Duela 23 urte sortu zenetik, Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko jaialdia, erreferente kulturala da hirian zein Euskal Herrian, herriz herri ere egiten baititu emanaldiak. Aurten ere asmo horixe du ekainaren 22 eta 29 artean egingo den edizioak. San Frantzisko auzoko lokal txiki batean egosten da dena, urtez urte, proposamena ernatzen duen lantaldean, Alaitz Arenzana (Bilbo, 1976) zuzendariak koreografiatutako familia anitz batek eraikia.
Bosgarren urtea duzu Zinegoak-en zuzendaritzan. Nola hasi zinen horretan?
Zinegoakekin dudan lotura urte batzuk lehenago hasi zen: hasieran, atal esperimentaleneko epaimahaikide gisa eta, geroago, galak diseinatzen eta zuzendari laguntzaile gisa lanean. Zuzendaritza hartzea proposatu zidatenean, oso jaialdi finkatua eta estrukturalki sendoa aurkitu nuen; baina, kultur proiektu asko bezala, hauskorra ere bazen, eta bere burua birpentsatu beharra zeukan.
Lehenengo egin nuena lantalde osoarekin biltzea izan zen, gure norabidearen noranzkoa galdetzea. Jaialdiaren iraupena, antolakuntza mota edota zer nolako gunea eraiki nahi genuen aztertu genuen. Aurreko zuzendaritzarekin batera diagnostiko bat egin genuen, Zinegoakek zer behar zuen ulertzeko eta egungo garaietara nola egokitu ikusteko. Helburu nagusietako bat jaialdia proiektu kolektiboagoa eta jasangarriagoa bihurtzea zen, baita horri eusten dioten pertsonentzat ere, baldintza duinagoekin eta egonkortasun ekonomiko handiagoarekin. Lantalde anitza eraikitzen ere saiatu gara, begirada intersekzional zabal batekin, gure ideia politiko eta kulturalekin koherentea dena.
Zelan programatu jaialdiak bere hautaketan begirada kritiko, disidente eta intersekzionala islatzeko?
Oso kritikoak gara esan nahi dugunarekin, eta egitarauaren edukiek posizio bat azaleratzen dute. Jatorrizko galdera beti bera da: zein bizitzari buruz ari gara eta zein lekutatik?
Proposamen transfeminista eta antiarrazista izan dadin saiatzen gara, eta perspektiba horrekin egiten dugu lan, etengabe eztabaidan dagoen programazio taldean. Horrek laguntzen digu identifikatzen zein pribilegio ari garen erreproduzitzen, zein begirada jartzen ditugun erdigunean eta zeintzuk kanpoan. Gauza oso zehatzei ere erreparatzen diegu: zenbat film diren europarrak, zenbat datozen beste kontinente batzuetatik, zein ekoizpen egitura dauden atzean, non dagoen dirua. Programazio bati buruz asko esaten duten elementuak dira. Politikoa da beti narrazio berberak –historikoki irakatsi dizkiguten narrazio europar, zuri eta normatiboak– ikustearen inertzia zalantzan jartzea. Azkenean, pauso bat atzera egitea da: entzun, begiratu eta espazioa uztea beste pertsona, gorputz eta nortasun batzuek kontakizunen erdigunea har dezaten eta beren istorioak beren lekuetatik kontatu ditzaten.
Zuzendaritza hartu zenuenetik, euskararen presentziak gora egin du jaialdian.
"Film asko jaialdien zirkuitura mugatzen dira, eta jaialdien zirkuituak berak ere zinema industriaren dinamika eta arauei erantzuten die"
Azken urteotan asko hausnartu dugu horri buruz. Hizkuntzaren, nortasunaren eta disidentziaren arteko harremanean fokua jartzen duten elkarrizketak, elkarlanak eta proiektu espezifikoak sortu ditugu; adibidez, June Fernandezen Nola esan/izan bollera euskaraz proiektuaren argitalpena, oso esanguratsua izan zen.
Lurralde elebidun batean bizi gara eta pertsona guztiek jaialdia eroso sentitzen diren hizkuntzan gozatzea funtsezkoa iruditzen zait. Zinegoakek espazio horiek sortzeko eta euskararen presentzia begirada queer eta transfeminista batetik indartzen jarraitzeko erantzukizuna du. Oraindik ez dugu parekotasun errealik lortu eta ez da erraza, baina apustua sendoa da: jaialdian parte hartzen duten film labur guztiak euskarara azpititulatzen dira, eta lantaldearen zati handi batek euskara erabiltzen du bere egunerokoan. Lehen ez zuen zentraltasuna ematen saiatzen gara, garrantzitsua baita ikusleek erreferenteak aurkitzea hizkuntzaren bidez. Gustatuko litzaiguke euskarazko film luze gehiago izatea. Azken edizioan, zorionez, Jone, batzuetan izan genuen, baina aurten, adibidez, ez daukagu euskarazko film luzerik Sail Ofizialean, ez baitugu bat bera ere jaso.
Zer berrikuntza dakar, bada, aurten Zinegoakek?
Aurten berrikuntza ugarirekin dator Zinegoak. Garrantzitsuenetariko bat Ohorezko Saria da; Bev Ditsie-k jasoko du, Hegoafrikako LGTBIQ+ eskubideen aldeko eta apartheidaren aurkako borrokan aitzindari den zinemagileak. Gainera, bere bi film proiektatuko ditugu, artxiboari, memoriari eta aktibismoari estu lotutako lanak. Ziklo berriak ere estreinatuko ditugu, hala nola begirada dekolonialei eskainitako Indisciplinades (Indiziplinatuak): queer kontzeptua nondik ulertzen dugun zalantzan jartzen du, eta Mendebaldeko begirada hegemoniko eta zuritik kanpo geratu diren hausnarketak bultzatzen ditu.
Azken batean, aurtengo edizioak, beste behin ere, galderak plazaratzearen, begiradak zabaltzearen eta existitzeko beste modu batzuk irudikatzeko espazioak sortzearen aldeko apustua egingo du.
Areto komertzialetara LGTBIQ+ pertsonaiak dituzten filmak gero eta gehiago heltzen diren honetan, zergatik da oraindik beharrezkoa Zinegoak?
Hemen erakusten ditugun film asko ez dira iristen areto komertzialetara edo plataformetara, baina film horiek indartsuak eta ausartak dira, gure errealitatearen aniztasuna ulertzeko funtsezkoak. Adibidez, aurreko edizioko Sail Ofizialeko irabazlea, Between Goodbyes (Jota Mun) bi sari jaso zituena, ez da estreinatu, ez dago estreinatzeko aurreikuspenik, eta ez dago inongo plataformatan ikusgai. Horrek ikus-entzunezkoen industriaren funtzionamenduaz ere hitz egiten du, eta erakusten du zein kontakizun hartzen diren ikusgarritzat edo errentagarritzat. Plataformek istorio queer edo LGTBIQ+ batzuk txertatzen dituzte, baina alborapen oso argia dago: narrazio normatiboagoen edo erraz kontsumitzeko modukoen aldeko apustua egiten dute, eta proposamen konplexuagoak, erradikalagoak edota beste gatazka politiko eta sozial batzuek zeharkatutakoak kanpoan geratzen dira.
Gure gertuko testuinguruan pentsatzen badugu, argi ikusten da. Oso film gutxi ditugu oraindik gure errealitateetatik hitz egiten dutenak. Azken urtean Jone, batzuetan eta Maspalomas izan ditugu –miraria izan dena–, baina, zenbat gehiago?
Zer gertatzen da zirkuitu komertzialetik kanpo geratzen diren film horiekin?
Film asko jaialdien zirkuitura mugatzen dira azkenean, eta jaialdien zirkuituak berak ere zinema industriaren dinamikari eta arauei erantzuten die. Hierarkiak, interesak eta joerak daude, eta horiek baldintzatu egiten dute zein film mugitzen den gehiago eta zeintzuk geratzen diren kanpoan. Zinegoaken, aurten KRAK saila berritu dugu, eta KRAK Debut deitu diogu. Begirada berritzaile eta esperimentalak ez ezik, lehen filmak ere hartzea nahi genuen. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun hasten ari direnentzat espazio bat sortzea; izan ere, hastea oso zaila da oraindik jaialdi askotan, eta uste dugu hor ere badugula erantzukizun bat. Azken finean, interesatzen zaiguna da askotan beste zirkuitu batzuetan lekurik aurkitzen ez duten kontakizun eta testuinguruei bidea irekitzea.
"Denbora luzez, LGTBIQ+ narrazioak draman zentratuta eta onarpenari lotuta egon dira, LGTBIQ+ izateagatik zorigaitzak zeharkatutako pertsonaiez beteta"
Eta pertsonaiak? LGTBIQ+ pertsonaietan egon da aldaketarik azken urteetan?
Denbora luzez, LGTBIQ+ narrazioak draman zentratuta eta onarpenari lotuta egon dira, LGTBIQ+ izateagatik zorigaitzak zeharkatutako pertsonaiz beteta. Zorionez, hori aldatu egin da, eta Zinegoakeko programazio taldean ere horiek saihesten saiatzen gara. Bizitza posibleak, konplexuak, bizigarriak eta zoriontsuak erakustea interesatzen zaigu. Orain indar handiagoz agertzen dira lanari, adiskidetasunari, desioari, memoriari, migrazioari, familiari edo komunitateari buruzko istorioak. Eta horrek lotura handia du erreferenteak eraikitzearekin eta existitzeko beste modu batzuk irudikatzeko aukerarekin.
Film askok gizartean dagoen LGTBIQ+fobia erakusten jarraitzen dute, indarkeria horrek hor murgilduta jarraitzen duelako. Baina interesgarria da ikustea horrek nola bultzatzen dituen pertsonaiak sareak sortzera, komunitatea eraikitzera espazio askeagoetan non bizitza ez den beti modu berean antolatu behar.
Zer esan nahi du zuretzat une honetan jaialdia zuzentzeak?
Niretzat ardura oso handia hartzea dakar, bai maila pertsonalean, bai ekonomikoan. Zinegoak bezalako jaialdi bat kudeatzea egitura konplexu bat koordinatzea eta lantalde zabal eta anitz baten parte izatea da. Eta horretarako funtsezkoa da eztabaidatzea, elkarri entzutea eta guztion artean kolektiboki eraikitzea. Batzuetan sentitzen dut jaialdia zuzentzea koreografia handi bat egitea bezalakoa dela: elementu askok hartzen dute parte eta pertsona bakoitzak funtsezko papera du. Oso polita da prozesu hori kolektiboki nola eraikitzen den ikustea: jendea iristen da, bere lekua aurkitzen du eta ardurak hartzen ditu guztiz elkarlotuta dagoen kate baten barruan.
Zailtasunak ere baditu, jakina. Lehenengo zailtasuna lantalde zabal bati eta askotariko eremuei eutsi ahal izango dien aurrekontua eraikitzea da. Zinegoaken film luze eta laburren programazioa, trafiko taldea, azpitituluak, bideo eta argazkiak, bidaien eta gonbidatuen kudeaketak, aretoekin akordioak itxi, alokairuak kudeatu… Hau da, egitura logistiko nahiko handia eta konplexua da. Taldeko pertsona asko urte osoan gaude harremanetan, baina momenturik intentsoena lan hori guztia jaialdiaren hilabeteetan kontzentratzea da. Hor, zailtasun nagusia lantaldeko pertsonek denbora hori erreserbatu ahal izatea da, egitura egonkorra mantentzea eta tentsio ekonomikorik ez izatea.
Asko hitz egiten da publiko gaztearen eskuineranzko joeraz. Uste duzu Euskal Herrian LGTBI kulturaren gorakadarik dagoela horri aurre egiteko?
Ez dakit LGTBIQ+ kulturaren gorakadarik dagoen: nire ustez LGTBIQ+ kultura egon badago, baina tokiaren arabera. Esparru guztietan gehiago egon beharko lukeela uste dut, modu zeharkakoan eta egunerokoan. Dudan sentsazioa da arretaz begiratzeari utzi bezain pronto, atzera pauso asko eman ditzakegula. Oraindik asko dago egiteko. Nik askotariko testuinguruetan jarraitzen dut entzuten arauaren barruan sartzen ez diren jarrera edo adierazpenen kontrako irainak, eta hori LGTBIQ+fobia da. Eta horrek geure buruari zintzotasunez galdetzera eramaten gaitu: esan al dezakegu hori gertatzen ez den gizarte batean bizi garela? Nire ustez, ez.
"Politikoa da beti narrazio berberak —historikoki irakatsi dizkiguten narrazio europar, zuri eta normatiboak— ikustearen inertzia zalantzan jartzea"
Zinegoakeko zuzendari izateaz aparte, sortzaile ere bazara: Señora Polaroiska artista kolektiboko kide izaten jarraitzen duzu. Nola uztartzen dituzu sorkuntza artistikoa eta kultur kudeaketa?
Orain hobeto daramat, baina bolada batean ezin izan nituen uztartu. Kultur kudeaketak denbora eta energia asko eskatzen du, eta, gainera, ama izatea erabaki nuen. Señora Polaroiskarekin sorkuntza handiko etapa batetik gentozen eta etenaldi bat egiteko beharra sentitu genuen. Jaialdiaren zuzendaritzan bost urte eman ondoren, lantaldea egonkorragoa da eta nire seme-alabak pixka bat nagusiagoak diren heinean, berriro hasi naiz sortzen. Espazio artistiko hori apurka-apurka berreskuratzen ari naiz, eta egia esan oso pozik nago.
Bost urte daramatzazu, hain zuzen ere, Zinegoaken. Etorkizunera begira, jaialdiak gizartean zer eragitea nahiko zenuke?
Gure begiratzeko eta munduan egoteko modua desikasten ikasteko leku bat izatea nahiko nuke. Haustura-leku bat izatea, non ikasi dezakezun, non buruak "krak" egingo dizun. Babesleku bat ere izan dadila, pizteko leku bat. Gaur egun gizartean askotan egon ezin zaren leku bat. Utopia queer bat.