Naomi Watts: “Oxala pelikula honek elkarrizketa bultzatuko balu”

  • 74. Zinemaldiak larunbatean emango du bere bigarren Donostia Saria: Naomi Wattsek jasoko du. The Housewife pelikula aurkezten izan da aktore britainiarra, AEBetan zenbait urtez bizitza eredugarria eraman zuen kriminal nazi baten istorioa kontatzen duena. Prentsa aurrean, aitortu du zaila egin zaiola pertsonaiaren psikologia duala antzeztea; eta pelikulak publikoak bere buruari galderak egitea bultzatzen duela azpimarratu du.


2026ko irailaren 19an - 12:22
Azken eguneraketa: 2026-09-20 08:50
Donostiako Zinemaldia / Ulises Prouest
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

“Jende normala deabrua izan daiteke. Gorrotoak, deabruak ez dute zertan leku arraro, ezohikoetan egon; leku normaletan egon daiteke, leku atseginetan”, Ben Shirinian The Housewife pelikulako zuzendariaren hitzak dira, eta hitz horiek laburbildu dezakete pelikula. Naomi Watts, aurtengo bigarren Donostia sariduna, du protagonista pelikulak, bere pertsonai Hermine Ryan-en baitan mugituko dira pertsona “atsegina” eta “deabrua”. Larunbat iluntzeko galan jasoko du aurtengo bigarren saria, bezperan Werner Herzog zuzendariak egin gisan.

Etxekoandre perfektua da Hermine Ryan. 1960ko hamarkadako AEBetako beste edozein etxekoandreren gisan, plastikozko bizitza ideala gorpuztuko du. AEBetako herritartasuna eskuratzeko elkarrizketa aise gaindituko du “Amerikan nahi duzuna izan zaitezke” esaldi propagandistikoa botata funtzionarioari. Izan ere, bere azal zuri, ile hori eta begi urdinek susmorik piztuko ez badute ere, bere azentuak egia dakar: austriarra da Ryan anderea. The New York Times-eko kazetari gazte batek ikerketa abiatuko du, etxe horretan nazi bat bizi den frogak baititu. Istorio erreal baten oinarritua, AEBek estraditatu zuten lehen Alemaniako gerra kriminalaren istorioa gorpuztu du Wattsek.

Dualtasuna taularatu behar izan du, beraz, britainiarrak. “Horren krimen larriak egin zituen” baina “herritar ona” zen emakume baten dualtasuna; rola "oso konplikatua" dela onartu du. Duela zortzi urte jaso zuen gidoia, eta aitortu du “shock”-a izan zela, ez baitzekien benetako istorioa zenik. Orduko hartan ere gorrotoa “goraldian” zegoela gogorarazi du, kazetarien galderei erantzunez, eta egun egoerak okerrera egin duela azpimarratu du. Gazako genozidioagatik galdetuta, defendatu du pelikulak erantzunak baino galderak luzatzen dizkiola ikusleari: “Nola utzi genuen hau gerta zedin? Ezin dugu berriz gertatzerik baimendu”.

Ikusleak, 1960ko hamarkadan The New York Times-eko Joseph Lelyveld (Tye Sheridan) kazetariak egin moduan, apurka-apurka joango dira ezagutzen nor izan zen Hermine Ryan, Hermine Braunsteiner deskubritu arte. Horixe zuen asmo Shirinian zuzendariak, emakume haren alde psikologikoa garatu nahi zuen, jendeak ezagutu zezala. Eta Wattsek onartu du parte hori zaila egin zitzaiola, rol horrek eskatzen dionik inoiz ez duela egin, nahiz eta dolua eta identitatea “ohikoak” diren bere lanean.

Emakumeak eta adinkeria

Duela hamazazpi urte egon zen azken aldiz Naomi Watts Donostiako Zinemaldian. Ordurako, jada, bere karrerak bukatua behar zuen, 40 urteak pasatu berri baitzituen. Horixe esan zioten aktore britainiarrari Hollywooden hasi zenean, 30 urteak pasatuta. “Berandu hasi nintzen Hollywooden, eta esan zidaten martxa hartu nezala, 40 urterekin amaitzen baitzaie bidea emakumeei han”, azaldu du aktoreak. 57 urte ditu orain, 58 betetzeko astebeteren faltan, eta umoretsu esan du: “Hemen nago”. Emakumezko aktoreen adinkeriagatik galdetuta erantzun du hori aktoreak, eta azpimarratu du egoera aldatu dela, eta 40 urtetik gorako emakumezkoen istorioek isla behar dutela zinean.

Gogoan izan du David Lynch zinema zuzendaria, iaz zendu zena, hark zuzendutako Mulholland Drive (2001) pelikularekin lortu baitzuen fama. Ordura arte, hamarkada bat eman zuen ezezkoak jasotzen. Zuzendari estatubatuarraren pelikulak ateak ireki zizkion, eta “betirako” egongo zaio eskertuta, horrela heldu baita Hollywooden hasi zenean heltzea esperoko ez lukeen lekura.

Adineko emakumeen errealitatearekin bezala, LGTBIQ+ kolektiboarenarekin ere abegikor jokatu du. Zinea dauden arte forma “handienetako bat” dela azpimarratu du, eta denetariko istorioak egon behar direla bertan, “gutxiengoenak” ere bai.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.