Nafarroako hezkuntza publikoan itxiko diren ikasgelen ia erdiak D eredukoak direla salatu du Steilas sindikatuak. Alderdi politikoei proposatu die bi foru lege onesteko: batetik, Europako legedia jarraiki, enplegu publikoa egonkortzekoa; bestetik, eskola ratioak arautzekoa.
Asteazkenean mobilizatu ziren Nafarroako Ikastolak, datorren ikasturtetik aurrera ikasgelak murrizteko agindu baitie Nafarroako Gobernuak. Administrazioak demografiaren beheranzko joera argudiatu bazuen ere, ikastolek salatu dute dute euskararen kontrako eraso zuzena dela. Ez dira, baina, egoera salatu duten bakarrak izan, sare publikoak ere badu zeresana. Izan ere, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak adierazi zuen sare publikoan hemeretzi gela itxiko zituela, horietatik zortzi D eredukoak.
Zein ikastetxe kaltetuko diren ez du argitu Hezkuntza Departamentuak, baina Steilasek ikastetxeei zuzenean galdetu ostean jakinarazi du gelak ixteko mehatxua dutela ondoko eskola publikoek: Arbizu, Elo, Iruñeko San Frantzisko, Lesakako Irain, Mutiloako Irulegi, Orkoiengo Auzalar, Sarrigurengo Joakin Lizarraga, Uharte Arakil eta Zubiri. Hala, ikastetxe publiko zein itunpekoetan, euskarak hozkada jasoko du.
Euskararen kontrako neurria salatzeaz gain, Steilasek adierazi du ezinbestekoa dela hezkuntzako langileen prekaritatearekin amaitzea, besteak beste, behin-behineko irakasleak finko eginez. Sindikatuak salatu du Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoko langileen % 49 ari dela lanean behin-behinean, Nafarroako Gobernuak eman duen %12,4ko egiturazko interinitatearen oso gainetik, eta “erabateko prekaritatean”. Hain zuzen ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako Gobernuari belarritik tira egin zion, 1999/70 zuzentaraua betetzen ez duelako. Arau horren arabera, Espainiak, eta kasu honetan Nafarroako Gobernuak, etengabe urratzen ditu administrazio publikoetako langile kontratadunen eskubideak, eta zuzentzeko, langileak finko egin eta kalte-ordainak eman behar dizkie.
Sindikatuak ohartarazi du, halaber, Nafarroa Garaian oso txikia izan ohi dela eskainitako funtzionario lanpostu kopurua oposizio deialdietan, eta langile gehienak behin-behinean lan egitera behartuta daudela. Horren aurrean, Nafarroako Parlamentuko indar politikoei proposatu die enplegu publikoa egonkortzeko foru legea onestea, Europako legedira egokituz.
Horrez gain, eskola ratioak arautzeko foru legea onartzea ere eskatu du Steilasek, egungo hezkuntza itunean jasotako ratio jaitsierak “arrunt eskasak” direlako hezkuntzaren kalitatea bermatzeko, eta irakasleen lan gainzama gutxitu behar delako. Sindikatuaren arabera, Nafarroako Gobernuak iragan astean jakinarazitako murrizketan ez du prestatu plan estrategikorik ratioak jaisteko. Sindikatuek egin zuten lan hori, eta alde agertu ziren parlamentuko indar politiko guztiak, PSN eta VOX izan ezik. Honako ratioak proposatu zituzten:
Haur Hezkuntza 0-3.
0-1 urte: hezitzaileko 4 ume (gaur egun 8)
1-2 urte: hezitzaileko 6 ume (gaur egun 12)
2-3 urte: hezitzaileko 8 ume (gaur egun 16)
Haur Hezkuntza 3-6: 20 (gaur egun 23 – 25)
Lehen Hezkuntza: 20 (gaur egun 25)
DBH: 23 (gaur egun 30)
Batxilergoa: 25 (gaur egun 33)
Oinarrizko Lanbide Heziketa: 8 (gaur egun 12)
Erdi eta goi malako lanbide heziketa zikloak: 15 (gaur egun 24)