Mugikorrak onartu ala debekatu ikastetxe bakoitzaren bizkar uzteak desorekak sortzen dituela eta ez duela arazoa konpontzen iritzita, arauz ikastetxe guztietan smartphoneak eta erloju adimentsuak debekatzeko eskatu dute parlamentuan. "Smartphonea ikasgelan sartzeak ateak irekitzen die lehenago edo geroago eztanda egiten duten gatazkei".
Adolescencia libre de móviles elkarteak, 2.640 sinadurak babestuta, agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan, Elkarbizitza dekretu berrian debekua gehitu dadila eskatzeko. Osasun publikoko eta ekitate neurri gisa aurkeztu dute, dagoeneko ezagunak zaizkigun argudioak eskutan: besteak beste, adituek diotela 16 urte bete arte mugikorra izatea ez dela gomendagarria eta haur eta gazteen osasun mentalean, pentsamendu suizidetan, autoestimuan edota agresibitatean eragina duela.
Nafarroan, batez beste 11,4 urte da lehenengo smartphonea izateko adina, azaldu dute elkartetik: "Eta smartphone horrekin batera sartzen dira pornografia, ondoeza eta batez ere ziber-jazarpena". Garbi dute: "Lehen Hezkuntzako haurren kasuan mugikorraren erabilera arduratsuaz hitz egitea ez da fisiologikoki posible. Bilatu gabe ere, eduki oso biolentoak eta pornografikoak iristen zaizkie".
"Lehen Hezkuntzako haurren kasuan mugikorraren erabilera arduratsuaz hitz egitea ez da fisiologikoki posible. Bilatu gabe ere, eduki oso biolentoak eta pornografikoak iristen zaizkie"
Mugikorra ikasgelan sartzea "ez da zerbait neutrala, ateak irekitzen dizkio lehenago edo geroago eztanda egiten duten gatazkei, eta ikasle zaurgarrienak, etxean babes txikiena dutenak dira beti galtzaileak", diote elkartetik.
Gaur egun, ikastetxe bakoitzak du erabakia, eta iritzi diote horrek ez duela arazoa konpontzen, baizik eta "modu desorekatuan" banatzen duela arazoa. Gainera, "irakasleak babesgabetasunean" uzten ditu eta "zama bidegabea" da familientzat.
PSNko parlamentari Kevin Lucerok erantzun die Elkarbizitza dekretuaren asmoa dela "arautzea, ez debeku orokorrak ezartzea", eta helburu dituela baita ere, besteak beste, "digitalean heztea, pribatutasuna babesten jakitea, arriskuak antzematea, sare sozialetan ere elkarbizitzea eta deskonektatzen jakitea".
Adolescencia libre de móviles elkartea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Altxa Buruaren ahizpa da, eta Altxa Buruak ere gauza bera eskatua dio Eusko Jaurlaritzari: ikastetxeetan mugikorra sartzea debekatu dezala, neurria ez dadin geratu eskola bakoitzaren gain.