ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuetako ordezkariek talde parlamentariei eskatu diete dagoeneko EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztu duten lege proposamenari bidea emateko. LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa Nafarroan erabakitzea "kolektibo zaurgarrienak babesteko" eta "autogobernuaren alde" egiteko neurria dela adierazi dute sindikatuek.
Asteazkenean ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuetako ordezkariak Iruñean izan dira, Nafarroako Parlamentuko alderdiei eskatzeko EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako lege proposamenari bidea emateko. Lege proposamen horren bitartez bilatzen dute Nafarroak eskumena izan dezan lurraldean gutxieneko soldata finkatzeko, egun eskumen hori estatuarena baita. Horretarako, Espainiako Langileen Estatutuaren 27. artikulua moldatu behar da, eta Espainiako Gobernuari dagokion lege aldaketa hori eskatzeko Nafarroako Parlamentuak foru lege bat onartu behar du lehendabizi.
Prentsaurrekoan, sindikatuetako ordezkariek gogoratu dute Nafarroako Parlamentuak eragotzi egin zuela 18.316 sinadurako –parlamentuan abian jartzeko gutxienekoaren hirukoitza– Herri Ekimen Legegile bat tramitatzea, txosten juridiko batean oinarrituta. Orduan, argudiatu zuten egokiagoa litzatekeela lege proposamen baten bidez bideratzea aldaketa, eta orain, sinaduren “babes soziala” lagun, urratsa eman dute sindikatuek EH Bildu eta Geroa Bai alderdien babesarekin. Hala ere, parlamentuak ez ezik, Nafarroako Gobernuak ere txostena egin beharko du lege proposamenari buruz. Horren aurrean, Imanol Karrera LABeko bozeramaileak adierazi du ez dutela aurreikusten hori “oztopoa” izatea, nahiz eta Maria Chivite eta bere gobernukideak ez duten gaiaren inguruan interes handirik agertu.
Sindikatuek proposamena UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentariei luzatu diete. Ez, ordea, PP eta Voxi. Bilera horietan alderdiei eskatu diete lege proposamenak aurrera egin dezan alde bozkatzeko, edo gutxienez, abstenitzeko.
LGS propioa izateak bertako langileriari arnasa emango liokeela adierazi dute sindikatuek, “Nafarroako bizi-kostua estatukoa baino handiagoa” delako, batez ere, etxebizitzarena. Horrez gain, neurriak autogobernuaren ikuspegitik duen garrantzia ere azpimarratu dute. Sindikatuen arabera, lan harremanen arloan erabakitzeko gaitasuna handitzea “urrats estrategikoa” izango litzateke Nafarroarentzat. Argudiatu dute, halaber, bertako erakundeei ere badagokiela “lurraldeko errealitate sozioekonomikoari erantzutea”.