Nafarroako Gobernuari eskatu diote HP eta Googlerekin dituen harremanak eten ditzala

  • Gazako genozidioan izan duten parte-hartzeagatik, HP eta Google korporazio teknologikoekin dauzkaten harremanak bertan behera uztea eskatu dio Nafarroako Irakasleok Palestinarekin taldeak Nafarroako Gobernuari.

No Tech for Apartheid

2026ko otsailaren 12an - 16:59
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Palestinarekiko elkartasun taldeak asteazken honetan prentsaurrekoan azaldu duenez, Nazio Batuen Erakundeak argi adierazi zuen bi enpresa horiek Gazan egindako erasoetan eta suntsipenean parte hartu zutela, besteak beste, Israeli beren teknologia salduta. Hori dela eta, eskatu diote Nafarroako Gobernuari ez dezala HPko aparailurik erosi eta alda dezala Hezkuntza Departamentuko Google bilatzailea beste batengatik.

Taldeak gogoratu du, halaber, iragan urrian ehunka irakaslek egin zutela greba Gazako genozidioa salatzeko, eta orduan eskatu ziotela Hezkuntza Departamenduari bidali zezala greba egindako irakasleen soldataren dirua Gazara, hain zuzen ere errefuxiatu palestinarrez arduratzen den UNRWA erakundearentzat eta eskolen berreraikuntzarako. Departamentuak oraindik ez diela ezer erantzun adierazi dute. Egoera horren guztiaren aurrean hezkuntzak ezin duela “neutroa izan” jakinarazi dute.

Horregatik, enpresa teknologiko horiei eta Israelekin salerosketa harremana duten bestelako ekimen ekonomikoei boikota egitera deitu dute. Boikotak funtsezko tresna izaten jarraitzen duela, eta alde horretatik, bat egin dute Europar Batasunean boikot hori bultzatzen ari den herri ekimenarekin.

Gaur egun, teorian indarrean den su-etena ez dela egiazkoa salatu dute, eta Israelgo armadak ehunka hildako eragin dituela urriaren 9an su-etena sinatu zenetik gaurdaino. Israeleko Armadak Gazan hiltzen jarraitzen duen arren, gogoratu dute palestinarrekiko elkartasun eta salaketa mobilizazio maila jaitsi egin dela, eta hedabideetako titulu handietatik gatazka desagertu dela.

Testuinguru horretan, Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzen jarraitzen dela zehaztu dute eta elkartasuna adierazi diete urriaren 15ean Iruñean atxilotutako bi herritarrei, eta Irunberrin Espainiako Vuelta oztopatzeagatik deklaratzera deitutakoei.

Elkartasun taldeak sostengua eman die martxoaren 29an Gazarantz abiatuko den bigarren Sumud Ontzidiari eta Yala Nafarroak otsailaren 21ean Iruñean deitu duen manifestazioari: “Errepresioa, konplizitatea eta isiltasunaren aurrean, mobilizatzen jarraituko dugu”.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Palestina kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...