16/2019 Foru Legearen babesean, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak zortzi aitortza berri eman ditu azken astean. Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak osatzen duten Egiaren garaia da dinamikatik positiboki baloratu dituzte ebazpenak eta uste dute baliagarriak direla “estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina azalarazteko”.
Ebazpenok, halaber, “Nafarroan eta Euskal Herri osoan estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzeko ere lagungarri izan behar dutela” iritzi diote. Honakoak dira biktima aitortza jaso duten pertsonak: Carlos Turumbay Andueza, 1979an identifikatu gabeko pertsonek bahitu eta torturatu zuten; Tarsicio Rey Bacaicoa, Guardia Zibilak torturatua 1980an; Avelino González Fernández, Guardia Zibilak torturatua 1983an; Koldobika Mikel, Espainiako Poliziak torturatua 1984an; Josu Rubio Mendiluze, Espainiako Poliziak torturatua 1984an; Jon Castañares Larrea, Guardia Zibilak torturatua 1994an; Xabier Suescun Muzás, Espainiako Poliziak torturatua 1995ean eta 1997an; eta Jon Ciriza Murugarren, Guardia Zibilak torturatua 2009an.
Egiaren garaia da ekimenetik gogoratu dute aitortza hauekin 109 pertsona direla jada orain arte Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak. Hala banatzen da biktimen tipologia, betiere Egiari Zor eta Torturatuen Sarean erabiltzen dituzten datuen arabera: sei hildako (horietako bat torturaren ondorioz); 76 pertsona torturatu; pertsona bat torturatua izan zen eta lesio fisikoak eta kalte materialak eragin zizkioten; beste bati ere torturak eta kalte materialak aitortu zaizkio; hemeretzi pertsonari lesio fisiko edota psikologikoak; bi pertsonari kalte materialak; eta beste lauri lesio fisikoak eta kalte materialak.
Ekimenak animatzen ditu Espainiako Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak aitortza-eskaerak aurkeztera eta, beste behin ere, bi elkarteak prest agertu dira izapideak egiteko laguntza ematera hala behar duten pertsona guztiei.