Nafarroako Parlamentuak asteazkeneko istripuan hildako bortz foruzainak agurtu ditu

  • Instituzioek eta talde politikoek zisterna kamioi batek polizien furgoneta aurretik eraman duela jakin eta berehala zabaldu dituzte samina erakusteko mezuak. 


2026ko ekainaren 4an - 09:41
Azken eguneraketa: 2026-06-05 07:18
EITB
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Istripua asteazken goizeko 09:15ean gertatu da, Elgoibar (Gipuzkoa) parean. AP-8 eta AP-1 errepideen arteko Matzagako lotunearen 69. kilometroan, Bilboko noranzkoan. Nafarroako Parlamentuak ostegun goizean agurtu ditu bortz foruzainak.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, istripuaren nondik norakoak argitzeko. Lekukoen eta kamioi gidariaren arabera, furgonetak eskuinerantz jo zuen eta ezkerrerantz zuzentzen saiatu zen. Mugimenduaren ostean, kontrola galdu eta AP-8 eta AP-1 errepideen arteko bidegurutzea banatzen duen erdibitzailea kolpatu zuen.

Ibilgailua gurutzatuta geratu zen, eta atzetik zetorren zisterna kamioiak ez zuen talka saihestea lortu. Furgonetaren ezkerreko alboaren kontra jo zuen, eta, ondorioz, kamioiak furgoneta 60 metro arrastatu zuen. Kamioia irauli egin zen, eta kontrako noranzkoko ezkerreko erreia erabat inbaditu zuen, Behobiarako norabidean.   

Agenteetako lau ia berehala hil ziren. Bortzgarrena suspertzen saiatu ziren osasun-langileak, baina ezin izan zuten haren bizitza salbatu. 35 eta 56 urte bitarteko istiluen aurkako brigadako kideak ziren, eta Ertzaintzaren Iurretako (Bizkaia) basera zihoazen zenbait material probatzera. Instalazio multzo hori Ertzaintzaren egoitza operatibo eta estrategiko nagusietako bat da. Bertan, trebakuntza taktiko eta operatiboko ikastaroak ematen dituzte. 

Matrikula frantseseko kamioia, berriz, 07:00etan atera zen Mugerretik (Lapurdi), Leioan (Bizkaia) egunero deskargatzen zuen azukre kargamentu batekin. Istriputik bizirik atera da gidaria, baina larrialdi zerbitzuek Arrasateko (Gipuzkoa) ospitalera eraman behar izan zuten, helikopteroan, eta Donostiara lekualdatu zuten gero.

Helikopteroaz gain, ezbeharraren lekura bertaratu ziren Ertzaintza, bi anbulantzia medikalizatu eta Azpeitiko eta Eibarko suhiltzaileen lau ibilgailu, erreskate lanetan laguntzeko. Hasieran bi noranzkoetan itxi zuten AP-8 errepidea, auto ilara luzeak sortu ziren, eta AP-1etik desbideratu zuten zirkulazioa. 10:40an lerro bat ireki zuten Donostiarako bidean, eta, aldizka, pasatzen utzi zieten AP-8 eta AP-1 errepideetako ibilgailuei.

Eguerdian hasi zituzten bi ibilgailuak erretiratzeko lanak, eta 19:00ak aldera amaitu zituzten. Bidegiren arabera, hiru garabi behar izan zituzten kamioia eta foruzainen ibilgailua errepidetik kentzeko. Arratsalderako erabat zabaldu zuten errepidea bi noranzkoetan. 

Erakunde eta politikarien erreakzioak

Gertatutakoaren berri izan eta berehala, erakundeen eta politikarien mezu erreskada etorri da. Maria Chivite Nafarroako presidenteak "nahigabetuta" dagoela idatzi du sare sozialetan, eta "maitasun guztia" helarazi die "galdu ditugun zerbitzari publikoen" senideei eta kideei.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak erran du atzokoa "egun beltza" izan zela errepideetan, eta "tristura, amorrua eta ezintasuna" sentitu dituela: "Besarkada handi bana, atsekabean lagun, senitarteko eta lagun guztiei, baita Foru Poliziari, Nafarroako Gobernuari eta Ertzaintzari ere. Goian eta gugan beude".

Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bere samina agertu dute trafiko-istripuagatik, eta, era berean, bere “elkartasuna eta babesa” helarazi dizkiote Nafarroako Foruzaingoari. Azken honek "samin sakona" eta "tristura" adierazi ditu taldeko bortz kideen heriotzagatik, eta "hutsune handia" utzi dutela erran dute. Era berean, Ertzaintzak une oro laguntza eman izana eskertu dute. 

Ekitaldi instituzionala

Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional bat onartu du gaur, eta "errekonozimendua, errespetua eta esker ona" adierazi die hildakoei, "beren konpromiso eta zerbitzurako bokazioagatik". Minutu bateko isilunea egin dute, ortziral honetako hileta-elizkizunari begira.

Hurbilekoek, lagunek eta senideek bortz foruzainei azken agurra emateko aukera izango dute ostiralean, 19:00etan, Iruñeko Katedralean. Halaber, Iruñeko Ermitagaña kaleko 2. zenbakian dagoen San Alberto beilatokira ere joan ahal izanen da gaur. 

Alderdiek ere helarazi dizkiete doluminak hildakoen gertukoenei. PSNk "dolumin sakonenak" eman dizkie; EH Bilduk, "ezkerreko subiranismoaren babes osoa"; UPNk adierazi du buru-bihotzean dutela Foruzaingoa; eta Geroa Baik "doluminik zintzoenak" igorri dizkie.

Sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Nafarroako Parlamentuan 2025eko Nafarroako Lan Ezbeharren Txostena aurkezteko. LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT-LKNk salatu dute Nafarroa "azken hamarkadako lan-ezbeharren daturik okerrenak" zeharkatzen ari dela eta ohartarazi dute, prebentzio-araudia sortu eta 30 urtera, "enpresek ez dituztela lan-osasuneko arauak betetzen eta zigorgabetasunez jokatzen dutela".  

ELA sindikatuak, berriz, samina adierazi die hildakoen senideei eta "ikerketa zorrotza" eskatu du, "horrelakorik berriro ez gertatzeko: "Lan osasunarekin lotutako politikak errotik aldatu behar dira, benetako prebentzioan eta lan baldintzen hobekuntzan oinarrituta". Gogorarazi du aurten dagoeneko hamar pertsona hil direla Nafarroan lan-istripuen ondorioz.

 


Lan istripuak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...