argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Ikastolen Elkarteak Espainiako Estatuko hitzarmena ezarriko duela salatu dute LABek eta ELAk
  • Sindikatuek salatu dutenez, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) ikasturtea bukatzear zela jakinarazi zien irailetik aurrera Espainiako Estatuko lan hitzarmeneko soldaten taula ezarriko diela Nafarroako hamabost ikastoletako 620 langileei.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko uztailaren 10

Lan hitzarmena berritzeko mahaia apirilean osatu zuten eta azkenerako sindikatuek proposamen zehatza aurkeztu zieten NIEko kudeatzaileei.

LABen esanetan, NIEren erantzuna izan zen uztailaren 7a baino lehen murrizketak zekartzaten soldaten taula sinatu behar zutela eta bestela Espainiako lan hitzarmena ezarriko zutela.

Baina negoziaketak ez zituzten apurtutzat jo eta irailean segitzeko aukera zabalik geratu zen. “Gure harridurarako ikasturteko azken egunean eta azken orduan, sindikatura heldu zitzaigun berria: irailetik aurrera lan hitzarmen espaniarra aplikatuko zitzaigula”.

ELAren ustez NIEk ez du zertan Espainiako lan hitzarmena ezarri beharrik, legeak ez baitu horretara behartzen: “Propio eta zehazki hartutako erabakia izango da”, azaldu du. Sindikatu honek iragarri du hala gertatuz gero auzibidea hasiko duela, oraingo hitzarmenak indarrean egon behar lukeelako bere baitan jasotzen den artikulu baten arabera.

Espainiako eta Nafarroako gobernuek hartutako neurrien ondorioz hainbat murrizketa egin ditu NIEk soldatetan azken urteotan. Horiek auzitara eraman dituzte sindikatuek eta epaileek arrazoi eman diete langileei; NIEk helegitea jarri dio epaiari eta auzi hori Madrilen erabakiko da.