Nagore Laffageren hilketatik, hemezortzi urte

  • 2008ko uztailaren 7an hil zuen Jose Diego Yllanes mediku iruindarrak Nagore Laffage, erizain ikasketak egiten ari zen irundar gaztea. Urte hartan festen egitarau ofiziala ez zen aldatu eta Iruñeko Udalak Yolanda Barcina alkate zuela apenas egin zuen elkarretaratze instituzional bat. Yllanesen kontrako epaiketak gizartearen haserrea erakutsi zuen kalean eta ordutik mugimendu feministaren lan eskergari esker eraldaketa sozial, politiko eta legeari begirakoa ere lortzen ari da.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko uztailaren 8an - 10:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Sexu harremanik nahi ez zuela esan ostean hil zuen Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage. 2008ko uztailaren 7a zen. Orduan, Yolanda Barcina alkate zen Iruñean eta muturreko indarkeria matxistak eragindako erailketa ez zen nahikoa izan festen egitaraua apenas mugitzeko: elkarretaratze soil bat egin zuen udalak salaketa gisara. Laffageren ahotsa isilarazi nahi izan zuen Yllanesek, baina ordutik ez da ahanzturan erori hilketa hura, ez eta erizaintza ikasketak egiten ari zen emakume gaztea ere, Laffage: familiak, batez ere Nagoreren ama Asun Casasolak, eta mugimendu feministak bidea egin dute indarkeria matxista salatu eta ikusarazteko.

Hilketa hark errotik aldarazi zuen hiriak eta oro har gizarteak sexu indarkeriari emaniko erantzuna. Neurri batean, baita festaren beraren eredua ere. Aldaketak, baina, ez ziren berez izan. Ezinbestekoa izan da mugimendu feministaren lana: festa giroan eragindako sexu erasoen auzia azaleratzeko, konplizitateak bilatzeko eta erakundeen babesa izateko. Kontuan izan behar da urte haietan ez zela hilketa matxista terminorik ere erabiltzen; pasio krimen edo etxe barruko indarkeria kontzeptuak ziren lehen lerroan. Laffageren hilketa, beraz, inflexio puntua izan zen bide horretan. Izan ere, Laffageren hilketa hark mobilizazioa eragin zuen: emakume andana atera zen kalera, gizarte oso bat. Gero etorriko zen, zortzi urte beranduago, uztailaren 8arekin talde bortxaketa. Hark ere erantzun masiboa izan zuen Iruñeko kaleetan eta modu koordinatuan egin ziren haiek. Aldaketa ekarri zuten bi muturreko egoera matxista horiek gizartera, legeari begiratzeko modura eta emakumeen ahotsa altxatzeko beharrera: olde feminista. 

Geltokik hartu zuen Laffage gogoratzeko omenaldia

Uztailaren lehen egunarekin Nagore Laffage gazte irundarra gogoan izan dute Iruñeko Geltoki espazioan. Aldarrikapenak oraindik ere asko direla gogoan izan dute: "Justizia konpontzailea eta ez patriarkala ezinbestekoak dira". Gogoan izan zuten Laffageren hilketa homizidiotzat hartu zutela, ez hilketatzat. Aldarrikatu dute emakumeek erabakitzeko eta ezetz esateko duten eskubidea, bizitzako esparru eta espazio guztietan, baita jaiguneetan ere. Berdintasunez gozatzeko eta soilik baietz dela baietz gogorarazteko. Eskaera bat ere egin dute: "Jar diezaiotela Nagore Laffageren izena sexu-indarkeriari arreta integrala emateko 24 orduko zentroari".


Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...