaketa kolektibo handiko garaia izan zen. Gizarte mugimendu asko zeuden NATOren aurka: antimilitaristak, ekologistak... eta kale kanpaina handia egin zen erakundearen aurka. Gainera, erreferendumeko ezezkoak soldadutzaren kontrako mugimendua indartu zuen. Alderdi politikoei dagokienez, EAJk euren afiliatuei botoa emateko askatasuna eman zien, baina Arzallus eta Ardanza alderdiko buruak NATOn jarraitzearen alde agertu ziren. Garaikoetxea kontra zegoen, agerian utziz EAJren haustura eta EAren jaiotza izango zenaren hazietako bat. Herri Batasuna (HB) NATOren kontra zegoen, eta Egin-en eragin handia izan zuen manifestu bat argitaratu zuen. Estatu osoan NATOren aldeko kanpaina oso indartsua izan zen: espazio publikoa eta komunikabideak hartuz, eta era berean, HBk bere zeregina egin ahal izatea mugatuz.

Zein zen giroa Ipar Euskal Herrian?

Euskal Herri osoan zegoen aipatutako ezinegon politikoa, baina Frantzia NATOko kide izan zen sorreratik (1949), eta ez da inoiz galdeketarik egin ostera.

Mundua sutan dago. Kapitalismoak ezinbestekoak du gerra?

"Kapitalaren kontraesanak zenbat eta gehiago azaldu, orduan eta larriagoa da gerra berriak sortzeko beharra"

Bai. Krisia kapitalismoaren berezko fasea da. Ez da sistema harmoniko bat. Orain, faktore anitzekoa den iraupen luzeko krisi batean gaude: ekonomikoa, ekologikoa, soziala... kapitalismoak ezin du krisitik atera egungo logika sistematikoen barruan, izan ere, planetaren muga biofisikoak ez ditu errespetatzen eta hazkunde mugagabean oinarritzen da. Horregatik, kapitalismoak industriaren, ekoizpenaren eta gizarte-harreman guztien finantziaziora eta militarizaziora jotzen du, eta hor erdian, gerra jartzen du inbertsio-bide nagusi gisa, etekinak lortzeko eta baliabide natural berriak eskuratzeko. Kapitalismoak gerra behar du sistemari eusteko. Are, kapitalaren kontraesanak zenbat eta gehiago azaldu, orduan eta larriagoa da gerra berriak sortzeko beharra.

Badu sabairik?

Sistema honen barruan ez dugu eskalada militarra eragozten duen sabairik ikusten; sabaia erabateko suntsipena izan daiteke, edo gure espeziea suntsitzeko baldintza materialak sortzea. Beste alde batetik, muga izan daiteke herrien arteko indar-artikulazioa eta erresistentzia. Adibidez, Palestina, Donbass, Venezuela, Sahel, Iran... inperialismoaren aurkako erresistentzia-haziak dira.

Mendebaldeko herrialde industrializatuek energia fosila lortzeko zailtasun handiak dituzte, beraien energia-itzuleraren tasa –ekoitzitako energia eta energia hori erauzteko, eraldatzeko eta banatzeko behar den energiaren arteko aldea– ekonomikoki bideragarria izan dadin. Hori dela eta, gerra irtenbide bideragarri bakarra da une honetan, etenaldi betean dagoen industria suspertzeko. Sistema genozida eta ekozida da. Pertsonen eta naturaren suntsipena behar du.

Zein da NATOren funtzioa gaur egun?

NATOk balio dio AEBetako burgesiak, Europar Batasuneko bere aliatuekin batera, gidatzen duen inperialismoari hedatzen jarraitzeko eta hegemonia mantentzeko. Testuinguru horretan kokatzen ditugu NATOk Donbassen aurka egindako eraso inperialista edo sionismoaren aurkako erresistentzia osatzen duten Ekialde Hurbileko herrien aurkako erasoak. NATOk balio du, halaber, kolonizatutako herriak ez daitezen beren baliabideen jabe izan eta ez daitezen autonomoak izan beren gobernantzetan. Adibide bat ematearren, begira Sahel. Baina NATO haratago doa. Kapitalismoaren eta inperialismoaren bermea da, munduko langileak, ekosistemak, herriak, bizitzak, hizkuntzak, kulturak eta identitateak suntsitzeko. Funtsean, hegemonia inposatzeko.

"Aberastasuna baino, miseria banatzea dagokio sozialdemokraziari, kapitalaren markoak ez baitu besterik onartzen"

Euskal Herrian ez gara salbuespena, ezta? 

Sistema horren barruan gaude. Euskal burgesiak Espainiako eta Frantziako burgesiekin bat egitearen aldeko apustua egin du Europan. Adibide asko ditugu: energia eta nekazaritza makroproiektuak garatzen dabiltza, beraien onuretarako; AHTa ardatz egituratzailea da gai militarretarako balio duten merkataritza-garraioko sareen garapenean; Hego Euskal Herriko administrazioak armagintza sektoreari lotutako industriei emandako laguntzak hirukoiztu ditu; Euskal Herrian egoitza duten Sener, ITP eta Sapa enpresak aktiboak dira Europako defentsaren proiektu estrategikoarekin lotutako programa militarretan; Sidenor, Dassault Aviation eta CAFek Palestinako herriaren genozidioarekin negozioa egiten dute... Gerra inperialistak eragindako hazkunde-eredu bat inposatzen ari zaigu.

Nola egiten zaio aurre hori guztiari gure txikitasunetik?

Historikoki bidegabekerien aurka antolatu eta altxa den herria izan gara. Gure lurraldetasunetik kapitalari aurre egin izan diogu. Kalearen mugimenduari dagokionez, garai lasaixeago batetik gatoz, baina erresistentzia berriak sortzen hasi dira: genozidioaren aurka, etxebizitzaren borrokan... Orain euskal langileoi dagokigu pauso bat ematea lurraldea autoritarismoaren eta errepresioaren aurrean defendatzeko. Borroka hori faxismoaren aurkakoa ere bada. Eragile aktiboak izan behar dugu gure lurraldearen inguruan nola antolatu nahi dugun erabakitzeko.

Internazionalismoa aldarrikatu duzue

Internazionalismoa inperialismoaren kontrako arima da. Esplotazioaren eta menderatzearen kontra borrokan gabiltzan herrion arima. Herriok konplizitateak, erantzukizunak eta konpromisoak bilatzen ditugu elkarri laguntzeko, botere ekonomiko eta politikoen erasoen aurka. Botere horiek elite bat osatzen dute, beste herri batzuk menperatzen, azpiratzen eta erauzten dituztenak. Horretarako gerrak eragiten dituzte, herrialdeak ezegonkortzeko, presidenteak boteretik kentzeko, eta postu horiek inperioaren txotxongiloekin betetzeko. Neokolonialismoan eta estraktibismo basatienean oinarritzen den sistema bat da, baliabide naturalak erauzi eta odolez tindatzen den aberastasuna sortzeko. Herri ezberdinetako klase apalek euren biziraupenaren kontzientzia eta borrokatik sortzen den laguntza. Hori da internazionalismoa guretzat.

"Eragile aktiboak izan behar dugu gure lurraldearen inguruan nola antolatu nahi dugun erabakitzeko"

Sozialdemokrazian izan dezakegu itxaropena?

Sozialdemokrazia liberalek aberastasuna banatzeko promesa egin zuten, beste leku batzuetatik ateratzen zen aberastasuna banatzekoa, alegia. Baina ikusi dugu sistema horrek ezin duela kapitalaren gainbehera kudeatu. Gero eta aberastasun gutxiago dago banatzeko, eta aberastasun hori gero eta esku gutxiagotan biltzen da. Hori irauli ahal izateko, ez dute balio estatu baten erreforma txikiek, estatu horiek industria eta finantza politika transnazionalak bultzatzen dituztelako, politika publiko eta sozialen kaltetan. Begiratu gurera: etxebizitza-politika, osasun-politika, hezkuntza-politika, energia-politika... dena merkantilizatu da. Gaur egun, estatuen zeregina ez da aberastasuna birbanatzea, baizik eta funts publikoak arlo pribatura desbideratzea. Horren adibide dira Europar Batasuneko Next Generation funtsak, edo armagintza enpresetara doan diru publiko guztia. Aberastasuna baino, miseria banatzea dagokio sozialdemokraziari, kapitalaren markoak ez baitu besterik onartzen. Gainera, sozialdemokraziaren zeregina protesta kaletik atera eta erakundeetara eramatea da, hau da, ezer lortuko ez den tokietara. Bake faltsu herren bitartez, herriaren borrokari eta haserreari eusten dio sozialdemokraziak.

Berpiztu daiteke duela 40 urteko begirada kritiko hori?

Noski! Beharrezkoa da gure lurraldetasunetik borrokak antolatzea, gainbehera inperialista honi guztiari aurre egin diezaiokeena. Gure aldetik, irentsarazi nahi dizkiguten neurriak salatzen jarraituko dugu. Zibilizazioa bera arriskuan jartzen duen sistema bati aurre egiteko premia handia dago, eta bide horretan NATOri ezetz esan behar zaio.

 

 


Irakurri gehiago: NATO Nazioartea
NATO kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.