Nafarroako Gobernua prest azaldu da Ceutako adin txikikoak hartzeko; Jaurlaritzak eskatu du “beren familiekin bueltatzeko bide guztiak agortzeko”

  • Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak adierazi du adin txikikoen harrera “adostutakoa” izan behar dela, eta “finantziazio nahikoarekin eta berme guztiekin”. Gogorarazi du Jaurlaritzaren babes sistemak “bere ohiko ahalmenaren gainetik lan egiten” duela dagoeneko. Hego Euskal Herrian gurasoen zaintzapean ez dauden mila adin txikiko inguru daude.


2026ko abuztuaren 6an - 10:27
Azken eguneraketa: 12:03
Adin txikiko migratzaileak Ceutako hondartzan, Maroko eta Espainiaren arteko muga zeharkatu ondoren. RTVE.es
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ceutan (Espainia) migratzaileen etorrerak eragindako krisiak Europako zein Espainiako eskuin muturraren oldarraldia areagotu zuen berehala. Momentu honetan, eztabaida hirian gurasorik gabe dauden mila adingaberen kudeaketan dago. PPk eta VOXek hasieran ezezko borobila eman zioten haiek gobernatzen duten lurraldeetan adin txikiko horiek hartzeari. PPk gibelera egin du ordea, eta orain dio ez duela atea erabat ixten. Izan ere, jakin badaki Espainiako Gobernuak iaz onartutako Atzerritarren Legearen erreformaren ondoren erkidegoek ez dutela gaitasunik dagozkien haur eta nerabeak hartzeari uko egiteko. 

Hego Euskal Herrira ere ailegatuko dira beraz, eta erakundeak hasi dira euren jarrera finkatzen. Nafarroako Gobernu sozialistak asteazkenean baieztatu du prest dagoela adin txikiko horiek hartzeko. Hala jakinarazi dio Gizarte Eskubideetako, Gizarte Ekonomiako eta Enpleguko kontseilari Carmen Maeztuk Ceutako Hiri Autonomoko kontseilari eskudunari.

Gainerako erkidegoei bertze horrenbertze egiteko ere eskatu die Maeztuk: “Erkidego guztiok dugu erantzun partekatu bat emateko betebehar legal eta etikoa. Nafarroak Kanariekin egin zuen, eta orain Ceutarekin jarraituko du, eta gainerako erkidegoek gauza bera egitea espero du, Zuzenbide Estatuak eta haurren babesak ardura, lankidetza eta leialtasun instituzionala eskatzen dutelako”.

Jaurlaritzaren jarrera, ordea, bertzelakoa izan da; prest legoke adin txikiko horiek hartzeko, baina uste du aurrez “beren familiekin bueltatzeko bide guztiak agortu” behar direla. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak asteazken honetan erran du “kezkatu” egiten duela Ceutako krisiaren aitzinean “salbuespenezkoa normalizatzea”, hau da, “adingabeak euren familietatik urrun egotea”.

Hortaz, Melgosaren ustez, ez da “zentzuzkoa” Espainiako Gobernuaren lehen erantzuna adin txikikoak “mila kilometro baino gehiagora eramatea, inolako sustrairik ez duten lekuetara”. Kontrara, sailburuak adierazi du adin txikiko horien “banaketa” planteatu baino lehen Espainiako Gobernuak ziurtatu beharko lukeela “beren familiekin bueltatzeko bide guztiak agortu” direla, eta ahal denean, “bateratze bat baloratu” beharko litzatekeela.

Kontuan hartu behar da haur eta nerabe horietako gehienek joan den uztailaren 30ean Espainiaren eta Marokoren arteko muga bakarrik zeharkatu zutela; beraz, familiarekin berriz elkartzeak, praktikan, ihes egin duten herrialdera itzularaztea ekarriko luke.

"Migrazio plan estruktural bat"

Adin txikikoak hartzekotan, Melgosak zehaztu du euskal erakundeekin “adostua” izan beharko dela, eta “espediente osoekin, finantzaketa nahikoarekin eta berme juridiko eta asistentzial guztiekin” egin beharko dela. 

Ildo horretatik, Melgosak aldarrikatu du erakundeen arteko lankidetzak "leialtasuna eta planifikazioa" eskatzen dituela: “Ezin da aldebakarreko erabakirik hartu, ezta egitaterik gauzatu ere, erakunde eskudunak kontuan hartu gabe”. Espainiako Gobernuari “migrazio plan estruktural bat” exijitu dio, “ez soilik bakarrik dauden adingabeei zuzendutako neurriak”. 

Hego Euskal Herrian, mila adin txikiko

Melgosak azpimarratu duenez, “urteak daramatzate haurren babesarekin eta migrazio ordenatu, erregular eta gizatiarrarekin duen konpromisoa ekintzekin erakusten”. Hala ere, ohartarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako babes sistema “bere ohiko ahalmenaren gainetik” ari dela lanean.

Hego Euskal Herrian gurasoen zaintzapean ez dauden mila adin txikiko inguru daude; Bizkaian 550 inguru, Gipuzkoan 180 inguru, Nafarroan 160 inguru, eta Araban 90 inguru, hurrenez hurren. 


MIgrazio-nekropolitikak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...