Nafarroan 4.000 bat emakume mutilazio genitala jasateko arriskuan dira

  • Ostiral honetan izango da Zero Tolerantzia Emakumezkoen Mutilazio Genitalaren aurkako nazioarteko eguna eta horren harira egin du ohartarazpena Nafarroako Munduko Medikuen elkarteak: oraindik ere milaka emakume biolentzia hori jasateko arriskuan dira Nafarroan.


2026ko otsailaren 6an - 07:00
Iruñean emandako prentsaurrekoa. Europa Press
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nafarroako Munduko Medikuen lehendakari Alexandra Requiz, elkarte horretan gaiarekin prebentzio lanean diharduen Farmata Watt eta Nafarroan bizi diren emakume afrikarren Flor de Africa elkarteko Djamila Djalore mintzatu dira Iruñean egindako prentsaurrekoan. Europa Pressek jaso duen arabera, azken hamabost urteetan egindako lana balorean jarri behar da Rekizen esanetan, baina oraindik ere lan handia dago egiteko, eta prebentzio lana “lehentasunezkoa izan behar da berdintasuna, osasuna eta giza eskubideen politiketan”.

Farmata Watt-ek jakinarazi duenez, Munduko Medikuak 2008tik ari dira lanean gaiarekin, “batez ere emakume afrikarren ahalduntzean, kulturarteko bitartekaritzan eta profesionalen formakuntzan”. Testuinguru horretan, elkarte horrek 10.141 pertsonaren beharrei erantzun die Nafarroan.

Watten esanetan, Flor de Africa eta jatorri afrikarreko neska gazteak biltzen dituen Black Power taldea ere sustatu dituzte, eta mutilazio genitalaren aurrean elkarte horiek agertu duten kontrakotasun argia oso garrantzitsua izan da arazoari aurre egiteko.

Bere esanetan, dena den, erronkak handiak dira oraindik, hala nola, emakume horiek baliabide berezietara iristeko dauzkaten oztopoak ezabatzea, profesionalek prebentzio protokoloa hobeto ezagutzea, eta berregite genitalean aurrerapausoak ematea: “Mutilazio genitala jasan duten emakumeek arreta berezia behar dute osasun sexual eta erreproduktiboan”.

Wattek azaldu duenez, “emakume horiek motxila bete oinarrizko beharrizanekin datoz, hala etxebizitzaren eremuan nola osasunarenean; eta sendatze eta inklusio prozesu sakonak aurrera eramateko ezinbestekoa da parte-hartze komunitarioa”. Flor de Africako Djamila Djalo-ren aburuz ere, mutilazio genitala bakarrik ezabatuko da lan komunitarioa, parte-hartze instituzionala eta gisa eskubideen defentsarekin”.

Prebentzioa giltzarri da

Farmata Wattek azaldu du uste dela mutilazio genitala garai bateko kontua dela, “baina ez, gaur egun ere egiten da”. Afrika Beltzarekin lotzen dela, baina munduko bost kontinenteetan egiten dela azpimarratu du: “Oso praktika sustraitua da, borrokatzeko oso gaitza, sekretismo handiz gauzatzen dena eta gaia tabua da”. Emakume afrikarrek azaldu dutenez, ez da ez erlijio kontua, ez formazioari lotutakoa, baizik eta kulturala. “Nire amak egin bazidan, ez zen maite ez ninduelako, kulturala zelako baizik”, azaldu du Djamila Djalo-k.

Gizonezkoak borroka honetara ekarri beharraz ere mintzatu dira, horiek ezetz esaten badute ez delako mutilazio genitalik egiten: “Aliatu gisa behar ditugu”, azaldu du Wattek. Hasieran zaila izan zela zehaztu du, “gizonezkoek esaten zutelako erakunde batek ordaintzen zigula eta salduta ginela, baina gu biziraun dugun emakumeak gara denak, eta mutilazioaren praktikaren ondorioak bizkarreratzen ditugu”. Emakumeak tematu ziren, eta gaur egun gizon asko dituzte aliatu eta bitartekari, “gaur egun oso oztopo gutxirekin egiten dugu topo”, dio Wattek.


Giza eskubideak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.