Naparrari buruzko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu dute, bere desagerpenaren 46. urteurrenean

  • GEBehatokiak Jose Miguel Etxeberria Álvarez Naparrari buruz CNIren esku egon daitezkeen dokumentu ofizialak desklasifikatzea eskatu du; zehazkiago, Ramón Francisco Arnau de la Nuez agente ohiaren deklarazioa.

     


2026ko ekainaren 11n - 11:07
Azken eguneraketa: 12:58
Naparraren gorpuzkiak topatzeko lanak, Landetan.. Egiari Zor
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ortzegun honetan 46 urte bete dira Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra bortxaz desagerrarazi zutenetik; hala onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak 2014an. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak jakinarazi du euskal diputatu eta senatari guztiei zuzendu zaiela Espainiako Gobernuari eska diezaioten “berehala desklasifikatzeko” egungo CNIren (orduan CESID) esku egon litekeen Naparra “bahitu, desagerrarazi eta ezkutatzeari buruzko dokumentazioa”. Zehazki, GEBehatokiak aipamena egin dio Ramón Francisco Arnau de la Nuez inteligentzia agente ohiaren deklarazioari, hura oinarrizkoa izan baitaiteke Naparra aurkitzeko.

Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten bizirik azken aldiz, Ipar Euskal Herrian; garai hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako militante eta errefuxiatua zen. Batallón Vasco Españolek (BVE) behin baino gehiagotan bere gain hartu zuen haren bahiketa eta ondorengo exekuzioa.

GEBehatokiak gogoratu du Arnau de la Nuezek Naparraren gorpuzkien "kokapen zehatzaren berri zuzena eta frogagarria" eman zuela. Talde memorialistak azaldu du CESIDentzat lan egin ei zuela, eta jendaurrean Naparrari dagokion baieztapen hori egin zuela: "Lekuko horrek Brocas herrian [Landak, Frantzia] ustez lurperatuta dagoen lekua deskribatu zion familiari”.

Hain zuen, Naparraren gorpuzkiak aurkitzeko bi indusketa lan egin zituzten; 2017an bata eta 2024ko maiatzean bertzea, Landetan: emaitza "negatiboa" izan zen orduan ere. Horregatik, GEBehatokiak "koordenatu zehatzak" nahi ditu. 

Arnau de la Nuezen adierazpena “zantzu froga sendoa da”, GEBehatokiarentzat: "Espainiako inteligentzia zerbitzuek txosten operatiboak, jarraipen oharrak edo, gutxienez, lurralde inteligentziako agiriak egin zituzten, eta lurperatze klandestinoaren datu geografikoak jaso ziren bertan”. GEBehatokiak dio ematen duela dokumentazio hori egon badagoela: “Estatuaren esku dago oraindik, eta legez kanpo sailkatuta”.

Diputatu eta senatariei igorritako gutun batean, talde memorialistak galdegin die dokumentazio horren desklasifikazio partziala eskatzeko Espainiako Gobernuari, “gehienez hiru hilabeteko epean”, gorpuzkiak aurkitzeko beharrezkoa den informaziora mugatuta: “Koordenatu geografiko zehatzak, lurperatzearen data eta erreferentziak, eta koordenatu horietara eraman zuen inteligentzia eragiketaren txosten laburra”.

Halaber, CNIri galdegin dio eskatzeko “Frantziako agintaritza judizialari jakinaraz diezaiola gorpua non dagoen, lurpetik atera eta familiari duintasunez eman ahal izateko”.

CNIk eta Espainiako Gobernuak eskaerak aintzat hartzen ez badituzte, GEBehatokiak taldeei proposatu die Espainiako Gobernuari agerraldia eska diezaiotela Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordean, “desklasifikazioaren aurka zergatik egiten duen azaltzeko, bai eta CESIDen derrigorreko desagertzeei buruz sailkatuta dauden dokumentuen guztizko kopuruaren berri emateko ere”.

GEBehatokiak apirilean iragarri zituen bertze bi ekimen. Batetik, legearen esparruan terrorismoaren biktimatzat aitortzeko eskaera bat egin zuen. Bertzetik, Naparraren auzian egindako “aurrerapen urriak” jakinarazi zizkion NBEko bortxazko desagertzeei buruzko lantaldeari, hark eska diezaien Espainiako eta Frantziako gobernuei berriro esku hartzeko; hau da, Naparraren gorpua bilatzen jarrai dezaten.

Gasteizko Memorialaren erakusketa

GEBehatokiak salatu du ere Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Naparra aipatzen segitzen duela "terrorismoak Espainian desagerrarazitakoei" buruzko erakusketa batean. Absentzia presenteak erakusketa apirilean estreinatu zuen zentroak, eta Naparraren aipamena "berariaz erretiratzeko eskatu" zioten familiak eta Egiari Zor fundazioak, haren heriotzaren inguruko egia "desitxuratzeagatik".

GEBehatokiak "onartezina" dela erran du: "Ez da etikoa biktimen aldeko ekintzak egitea, eragindako biktimen iritziari ez ikusi eginez. ETAren biktimak balira, hori ez zatekeen inoiz gertatuko". Taldeak uste du "denak" ez duela balio zentro horrek "kontakizun bakarra inposatzeko" egiten duen ahaleginean: "Bazterketan sakonduta, biktimei min egin eta berriz biktimizatzen ditu".


Estatuen biktimak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...