Nafarroako ikasgelen inguruko eztabaida, tentsio betean

  • Ostegunean bozkatuko dute Nafarroako Parlamentuan UPNren lege-proposamena, datorren ikasturtera begirako ikasgelen itxieraren inguruan. Geroa Baik eta PSNk akordioa iragarri zuten asteazken eguerdian, baina arratsalderako "arriskuan" dagoela adierazi zuen Geroa Baik. PSNk akordioa bere osotasunean berretsi du, eta Nafarroako Ikastolen Elkartea, bestalde, kritiko agertu da PSNren eta Geroa Bairen akordioarekin, ez dituelako jasotzen azken asteetan nafar gizarteak eta hezkuntza komunitateak egindako eskaerak.


2026ko maiatzaren 14an - 09:38
Azken eguneraketa: 13:21
Nafarroako Ikastolen elkarteko lehendakari Oier Sanjurjok adierazi duenez, agerian geratu da ikastoletako gelak ixtea "erabaki arbitrarioa" dela. Geroa Bai
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Nafarroako Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntzako hemeretzi ikasgela itxiko ditu datorren ikasturtean. Hamalau itunpekoak dira, eta horietariko zazpi ikastolenak. Hezkuntza Sailak adierazi du hiru irizpide tekniko jarraitu dituela erabakia hartzeko: ikastetxe publikoek batez beste duten ratio bera mantentzea –hamazazpi ikaslekoa Iruñerrian eta hamabostekoa gainerako eskualdeetan-, eskari urriaren aurrean diru publikoarekin ikasgelarik ez finantzatzea eta plazen “gaindimentsioa” ekiditea.

Horren aurrean, Geroa Bai y PSNk gutxienekoen akordioa iragarri zuten, UPNk ostegunean Nafarroako Parlamentura eramango duen proposamena ez babesteko. Asteazken eguerdian jakinarazi dute akordio bat lortua zutela hezkuntza ereduari dagokionez, eta horrek aukera emango zuela, batetik, itunpeko ikastetxeen arazoari konponbidea emateko, eta, bestetik, UPNk Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamenari bidea ixteko, Berria-ko kazetari Ion Orzaizek jaso duen moduan. Ordu gutxiren buruan, ordea, Geroa Baik adierazi du "arriskuan" ikusten duela akordioa.

Lizarra ikastolaren egoerak eragin du bi taldeen arteko desadostasuna. 31 ikaslek izena emana dute ikastola horretan 2026-2027 ikasturterako, eta horiek bi ikasgelatan banatu asmo zituzten. Hezkuntza Departamentuak, baina, ikasgela bakarra finantzatuko du, eta, horren ondorioz, sei ikasle kanpoan geratuko dira. Geroa Bairen arabera, akordioan jasota zegoen Lizarrako ikastolan bi ikasgela horiei eusteko erabakia, baina "PSNren proposamena eta borondatea oso urrun daude Geroa Baik planteatutako konponbidetik".

"Berme nahikorik" ez dagoela dio Geroa Baik

Geroa Baik PSNrekin akordio hasiera iragarri eta ordu gutxira, Geroa Baik jakinarazi du koalizioak "mahai gainean jarritako akordioak betetzeko ez dagoela berme nahikorik".

"Zehazki, 31 aurre-inskripzio dituen Lizarrako ikastolak eskatzen dituen bi ikasgelei dagokienez, koalizio honek eskaturik eta akordioa zinez formalizatzeko orduan, PSNren borondatea eta proposamena Geroa Baik planteaturiko konponbidetik oso urrun dagoela aurkitu dugu, gure proposamena Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak babesten duen arren", adierazi du koalizioak.

Geroa Baik asteazken arratsaldean azaldu duenez, "ez dugu posible ikusten osteguneko osoko bilkura baino lehen akordiorik lortzea, PSNren jarrera aldaketarik ez badago bederen".

PSNk akordioa bere osotasunean berretsi du

PSNk "bere osotasunean" berretsi du Geroa Bairekin lortutako akordioa, eta "konpromisoari eusteko" eskatu dio. Sozialistek diote beti betetzen dutela beren hitza, eta akordio bat sinatzen dutenean, hura aurrera eramateko borondate osoz egiten dutela. "Negoziazio-prozesu osoan zehar, PSN-PSOEk hiru printzipio ukaezinek gidatuta jardun du", adierazi du, "hezkuntza publikoaren lehentasuna, legezkotasuna eta segurtasun juridikoa errespetatzea, eta bi alderdien artean sinatutako akordio programatikoak betetzea".

Negoziazio horren emaitza akordio "sendo bat" dela dio, etorkizunerako ikuspegia duena, "Nafarroako hezkuntza-sistemaren bikaintasunera eta herritarren interes orokorrera bideratua". Hala ere, gaineratu du ezin duela onartu, behin akordio politikoa itxita, indarrean dagoen lege-esparrura egokitu behar diren gaiak akordio berean sartu nahi izatea: "Sozialistok legezkotasunaren printzipiotik lan egiten dugu, arbitrariotasun eta segurtasun juridikorik eza saihesteko, non kaltetu bakarrak ikastetxeak, ikasleak eta familiak diren".

Nafarroako Ikastolak: "Gelak ixtea erabaki arbitrarioa da"

Geroa Baik iragarri aurretik akordioa arriskuan ikusten duela, Nafarroako Ikastolen elkarteko lehendakari Oier Sanjurjok adierazi du ez dituela haien eskaerak jasotzen, eta agerian geratu dela, "berriro ere",  ikastoletako gelak ixtea "erabaki arbitrarioa" dela. "Zer gertatuko da zazpi ikastoletako gelekin? Ikastolen etorkizuna mugatu nahi dute eta, horrekin, mugak jartzea Nafarroa osoa euskaraz ehuntzen segi dezagun. Ezin dugu onartu gela bakar bat ere ixtea, argi geratu baita erabaki horren atzean ez daudela arrazoi teknikoak, politikoak baizik".

Sanjurjorekin batera Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz eta hamar ikastetxetako ordezkariak izan dira agerraldian. Reparazek azaldu du "beti" dagoela negoziatzeko tarte bat"Gaur [asteazkena] eta bihar [osteguna] artean alderdiek bigarren aukera bat izan dezakete, akordioak ez baitira betiko aliantzak. Atzera egiteko, gehitzeko, hobetzeko eta ekarpenak egiteko aukera badago". Ostegunean Nafarroako Parlamentuan UPNren lege-proposamena eztabaidatuko dela eta, Reparazek azpimarratu du une hori iritsi arte elkarrizketarako aukerak zabalik jarraitzen duela. "Ikastolok beti sustatu dugu elkarrizketa egoera hau desblokeatzeko oinarrizko tresna gisa", gaineratu du zuzendariak.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.