Nafarroan ere, Poliziaren bortizkeriaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu!

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Duela aste gutxi Loiuko aireportuan gertaturikoa oso lazgarria izan zen. Palestinako herria babestu eta laguntzeagatik euren bizia arriskuan jarri zuten boluntarioei bortizki egin zien eraso Ertzaintzak, zenbait aste itsasoan barrena eman eta sionisten eskuetan lau egun igaro ostean. Beste herrialde batzuetan Ongi Etorri Protokoloa ezarri zen bitartean, Euskal Herrian “Segurtasun Protokoloa” aktibatu zen, irudiek euren kabuz hitz egin dutelarik!

Tamalez, Euskal Herrian ohituak gaude horrelako egoeratara, eta hori da, finean, egiten dugun akatsa, normaltasun batean kokatzen dugula: “Beste bat!”.

Gure kasuan aldiz, Foruzaingoaren errepresioak espetxeratuak izateko arrisku bizian jarri gaitu. Eta berriki beste isun bat jaso dugu laurok (Txantreako hiru lagunek bezala), kasu honetan, Espainiako Gobernuaren partetik, Kiroleko Indarkeria, Arrazakeria, Xenofobia eta Intolerantziaren aurkako Legearen bitartez.

Politikariek palestinar herriaren aldeko mezuak helarazten dituzten bitartean, hamarnaka eta hamarnaka isun bidali dituzte txalotu zituzten mobilizazio horietan parte hartzeagatik. Esaterako, Pedro Sánchezek La Vueltako herri mobilizazioen harira esandakoak: “Arrazoi justu baten alde mobilizatzen ari den herria miresten dugu”.

Esanguratsuak eta era berean kezkagarriak dira Ertzaintzak indar armatu sionistekin dituen harremanak, eta, Nafarroari dagokionez, Foruzaingoak dituenak

Esanguratsuak eta era berean kezkagarriak dira Ertzaintzak indar armatu sionistekin dituen harremanak, eta zentzu berean, Nafarroari dagokionez, Foruzaingoak dituenak. Argi dago geroz eta inpunitate gehiagorekin jarduten dutela, euren jarrera faxistak erakusten duen moduan. Ustez Nafarroako jendartearen zerbitzu eta babeserako beharko lukeena irain, umiliazio, isun, mehatxu, auzipetze eta bortizkeria iturri bilakatu dira.

Nafarroan Palestinaren aldeko borroka ez da errepresioaren jopuntuan dagoen kausa bakarra. Hamarnaka eta hamarnaka gara, gauza bat edo bestea dela, polizia indar desberdinen bitartez isunduak, auzipetuak edo atxilotuak izan garenak: izan irakasleak, izan futbol partida bat ikustera joan direnak, izan euren lanpostuen defentsan aritu direnak, izan euren parajeetan inposatu nahi dieten azpiegituren kontra altxatu direnak, izan etxegabetzeen kontra aritu direnak... gehiegi, normaltasun baten baitan kokatzen jarraitzeko.

Utzi ditzagun alde batera gure diferentziak eta batu gaitezen guztiok garaile aterako garen dinamika batetara. Azken finean, eta gauzak aldatzen ez diren bitartean, guztiok baikaude edozein momentutan euren bortizkeria jasotzeko arriskuan!

Ekainak 20an Bilbon eta Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean hainbat eragilek deitu duten manifestazioari atxikimendua adierazten diogu.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...