Nafarroako Legebiltzarrak atzera bota du itunpekoen gelak murrizteko PSNren proposamena, eta horrek gobernu krisia piztu du

  • Nafarroako Legebiltzarrak UPNk aurkeztu duen hezkuntza lege berria onartu du, eta horrek bertan behera utzi du datorren urterako itunpeko eskoletako hamalau gela gutxiago izatea, Hezkuntza Departamentuak proposatuta zuen bezala. PSNren eta Geroa Bairen desadostasunak gobernu krisi sakona sortu du.

Nafarroako Legebiltzarreko mahaia, ostegun honetako bilkuran. Nafarroako Legebiltzarra

2026ko maiatzaren 14an - 17:23
Azken eguneraketa: 2026-05-15 10:05
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Apirilean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak iragarri zuen datorren ikasturterako Nafarroako itunpeko eskolek hamalau gela gutxiago izango dituztela. Guztia, matrikulazio jaitsieraren ondorioz. Hezkuntzako arduradunek azaldu zutenez, 2015etik aurrera matrikulazio beherakada handia eman da Nafarroako eskoletan, eta orain arte egindako gela murrizketak batez ere eremu publikoan nozitu dira. Horregatik, egoera orekatzeko, itunpekoetan gelak murriztu behar zirela zehaztu zuten. PSNk eta Zurekin Nafarroak proposamena babestu dute, eta arrazoi desberdinengatik bada ere, gainerako indarrak aurka agertu dira.

Iragarpenaren ondorioz, azken asteetan zalaparta handia sortu da proposamenaren aldeko eta kontrakoen artean, eta bereziki foru gobernua osatzen duten PSN eta Geroa Bairen artean. Bien bitartean, egoera nahasia ikusita, UPNk adierazi zuen itunpekoak defenditzeko lege-proposamena aurkeztuko zuela foru legebiltzarrean, eta hori da ostegun honetan aurrera atera dena.

PSN-Geroa Bairen akordio iragarpena

Osteguna hurbiltzen ari zen eta akordiorik ez zegoenez, kirioak dantzan ziren gobernua sostengatzen duten indarrean artean eta, aitzitik, Nafarroako eskuina pozarren ageri zen bere lege-proposamena eskuetan. Asteazken goizean PSNk eta Geroa Baik akordioa iragarri zuten. Pozak, ordea, gutxi iraun zien gobernuaren bueltakoei: bi orduren buruan Geroa Baik atzera egin zuen, adostutakoa aurrera ateratzeko bermerik ez zuela ikusten argudiatuta.

Desakordioa ikusita, EH Bilduk aldez aurretik prest zituen zazpi zuzenketa aurkeztu dizkio UPNk aurkeztutako legeari. UPNk hiru onartu dizkio eta, horrela, EH Bildu eta Geroa Bai abstenitu egin dira, eta ondorioz, legeak aurrera egin du, UPN, PP eta Voxen sostenguarekin. PSNk eta Zurekin Nafarroak aurka bozkatu dute. Lehenbiziko ondorioak izango dira, batetik, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren datorren ikasturterako gela murrizketak bertan behera geldituko direla; eta bestetik, urtebeteko epea irekiko dela matrikulazioaren beherakadaren aurrean proposatzen diren gela murrizketen gaia aztertzeko; EH Bilduk bi urte eskatzen zituen langintza horretarako, baina UPNk ez dio onartu.

Eskola publikoa, itunpekoak eta euskara

Korapilo konplexua dago gaiaren inguruan. Batetik, azken urte luzeetako matrikulazio gainbeherak gela murrizketa dakar, oro har. Alabaina, eta arrazoi desberdinengatik bada ere, ia alderdi guztiak bat datoz ondoko planteamenduan: oraingoz dirua ez da arazoa, beraz, balia dadila egoera ratioak jaisteko eta ez gelak gutxitzeko, hori defenditu dute goiz honetan EH Bildutik PPraino.

EH Bildu eta Geroa Bai ere argi agertu dira eskola publikoaren alde, baina ikastolak itunpekoen eremuan sartzen dira, eta afera honetan horien defentsa egin dute, Gimenok proposatutako gela murrizketaren aurka eginda. Geroa Baik marra gorri gisa aurkeztu du defentsa hori. EH Bilduk adierazi du, publikotasunaren alde egiten duela, baina Nafarroan euskarak bizi duen egoera kontuan hartuta, ikastolak ezinbesteko ikusten dituela gaur gaurkoz eta horietan gelak ixteraren aurka dagoela.

Gimenoren moldeen aurka

Kolore askotako talde ugarik, eta aspalditik gainera, jarri izan dute zalantzan Carlos Gimeno kontseilariaren jarduna Hezkuntza Departamentuan. Oro har, inguruko eragileak kontuan hartu gabe aritzea leporatzen diote. Orain ere, neurri korapilatsu hau horrela plazaratu duela kritikatu diote PSN eta Zurekin Nafarroa taldeek ez ezik gainerako guztiek. Datorren larunbaterako, esaterako, LABek manifestazioa deitu du Iruñean Gimenoren dimisioa eskatzeko.

Sortu den krisi gogorraren aurrean, ostegun arratsaldean gobernu itunaren azterketa egiteko bilera deitu du Javier Remirez foru gobernuko lehendakariordeak. Oraingoz, eta bileraren xehetasun gehiago jakin gabe, PSNk eta Geroa Bai legealdia amaitzeko konpromisoa adierazi dute, eta Zurekin Nafarroak itunarekiko konfiantza haustea leporatu dio Geroa Bairi.


Utzi erantzuna

Iruzkin bat

Mikel
2026-05-15 // 09:19
Kaixo, nere galdera ezkertiar euskaldun baten ikuspuntutik dator. Ze etorkizuna dute Nafarroako herri txikietan eskola publikoko D ereduan dauden zentroak? Benetan ba al dago norbait (partidu politikorik) babesa emango digunik? Eskerrik asko
Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.