argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuen proiektua aurkeztu du, EH Bilduren oniritziarekin
  • EH Bilduk seigarren urtez jarraian Chivite lehendakariaren aurrekontuak ahalbidetuko ditu, abstentzioaren bidez. Egungo akordioa mantenduz gero, abenduaren 19ko Osoko Bilkuran gauzatuko da proposamena.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2024ko urriaren 31
Unai Hualde eta Jose Luis Arasti, akordioa aditzera eman duen ekitaldian. Nafarroako Legebiltzarra

Azkeneko hamarkadan egonkortasun politikoa bizitzen ari da Nafarroa alderdien arteko akordioei dagokienez. 2019an María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakari izendatua izan zenetik, urtez urte gobernuak EH Bildu aliatu izan du legebiltzarrean aurrekontuak adosteko garaian. Aurretik ere, 2015 eta 2019 bitarteko legealdian, Uxue Barkos presidentearen kontu ekonomikoak arazorik gabe onartu ziren, orduan Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak osatutako gobernuak gehiengo osoa baitzuen.

Aurrekari hauek guztiak gogora ekarriz mintzatu da Laura Aznal EH Bilduko bozeramailea bere alderdia eta gobernuaren arteko adostasuna aditzera eman bezain pronto: “Akordio honekin, hamarkada bat beteko da UPNk eta eskuinak ez dituztela Nafarroako politika publikoak baldintzatzen”.

PSNko Jose Luis Arasti Ogasun eta Ekonomia kontseilariak esan du “aurrekontuen harira gobernuarekin harremanetan jarri den alderdi bakarra EH Bildu” izan dela. “Helburua zerbitzu publikoak babestea eta berdintasunezko aurrerapen ekonomiko eta soziala ahalbidetzea da", laburbildu du. Sailburuak zehaztu duenez, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek guztira hamabost milioi euroko tartea izango dute zuzenketak egiteko, EH Bilduk ordea 4,4 milioikoa. Hau da, gobernua babesten duten alderdiek dagoeneko adostu eta datorren astean publikatuko den proiektuaren gaineko %10 eraldatzeko gaitasuna dute gehienez, eta EH Bilduk %3.

Unai Hualde Nafarroako Legebiltzarreko presidentea bat etorri da zerbitzu publikoak “indartzearen” helburu zentralarekin. Honek aurreratu duenez, lege proiektua foru Aldizkari Ofizialean argitaratuko da azaroaren 5ean. Ondoren, alderdiek sei eguneko epea izango dute osoko zuzenketak egiteko eta beste astebete zuzenketa partzialak egiteko.

Eskuina kontra aho batez

Azaroaren 21ean osoko bilkuran proiektuaren osoko zuzenketak eztabaidatuko lirateke, halakorik egotekotan, eta abenduaren 9tik 13ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko lirateke Ekonomia eta Ogasun Batzordean. Azkenik, eta sorpresarik egon ezean, parlamentuaren osoko bilkurak abenduaren 19an bozkatu eta onartuko lituzke aurrekontuak, aipatutako bost alderdien aldeko botoekin eta UPN, PP eta Voxen aurkakoekin.